GARA > Idatzia > Ekonomia

«Lanpostuak ez galtzea da orain gure erronka nagusia»

p026_f01.jpg

Javier Goienetxea
Konfekoop-eko Lehendakaria

Lekeition jaioa 1960an, Konfekoop Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko lehendakaria da 2011tik eta zeregin horretan jardungo du lau urtez. Ibilbide luzea egin du kooperatiben munduan, 25 urte baino gehiago eman ditu Mondragon taldeko hainbat enpresatan lanean: Danobat, Eika eta Eroski, besteak beste. Egun, Erkop nekazaritza-elikadura kooperatibako zuzendari orokorra ere bada.

Iraia OIARZABAL | ARRASATE

Kooperatiben Nazioarteko Urtea dela-eta, jaialdi berezia ospatuko du Konfekoopek Durangon igande honetan. Javier Goienetxea baikor doa ospakizunera, krisiak krisi, jarduera eta lanpostuak mantentzea lortu baitute konfederazioko kooperatibek.

Ze kooperatiba batzen ditu Konfekoopek?

Konfekoopek kooperatiben federazio desberdinak batzen ditu: badaude garraio federazio bat, eta elikadura eta nekazaritza arloko beste bat. Bestalde, kontsumo federazioa dago, non bederatzi-hamar kooperatiba dauden, handiena Eroski. Gero Erkide daukagu, kreditu, irakaskuntza eta lan elkartuetako kooperatibak batzen dituena. Badaude kooperatiba txiki batzuk eta etxebizitza arloko beste batzuk kanpoan geratzen direnak. Hala ere, kooperatiba gehienak konfederazioan sartuta daude.

2011. urtean emaitza onak izan zituzten Konfekoopen batutako kooperatibek. Fakturazioa igo egin zen, eta lanpostu zein kooperatiba berriak sortu ziren. 2012a bide beretik al doa?

Bai, irailera arte 100 kooperatiba berri sortu dira. Batzuk itxi egin dira, beraz ez dakigu saldoa nola geldituko den urte bukaeran, baina kooperatiba kopurua hazi egingo da. Enplegu arloan gutxienez mantendu edo zeozer igotzeko asmoa badugu, baina goiz da esateko. Lanpostuak ez galtzea da gure erronka nagusia, horretan gabiltza buru-belarri.

Salmentei dagokienez, lanpostuak baino gehiago jaitsi dira. 2009 oso urte kritikoa izan zen, salmentak %21 jaitsi ziren eta enplegua %9ra ez zen heldu. Horrek argi erakusten du gure filosofia, ez ditugu lanpostuak kentzen azken momentura arte.

2012ak itxura oso ona dauka, errekor guztiak hautsiko ditugu kooperatiba sorrerari dagokionean. Estatu mailan, kooperatiba gehien sortzen duen erkidegoa gara.

Ze jarduera nagusitzen dira kooperatiben artean?

Federazio handiena Erkide da, Mondragon taldeak hor pisu nabarmena dauka. Azken urteetan igartzen dena da, kooperatiben sorrera arlo industrialean eta zerbitzuetan nagusitzen dela. Aldaketa hortik sumatzen da, eta etorkizunean hortik joango da. Zaila da gaur egun kooperatiba talde industrial handiak bat-batean sortzea.

Zeintzuk dituzue merkatu nagusiak?

Txinan, Indian, Errusian, Ameriketako Estatu Batuetan eta Hego Amerikan ditugu datu onenak. Kooperatiben datu orokorra hartuta, bi heren esportatzen ditugu eta lanpostuak, salmentak eta jarduera mantentzea posible egiten du horrek. Krisiaren erdian gaude, hortaz, zenbat eta kanporago joan, hobeto daude gauzak. Gehien zabaldu direnak dira enplegua sortzen ari direnak.

Nabaritzen al da azken garaian, krisiaren eraginez, jende gehiagok hartzen duela kooperatiba bat abiatzeko erabakia?

Kooperatiba bat sortzea nahiko erraza da, nahikoak dira bi pertsona martxan jartzeko eta horrek asko lagundu du. Kooperatiba txikien legea sortu zen orain dela denbora bat eta hortik aurrera jende asko hurbildu da kooperatiba bat sortzeko zer egin behar den galdetzera.

Kooperatibak nahiko ondo ari dira krisia saihesten. Hala ere, krisia luzerako doala aurreikusten da, uste duzu aurrera begira ere hala izango dela?

Guk daukagun abantaila nagusia da barne erabakiak geuk hartzen ditugula. Guk geuk jaisten ditugu soldatak, lan orduak gehitzen ditugu edo lana banatzen dugu. Horrek aukera ematen digu jendea kalera ez botatzeko. Bestalde, talde handietan langileak kooperatiba batetik bestera mugitu daitezke.

Momentu honetan eusten gabiltza. Egoera zaila da, baina uste dut aurten ere mantenduko dugula enplegua eta emaitzak iazkoak bezalakoak edo hobeak izango direla. Garraio eta eraikuntza sektoreek arazo asko dauzkate, baina oro har emaitzak mantentzen dira beste sektore batzuek eusten diotelako.

Kooperatiben Nazioarteko Urtea dela-eta jaialdi bat ospatuko duzue igandean.

Urte osoan zehar ekintza ugari egin ditugu eta igandean Durangon ospatuko dugun jaialdia da guretzat garrantzitsuena. Gu zer garen erakutsi nahi diogu jendeari eta horretarako sektore guztietako kooperatibek hartuko dute parte.

Kooperatibak oso ezagunak dira Euskal Herrian, baina gure politikariak kanpora doazenean apur bat folklorea gara, zezenak Espainian bezala. Diskurtsorako ondo, baina laguntzak ematerakoan eta legeak egiterakoan ez gaituzte kontuan hartzen.

Ildo horretatik, presentzia gehiago eskatu izan duzue adibidez, Lanbide bezalako erakundeetan.

Legeak dio enpresa erakunde ordezkatuenek bost kide izan behar dituztela, eta bostetik bostak Confebaskek ditu. Lan eta formazio eredu batean guk asko daukagu erakusteko eta emateko. Horregatik harritzen nau zenbait tokitan ez egoteak.

 

kanpo merkatua

«Produkzioaren bi heren esportatzen ditugu eta horrek posible egiten du lanpostuak, salmentak eta jarduera mantentzea»

babes gehiago

«Kooperatibak oso ezagunak dira, diskurtsorako ondo, baina laguntzak ematerakoan eta legeak egiterakoan ez gaituzte kontuan hartzen»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo