Bizardunak taldeak 60ko eta 70eko hamarkadetako folk-rockari begira egindako disko berria dakar
Rock-and-rollak zipriztindutako folk zelta dute ardatz «Ur ederra kirats infinituan» (Baga-Biga) diskoa osatzen duten hamabi kantek. Aurreko bietan bezala, hitzak zuzenak dira, eta euskal gizartea dute hizpide.
Alvaro HILARIO | BILBO
Kalean dago, jada, Bizardunak taldearen hirugarren diskoa, «Ur ederra kirats infinituan» (Baga-biga), 70eko hamarkadan Fairport Convention edota Steleeye Span bezalako talde mitikoek jorratutako folk-rock progresiboaren bidetik doan lana. Hau da, folk irlandarra nagusi bada ere, nabaria da oso bigarren diskoa grabatutakoan sartu ziren gitarra biek emandako rock-and-rollaren ukitua.
Hamabi dira disko osatzen duten kantak, horietako bi -»Necrobestialismo» eta «Omega mailua»- bertsioak. Euren estiloari zintzo eutsita, zuzenak dira hitzak: DNA, kiratsa eta «gizaki animalia» ditugu edukiak laburbiltzeko hitz egokiak.
Apustu musikala
Eiretik datozen soinuak lantzen dituen talde bati dagokion bezala, Bilboko The Dubliners taberna izan zen Bizardunak taldeak lan berria aurkezteko aukeraturiko lekua. «Hirugarren disko hau gure apustu musikala izan da. Asko landu dugu diskoa, helburua hori izan baita», esan zuen Jose Marik (ahotsa), esku artean garagardo beltzez beteriko pinta zeukala.
Gogorra, indartsua eta bizia da Bizardunek oholtza gainean eman ohi duten ikuskizuna, parranda zein dantza egiteko deia, egiten duten musika gutxiesteko baten batek erabili omen duena: «Haserretzen nau gure lana serio ez hartzeak. Azken batean, hiru dira ditugun diskoak. Zeharo ezberdinak dira estudioan eta agertokian egiten dugun lana. Musika ona egin dezakegula erakutsi nahi izan dugu», zehaztu zuen Jose Marik oraingo diskoarekin egindako lan fina gogora ekarriz. Emaitzak, beraz, agerian daude: «Folkaren indarra erabat atxikita dago, irlandarra batez ere, baina gitarra berriek rocka ekarri dute gurera», esan zuen diskoaren beharrak koordinatu dituen Baga-Bigako Ritxi Aizpuruk.
Aizpuruk berak herenegun Dabilen Elea saria jaso zuen Joxe Azurmendiren ideiak gogora ekarriz, hiru kontzeptu agertu zituen «Ur ederra kirats infinituan» diskoaren hitzak mahai gainean jartzeko: «DNA, kiratsa eta gizaki animalia dira lana ondoen definitzen duten hitzak. DNAk aldatu den gure izaera, gure nortasuna islatzen du; kiratsa dugu gure gizarteri dariona; eta gizaki animalia, egiten duguna, aurreko biei lotutako gaia dugu».
Ez dute ezer aldarrikatzen, ez eskatu, ezta proposatu ere: inguratzen gaituzten gauzetara, arazoetara, eztabaidetara gerturatu nahi gaituzte «bizardunek»: «Hitzetan azaltzen dugu gauzak nola ikusten ditugun edota nola ez ditugun ulertzen», adierazi zuen Jose Mari abeslariak. Amiantoak dakarren heriotza isila, Angel Berruetaren hilketa, Nafarroaren konkista, banketxeak eta Euskal Herrian kulturak duen tokia dituzte hizpide, besteak beste.
Bizardunak taldeak gitarra-jotzaile bi (Adolfo Alcocer eta Aitor Aldanondo) sartu zituen bigarren diskoaren ondoren, eta ordutik taldeak ikuspegi rockzaleagoa izan du. Hainbat talderen eragina dutela onartzen dute: «Euskaraz abesten dugu (hamabi kantetatik hamar dira euskaraz) baina eragin horiek ingeles folk-rocketik datoz, Fairport Convention eta Steleeye Span, hain zuzen ere». Parrandarako musika inoiz egiten duten arren, baztertzen dute `nafar-patxanga' kontzeptua euren musika definitzeko: «Ez gara eszena hartako taldeak bezalakoa, beste toki batean kokatzen dugu burua, Faces eta Poges taldeen jarrerekin». A.H.