GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zientzia | bigarren hezkuntza

EHU-k Geomatika eta Topografia Lehiaketa antolatu du

 

EHUko Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolak Geomatika eta Topografia Lehiaketa antolatu du lehen aldiz. Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago topografia eta kartografiari buruzko txapelketa, unibertsitateak jakinarazi duenez. Lehiaketaren helburua Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean informazio geoespaziala jaso, banatu, interpretatu eta analizatzen duten zientziak ezagutaraztea da. Aldi berean, ikasleak Geomatika eta Topografia Ingeniaritza Gradura gerturatzea nahi du, lan merkatuan duten etorkizuna eta gaitasunak ezagutu ditzaten. Titulazio hau 2010-2011 ikasturtean hasi zen Euskal Herriko Unibertsitatean, Gasteizko Ingeniaritza Eskolan, hain zuzen ere.

2012-13 ikasturtean DBHko hirugarren edo laugarren mailan, Batxilergoan edo Lanbide Heziketan matrikulatuta dagoen edozein ikaslek parte har dezake lehiaketan. Lehiakideek geomatika eta topografiari buruzko galdera erraz batzuk erantzun behar dituzte, abenduaren 20a baino lehen. Saritan bi tableta elektroniko banatuko dituzte, bata galdera gehien zuzen erantzuten dituen ikaslearentzat eta bestea parte-hartzaile gehien dituen ikastetxearentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo