GARA > Idatzia > Kultura

Barakaldoko Becatu jaialditzarra: arena rock... euskararena

Udazkenak musika jaialditzar berri bat dakarkigu Barakaldoko Bilbao Exhibition Center aretotzarrera. Datorren larunbatean, azaroak 10, euskaraz mintzatuko da Becatu, zazpi euskal herrietako erakusgarri diren bost talde ezin indartsuagoen hots eta eztarrietatik: Berri Txarrak, Esne Beltza, Willis Drummond, Zuloak eta Zea Mays.

p047_f01.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

70eko hamarkadaren erdialdera rockaren genero izatera iritsi zen arena rock, estadioak eta aretotzarrak betetzeko gai ziren musika taldeen eraginez. Gurean ere, erronka jaso eta esparru honetan euskarak bere zeresana duela erakutsi nahian iritsi da Becatu festibala.

Berri Txarrak da boskotean talderik pisutsuena, soinuari zein honen oihartzunari dagokionean. Lekunberrin ernaldu zen taldea 20. urtemugara hurbiltzen ari da hirukote sendo bihurtua: Gorka Urbizu ahotsean eta gitarran (taldearen sortzaileetakoa), David Gonzalez baxuan (PLT, Cobra) eta Galder Izagirre baterian (Dut, Kuraia).

Gune autogestionatu txikietan zein jaialditzarretan jotzera ohituak, aurreko gauean Hazparneko Ttattola gaztetxean jo ostean helduko da BTX Becatura. Gero, hilabete bukaerarako iragarri duten europar birari ekingo dio, azaroaren 26an Andorran hasi eta abenduaren 10ean Herbehereetan bukatu; tartean Frantzia, Italia, Eslovenia, Txekia edo Alemanian jota. «Haria» azken lana (2011, Kaiowas Records) emango dute ezagutzera, guztira hogeiren bat kontzertu hamaika herrialdetan joz, Graviton disko etxeak europar edizioa plazaratu berri duela-eta.

2011 trantsizioko urtea izan zuen taldeak, «ilun samarra», eta bizi dugun 2012a «zuzeneko urtea izango zela erabaki genuen» aitortu digu Gorka Urbizuk. Jada bi urte dira Galder bateria jotzailea taldean dela, eta hirukoteak 50 kontzertu inguru eman ditu «Haria» aurkezten, «oso sentsazio onarekin, asko disfrutatzen». Eta Becaturen ostean, «handik bi astera furgoneta hartu eta... Europa ortzimugan, atsedenik gabe egunero-egunero jotzera. Gogotsu gara!», dio gitarra jotzaileak. Baina musikariek beraiek ere ez dakite honakoa «Haria» biraren kolofoia izango den, «beste kontinente batzuk begiratzen gabiltza-eta».

«Urte polita izan da», egiten du balantzea Urbizuk. «Musikaria ez dago inoiz guztiz oporretan, ezta %100ean lanean ere», irakurri ei du nonbait, eta ados dago. «Beti zaude ideiak hartzen.. riff bat dela, melodiaren bat dela... baina ez dugu lan berri bat buruan», argitu digu halere. Momentuz BECatuko hitzordua dute, «eta bada erronka». Kartel polita dela eta gau berezia izango delakoan dago lekunberritarra. «Gure aldetik, gustatzen zaigu beti zerbait aldatzea eta setlistari begira, aspaldi-aspaldi jotzen ez genituen kantu parea berreskuratu ditugu».

