GARA > Idatzia > Kultura

Bizkaian finalaurrekoak erabakita; Xilaba finalari begira

Oihana Bartrak eskuratu zuen Zornotzan igandean jokatutako azken kanporaketan Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetara pasatzeko azken zuzeneko txartela. Horrenbestez, erabakita gelditu da zein 18 bertsolari arituko diren datozen hiru finalaurrekoetan.
p046_f01_148x95.jpg

GARA | BILBO

Azaroaren 18an Basauriko kiroldegian ospatuko den lehen finalaurrekorako txartela eskuratu zuen igandean Oihana Bartrak. Bilbotarrak 409 puntu bildu zituen Zornotzan jokatutako kanporaketan eta berak bakarrik lortu zuen aurrera egitea. Kanpoan gelditu dira, horrenbestez, Julen Erezuma (386 puntu), Unai Ormaetxea (354), Aitor Arrutia (352), Josu Gotzon (310,5) eta Asier Legarreta (298,5).

Kanporaketetatik zuzenean sailkatu direnei -Iratxe Ibarra, Ibon Ajuria, Fredi Paia, Igor Elortza eta Oihana Bartra- azken finalean kantatu zutenak batuko zaizkie orain finalaurrekoetan, baita puntuazioaren arabera sailkatu diren Gorka Ostolaza, Gorka Lazkano, Arrate Illaro, Joseba Artza eta Iñaki Iturriotz ere; hemezortzi bertsolari izango dira, hiru saiotan banatuta. Lehenengoa, esan bezala, Basaurin izango da eta Bartraz gain, Arkaitz Estiballes -egungo Bizkaiko txapelduna-, Eneko Abasolo, Gorka Lazkano, Iñaki Iturriotz eta Onintza Enbeita arituko dira.

Bigarren finalaurrekoa Durangon izango da, azaroaren 25ean, Landako Gunean. Han izango dira Arrate Illaro, Etxahun Lekue, Fredi Paia, Gorka Ostolaza Potxis, Igor Elortza eta Jone Uria.

Azkeneko saioa Gernika-Lumon izango da, abenduaren 2an, Jai-Alai frontoian, eta kantuan Beñat Ugartetxea, Ibon Ajuria, Iratxe Ibarra, Joseba Artza Urta, Miren Amuriza eta Peio Ormazabal arituko dira.

Finalaurreko bakoitzeko irabazleak zuzenean pasako dira abenduaren 15ean Bilboko Miribillan ospatuko den finalera eta gainerakoak, puntuazioaren arabera.

Saio guztietarako sarrerak salgai daude jada www.bertsosarrerak.eu atarian, baita larunbat honetan ospatuko den Xilabaren finalerako ere.

FINALAURREKOAK

18 bertsolari arituko dira hiru finalaurrekotan banatuta. Basaurin, Durangon eta Gernika-Lumon izango dira saioak azaroaren 18, 25 eta abenduaren 2an, hurrenez hurren.

XILABA

Gaur aurkeztuko dute larunbatean Baionan ospatuko den Xilabaren finala. Odei Barroso, Sustrai Colina, Amets Arzallus, Eneritz Zabaleta, Xumai Murua eta Maddi Sarasua arituko dira bertan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo