Fredi Paia Bertsolaria
Kultura esportatu
Europan euskal kulturarekiko jakin-mina dago, europar kulturaren oinarriarekin lotu baitu klase akademikoak azkenhamarkadetan. Bezero potentziala definiturik dago
Marxen hitzek erabateko aktualitatea irabazi dute azken urteetan: ekonomia da gizartearen azpiegitura. Txarto banatutako baliabide urrien mundu honetan tragedia bat dago zenbaki bakoitzaren atzean. Ekonomikoki hazi beharra ezinbesteko baldintza da neoliberalismoaren tantakako sisteman. Hau da, soilik gehien dutenek gehiago pilatuz filtratuko dira aberastasun metatu horren ogi papurrak maila sozialetan behera. Ondorioz, ezkerraren espiritu birbanatzaile klasikoa beste aldagai garrantzitsuago baten menpean bizi da, aberastasunaren sorkuntza. Zer banaturik ez badago, ekonomia guztiz berdintzaile batera hel gintezke, baina ez ditu gizartearen arazoak konponduko.
Venezuelan petrolioa dago eta, beraz, ezkerraren politika klasikoak aplikatzeko modua daukate, hain zuzen ere, zer banatua dutelako. Europan, ostera, eta Euskal Herrian, konkretuki, lehengaien ustiakuntzak ez du horrenbesterako ematen.
Historikoki industriak indar handia izan du gurean, hego-mendebaleko lurretan behinik behin. Egun, ostera, ekoizpena internazionalizatzen dabil, eta bertoko enpresen arrakastak euskal gizartearen ongizatean eragiteko gaitasuna murrizten du. Badirudi, industriaz harago, sektore estrategiko berriak beharko ditugula, zer banatua egon dadin.
Kanarietan bananak dauzkate, eta Euskal Herrian kultura dugu. Euskal kultura, hain zuzen ere. Kultura horren zati bat da Mondragon taldeak mundu osora saltzen duena, antolakuntzari dagokiona.
Kulturaren ikerkuntzan, Etnografian, Europako eskolarik indartsuenetakoa izan dugu. Eta gaur egun, Antropologia fakultateetan Malincheren madarikapena nagusi bada ere, azpimarratzekoa da gure ahozko ondarea ikertzen dabilen esperientziadun enpresa kopurua. Ez dago mundu osoan hain kilometro gutxitan hain sektore aberats eta garatua duen lurralderik. Beste gai bat da enpresa horietan lantaldeak sortu, trinkotu eta zaintzen ote dituzten, heziketa etengabea sustatzen duten, zein elkarlan gaitasun dagoen euren artean sinergia eta abantaila konpetitiboak erdiesteko, eta zelan inbertitu diren sasoi oparoetako dirulaguntzak krisi garaietan bizirik irauteari begira. Edo sasoian sasoiko sosari begirako guadiana efektu negargarria nagusituko ote den.
Kulturgintzari dagokionez, beste horrenbeste. Elkartegintzak eta diru publikoak Europa mailan sortu diren kultura enpresa handienetarikoak eratu ditu gurean. Mozorro juridikoak alde batera utzita, 50 langiletik gorako erakundeez gabiltza. Ikertu beharko genukeen arren profesionalizazio prozesu baten aurrean gauden ala soldatapekotze soila izan den. Hori urteetan zehar autofinantziazio mailan egin diren aurrerapenetan neur liteke, adibidez.
Europan euskal kulturarekiko jakin-mina dago, europar kulturaren oinarriarekin lotu baitu klase akademikoak azken hamarkadetan. Bezero potentziala definiturik dago. Iragan kolonialistaren ondoren, Europa ez da gai izan bere kultura sinbolizatu eta adierazteko. Europa batu baterantz kultura komuna interpretatzea ezinbestekoa izango da. Eta lan horretarako, gu gara onenak.