Willis Drummond talde lapurtarra da, zuzenean galdatan jartzen zaituena, eta «A ala B» (Bidehuts) plazaratu berria aurkeztuko dute Barakaldon, bost urtetan berrehun kontzertu, lau estudioko lan eta zuzeneko baten ondotik. «Hobetu garela uste dut, musikalki aurreratu gara», adierazi digu Jurgi Ekiza gitarristak taldearen ibilbidea lau hitzetan laburtuta. Zuzenekotik hurbil grabatzera ohituak, «azken honekin alderantziz, saiatu gara ekoizpen lan bat egiten, anplifikagailu eta soinu ezberdinak landuz...», dio. Grabaketak Bonberenean egin dituzte Karlos Osinaga eta Iñigo Irazokirekin, eta gero Torontora bidali, Burke Reidek nahas zezan (The Dronesekin lan egin izan du). «Badu zerbait, ez dakit soinu ona dei daitekeen, baina maite dugun soinua». Ipar Euskal Herriko taldeek hegoalderantz jotzeko duten zailtasunez galdetuta, «muga existitzen da, bai» onartu digu Ekizak. «Guk aspaldi gainditu genuen, ez dugu sekula arazorik izan, baina Iparraldean Hegoaldeko taldeak potoloagoak bezala ikusi izan dira beti, eta gu talde ttipiagoak bezala. Gure taldea gutxi mugitzen da harat; nahiko genuke gehiago izatea».

Willis Drummondek lan berriko «Menperatzen dut» entzungai du jada, eta «A ala B» biniloan eskatzeko -10 euro balio du eta barruan deskarga digitala egiteko kodea darama-, aurre eskariak jasotzen ari dira, Bidehuts etxearen eskutik. Becaturekin batera azaroaren 10ean Donostiako Larratxon joko dute Muturbeltz eta Leihotikan taldeekin batera, eta gero bira luze bat abiatu (Madrid, Galizia, Londres... eta nola ez, Euskal Herrian zehar).

Fermin Muguruzaren «Zuloak» dokumentalaren babesean sortua, Zuloak hezur-haragizko hirukotea dugu orain oholtza gainean, Tania da Sousak (ahotsean), Ursula Strongek (baterian) eta Ainhoa Unzuetak (gitarran) osatua. Azken hau neskato gaztea dugu, Becatun jotzeko «irrikaz» ageri dena. Ondo gogoan du Unzuetak Zuloak egitasmora batu zenekoa. «Pentsa, nik oso ikusgarritasun gutxiko talde batean jotzen nuen, halako batean nork eta... Muguruzak deitu zidan arte!». Hirukoteak dokumentalaren bide paraleloa darama, Talka etxean lan homonimoa argitaratu berri du eta zinema festibal batetik bestera dabil, zuzenean joz eta edozein taldek amestuko lukeen bira osatuz. «Aukera ikaragarria da eta asko ikasten ari gara», onartzen du bizkaitarrak. Becatun jo aurretik, esaterako, Berlinen izan ziren iragan asteburuan eta, behin Barakaldon jo eta gero, Mexikora abiatuko dira. «Elkarrekin urtebeteko bidea egitea adostu genuen, gure eskarmenturako izugarrizko aukera dena», onartu digu Unzuetak. Eta gero zer? «Jasotako eskarmentua beste egitasmoren batean indar biziz jarriko dugu, seguru!».

Birak agurtzen

BTX taldeak Europarako bidean jartzeko ataria du Becatu, Willis Drummondek lan berria aurkeztekoa eta Zuloak-ek oholtza gainean hartzen ari den eskarmentua erakustekoa. Esne Beltzak eta Zea Mays berriz aro arrakastatsu bat ixtera datoz, bakoitza bere bira bukatzear baita.

«Freedom Tour» agurtzear du Esne Beltzak. Zigor Dz disko jartzaileak agertu digunez, «urtea oso ondo joan da, jo dugu festa ugaritan eta orain atseden hartzera... edo gauza berriak prestatzera». Birari dagokionez, «festibal politak egin ditugu eta zuzenekoak non jo zaindu, eta pozik gara»; baita gogotsu ere, azkena emateko Becatun. «Oso anitza da gure taldea, ondo moldatzen gara eta erritmo aldetik oso irekiak, oso zabalak», eta horretan datza, Dz-ren esanetan, bere arrakasta.

Behin bira bukatuta, Serrano eta disko jartzaileak berak «Gazta zati Bat» dokumentaleko soinu banda aurkeztuko dute Durangoko Azokan, eta gero, «nahiz eta musikariak ez garen inoiz gelditzen, lasaitasunez hartuko dugu eta printzipioz Esne Beltzak taldeak ez du 2013ko udan zuzenean joko». Gainera, Dz oso egitasmo berezia prestatzen ari da beste bi disko jartzailerekin batera, mixtapeak sortzeko. «Aurki emango dizuet horren berri».

Becatura bueltatuta, «nik jo nuen behin bertan Fermin Muguruzarekin -dio musikariak- 18/98 auzipetuen alde; oso berezia izan zen». Eta honakoa ere berezia izango dela dio. «Bost euskal talde, denak elkar ezagutzen dugu... guretzat subidoia izango da».

Zea Mays ere «Era» lan bikainak eman dien biraren azken kontzertuen atarian dago. «Abenduan egingo ditugu azken laurak», adierazi digu Aiora Renteria abeslariak -aurrena Londresen joko dute azaroaren 24an-. «Gero disko berria atontzen hasiko gara, 2013ko udari begira». Bilbotarrak ere, BTX hirukotearen antzera, han eta hemen ideiak hartzen dabiltza, «baina kontzertuekin ez dago denborarik eta zaila da. Beraz, gelditu beharra dugu, ideiak garatu eta kantu bihurtzeko». Horretan emango dute urtarriletik ekainerako tartea, gero uztail-abuztu partean lana grabatzeko.

Errekaldeko laukoteak pausoz pauso sendotu du bere jarduna, betiere bide berriak ibili nahian. «Saiatzen gara. Gustuko talde berriak deskubritzen ditugun heinean sonoritate berriak lortu nahi izaten ditugu, probak egin... bilatu». Eta zazpigarrena izango duten lanerako ere badituzte plan berriak, aurreratu ezinak direla dioten arren: «Guretzat oso emozionanteak dira». Egia esan, «Era» lanak beste dimentsio bat eman zion Zea Mays taldeari, batez ere «Negua joan da eta» kantuak zabaldu zuen oihartzuna dela-eta. «Guretzat gozada bat izan da, maite dugun abesti batek horrelako arrakasta izatea... guk geuk egina da-eta!».

Kontzertu andana ematen dabil Zea Mays arrakasta horri esker, eta inoiz baino jendetsuagoak. Baina Becaturi begira... «nahiz eta zuzeneko handietan parte hartu izan, beti zaude urduri», onartzen du Renteriak. «Kontua ondo prestatuta eraman beharra dago, beste talde handien artean zeure lekua izateko. Eta horretan gabiltza, tentsioz zuzenekoa prestatzen, gero agertoki gainean ziurtasuna izateko». Sortuko den giro ona aipatzean, «backstage majoa izango dugu bost taldeok batera, jai polita izango da», esanez agurtu gaitu bilbotarrak.

La escena euskaldun, ¡a por el BEC!

Un macro festival musical en Barakaldo, con bandas con pegada y un solo idioma encima del escenario. Así se presenta la cita del próximo sábado, 10 de noviembre, en el que participarán cinco de las propuestas más impactantes del (no solo) rock euskaldun: Berri Txarrak, Zea Mays, Esne Beltza, Willis Drummond y Zuloak.

BTX aborda el encuentro como un punto de partida de su inminente gira Europea y Willis Drummond, desde Lapurdi, como presentación de su reciente «A ala B»; mientras que Zuloak mostrará en escena las tablas que ha adquirido en su intensa y corta trayectoria. Por su parte, Zea Mays despide la gira de su exitoso disco «Era», así como Esne Beltza, que frenará en seco tras decir adiós a su «Freedom Tour» en el BEC.

El reto motiva, y se plantea exigente. Llenar el enorme espacio del Bizkaia Arena con cinco bandas locales, muy celebradas en fiestas y eventos populares, pero que difícilmente encuentran acomodo en las horas principales de los cada vez más numerosos festivales de Euskal Herria.

El reclamo de las bandas a concurso, es también indudable y muchas veces demostrada. Por lo tanto, ahora cabe esperar que el público responda -como en la Bertsolari Txapelketa- y que Becatu logre ser un éxito.

La fiesta comenzará a las 18.00 (apertura de puertas) y las entradas están a la venta por 17 euros, 20 en taquilla para los rezagados. Más información en www.becatu.com. A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo