Auzapezen Biltzarrak eta EH Bilduk bat egin dute Baionako manifestazioarekin
GARA | BAIONA
Ordezkari politiko ugari bilduko ditu larunbatean Baionan deituriko manifestazioak, ideologia ezberdinetakoak. Horren isla da Auzapezen Biltzarrak atzo emandako atxikimendua. Ohar batean zehaztu duenez, «Frantziak eta Espainiak bakea eta demokrazia era iraunkorrean egonkortzeko garaia da».
Konponbidea bultzatze aldera, Baionako karriketan presoen eskubideen alde egiteko eskatzen du Auzapezen Biltzarrak, jasotzen duten trataerak (sakabanaketa barne) beraiei ez ezik, beren senideei ere eragiten diela erantsita. Aurore Martinen atxiloketa eta Valls Barne ministroaren adierazpenak ere gogor kritikatzen dituzte auzapezek.
Nafarroa Behereko hainbat hiritar ezagunek ere manifestazioan parte hartuko dutela iragarri dute. Denetarik dago tartean: kantariak (Kattalin Indaburu, Jojo Bordagaray, Erramun Martikorena...), irudigileak (Asisko Urmeneta), bertsolariak (Antton Lucu, Mattin Irigoyen, Pantzo Hirigaray...), errugbi jokalariak (Jean Pierre Elissalde, Marc Duzan...), musika taldeak, elkarteak eta abar.
Euskal Herri kanpotik ere manifestazioari bultzada eman nahi izan diote. Sostengu tal- deek bat egin dute Lillen, Rennesen, Pauen..
Halaber, Euskal Herria Bilduko ordezkari ugarik agerraldia egin zuten Donostian, eurak ere mobilizazioan izango direla baieztatzeko. Laura Mintegi lehendakarigaiak nabarmendu zuenez, euskal gizartearen deiadarrak «duela urtebete Aieteko Nazioarteko Konferentzian zabaldu zen bidetik aurrera egin behar dela dio».
``Hurbildu bakera'' lema duen manifestazio berri honek euskal gizartearen nahia erakusten duela adierazi du EH Bilduk, eta horrek Estatu espainolak eta frantsesak egiten dutenarekin talka egiten duela gogorarazi zuen Mintegik. Bere ondoan eseri ziren Pernando Barrena, Maribi Ugarteburu, Maiorga Ramirez, Juanjo Agirrezabala, Rebeka Ubera, Asun Fernandez de Garaialde eta Amaia Agirresarobe, koalizioaren lau indar politikoetako ordezkariak, beraz.
Mintegik gogora ekarri zuenez, Aieteko bide horretan zehar ibiltzeko soberan dira atxiloketak, eta Aurore Martinena jarri zuen adibide: «Iraganekoak dira. Euskal Herrian aro berri bat zabaldu da eta bertan elkarguneak bilatu behar dira».
Testuinguru honetan kokatu zuen Mintegik Gobernuak EH Bildu berriro jomugan jarri izana. Bere ustez, prozesuan duen «utzikeria» estali nahi du horrekin.
AVTren presioa Gobernuari
EH Bildu izan zen, hain zuzen ere, Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak eta Angeles Pedraza AVTko agintariak atzo izandako bilerako gai nagusia. Ustez, presoei buruz hitz egin behar zuten, baina bilkuraren ostean Pedrazak nabarmendu zuenez, «ministroak kezka azaldu dit EH Bildurekiko, eta bere jarduna ikertzen ari direla esan dit».
AVTk EH Bilduren inguruko txostena helarazi zion ministroari, beste behin ere Gobernuari legez kanpo uzteko saiakera egin dezala eskatuz. Aukera hau errefusatu zuen PPk duela hilabete batzuk, UPyDk Kongresuan eskatu zuenean, baina atzera mahai gainean jarri dute EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarrean 21 hautetsi eskuratu ondoren.