GARA > Idatzia > Kultura

Duela 50 urte Altxerriko artistak azaleratu zituztenei omenaldia

Duela 50 urte, hiru gaztek bisonteen irudiak topatu zituzten Orio eta Aia artean dagoen Altxerri haitzuloan. Aurkikuntza hura gogora ekarri nahian, omenaldi eta jai berezia prestatu dute ostegun honetarako Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Oreka TX txalapartariek eta Juan Luis Goenaga margolariak performance txiki bat egingo dute eta hainbat testigantzarekin osatutako dokumental txiki bat ere ikusiko da, besteak beste.

p045_f01_199x116.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Juan Cruz Vicuñak, Javier Migliacciok eta Felipe Aranzadik 1962ko urriaren 28an topatu zituzten Altxerriko labar-pinturak. Mende erdia pasa ondoren, maila honetako aurkikuntzari merezitako omenaldia egingo diote ostegun honetan (19.30) Donostiako Victoria Eugenia antzokian egingo den galan, musika eta pintura uztartuz.

«Duela 13.000 urteko artista haiek gaur egungoekin lotu nahi izan ditugu. Ez dakigu musikarik egiten ote zuten edo zein soinu egingo zituzten», azaldu zion GARAri Juantxo Agirrek, Aranzadiko idazkari nagusiak.

Horretarako, Juan Luis Goenaga margolariarengana jo dute, bere sorkuntzarako sarri labar-artean oinarritu ohi delako. Musikari dagokionez, «instrumentu zaharrenetakora» jo dute. Oreka Tx-k harrizko txalaparta joko du Goenagak zuzenean panel handi bat margotzen duen bitartean.

Atzera begira

Altxerriko haitzuloa itxita egon zen 1956ra arte. Orio eta Aia arteko errepidea egiteko lanak hasi zituztenean, materiala lortzeko behin-behineko harrobi bat ireki zuten Altxerri baserritik hurbil eta haietako leherketa batean, kareharrian egindako zulo batek agerian utzi zuen kobazuloa. Lanak bukatzean, bere horretan utzi zuten, 1962an Donostiatik Aranzadiko espeleologoak azterketa bat egitera joan ziren arte.

Vicuñak, Migliacciok eta Aranzadik bisonte baten irudia osatzen zuten trazu beltz batzuk ikusi zituzten horma batean eta haitzuloan barneratu ahala, margo gehiagorekin egin zuten topo. Garai hartan Historiaurreko Saileko Zuzendari zen Joxemiel Barandiarani eman zioten aurkikuntzaren berri eta egiazkoak zirela baieztatu ondoren, azterketa zehatza egin zuen Aita Barandiaranek, pintura gehiago aurkituz. Geroztik, jendeari itxita egon da Altxerri eta ikerlariak baino ez dira sartu. Grabatuak eta pinturak biltzen ditu haitzuloak, baina gaur egun, hezetasuna dela-eta, pinturak ez daude oso egoera onean.

Ostegun honetako omenaldirako, egun haietan bizi izan zituzten nondik norakoak eta beste hainbat testigantza bildu dituzte protagonisten elkarrizketekin, garaiko argazki zaharrekin osatutako zortzi minutuko dokumental txiki batean.

Liburu bat ere idatzi dute, Agirreren esanetan, dibulgaziozko monografiko bat, oso grafikoa, Altxerriren ezagutza zein mailatakoa den jakiteko, pinturen azalpenak, garai bertsuko Zuberoako haitzuloekin konparazioak... Ehun orrialde inguruko «Altxerri» liburuaren egileak Carlos Galan, Alvaro Arrizabalaga, Diego Garate, Aitor Ruiz Redondo, Cesar Gonzalez Sainz, Pedro Castaños, Mari Jose Iriarte eta Eneko Sanz izan dira eta ostegunean, sarrerarekin batera banatuko zaie Victoria Eugeniara hurbiltzen diren guztiei.

Hainbat erakundetako ordezkariek hartuko dute parte omenaldian, hala nola, Blanca Urgell Lakuako Kultura sailburuak, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Igor Iturain Aiako alkateak. Ekitaldia bukatzeko, Juan Luis Arsuagak, «Munibe» aldizkariko zuzendari eta Atapuercako zuzendarikideak, Werner Herzogen «La cueva de los sueños olvidados» pelikula aurkeztuko du, ondoren 3D formatuan proiektatuko dena. Herzogek 30.000 urte egiten du atzera, Frantziako Chauvet haitzuloko pinturak erakutsiz.

Sarrerak antzokiko leihatilan eskura daitezke 10 eurotan, baitan Internet bitartez ere. Gainera, Altxerriri buruzko erakusketa ere ikusgai dago Aiako kultura etxean.

Jornadas de etnografía durante toda la semana

El homenaje es una de las actividades enmarcadas dentro de las XXXIII Jornadas de Etnografía organizadas por Aranzadi. Durante esta semana, se realizarán varias charlas en el salón de actos Kutxa de la calle Arrasate de Donostia (19.30). Esta tarde, el antropólogo Iñaki Olaizola tendrá como tema central la eutanasia, en una conferencia que ha titulado «Transformaciones en el proceso de morir: la eutanasia, una cuestión en debate en la sociedad vasca».

Mañana será el turno de Francisco Javier Castro, licenciado en Ciencias Químicas y miembro del departamento de etnografía de Aranzadi. Castro acercará a los asistentes a las canteras de piedras de molino de Euskal Herria, «un patrimonio poco conocido», tal como señalan. Para terminar, el viernes el miembro del departamento de Prehistoria de Aranzadi Jesus Tapia formulará una pregunta: ¿Qué queda de prehistórico en nosotros? Analizará qué es lo más antiguo que conserva nuestra cultura, qué parte de nuestra cultura procede de la prehistoria y la etnografía como fuente de información para la Prehistoria. A.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo