GARA > Idatzia > Kultura

«Pantaila beltza operazioa», France 3 kateko «Euskal Herri» saioaren alde

Omiasainduko eta Eguberriko oporretan «France 3 Euskal Herri», Ipar Euskal Herriko berriak euskaraz eta frantsesez zabaltzen dituen albistegia, eteteko erabakia salatzeko, mobilizazioak eginen dira bihar Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako hamahiru herritan. «Pantaila beltz» egiteko -hau da, FR3 ez ikusteko- deia egin zuten atzo kultur eta gizarte eragile zein hautetsiek, eta Parisengandik jasaten duten mespretxu eta errespetu eza salatu zuten.

p045_f02.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Hamabost eguneko Omiasainduko oporrekin bat, France3 telebista publiko frantsesak iragarri zuen bezala, lekuko albiste saioak eten egin ditu. Ipar Euskal Herriari ezagupena ematen dioten egungo tresna bakanei eutsi behar zaiela aldarrikatzeko, bi elkarretaratze egin dituzte etenaldia izango zela iragarri zenetik, eta ehun bat udalek lekuko informazioa zabaltzeko gune hori mantentzeko mozioak bozkatu dituzte.

Bideraturiko ekimen horiek guztiek ez dute oihartzunik izan ez frantses Kultur eta Komunikazio ministroarengan ez France 3 telebista kate publikoko buruzagitzarengan eta, ondorioz, «France 3 Euskal Herri» izeneko lekuko emisioa mantentzearen aldekoek ekimenak indartzea erabaki dute.

Atzo, kultur, elkarte eta hautetsien ordezkariak bildu ziren Baionan, eta gai horrekin erabakitzeko ardura dutenek adierazten duten «mespretxu eta errespetu ezari» aurre egiteko mobilizatzera deitu zuten.

Hala, bihar, 19.10ean -albistegiak izan beharko lukeen orduan- «pantaila beltza» protesta ekintzari jarraiki, hamahiru elkarretaratze egingo dira. Euskararen Erakunde Publikoa eta euskara eta euskal kulturaren aldeko Herriarteko Sindikatuaren izenean, Jean Rene Etchegaray Baionako hautetsiak argi utzi zuen elkarretaratzeak «osoki udalen sostenguarekin» antolatuak direla. Iholdi, Garazi, Donibane Lohizune, Baigorri, Hazparne, Hiriburu, Senpere, Uztaritze, Itsasu, Donapaleu eta, azkenik, Baionan eginen dira ekimenak.

Baionako hitzordua

Baionako hitzorduari garrantzi berezia eman zioten antolatzaileek, bertan pantaila beltz bat irudikatzearekin batera, azken bi asteotan emisiotik kanpo geratu diren berri guztien zerrenda zabalduko baita. Ekitaldia txalapartarekin hasiko da, eta, amaiera emateko, kantari eta musikariak izango dira, «Hegoak» eta «Salbadorren heriotzean» kantuekin ekitaldia biribiltzeko.

L'Atalanteko lehendakari Jean Pierre Saint-Picq-ek, Bizi! mugimenduko kide Txetx Etxeberrik, Maialen Errotabehere kantariak, Jean Rene Etchegaray hautetsiak, eta Franck Dolosore EITBko kazetariak hartu zuten parte atzoko deialdian, eta France 3ri sostengua emateaz gain, abenduko eguberriko oporretan berriro ere astebetez berri saioa eteteko erabakia gibelatzeko aldarrikatu zuten.

«Berri saioa kentzea ezin onartuzkoa da. Bi astez itxi izana eta eguberrietan itxiera mantentzea gaitzesten dugu», aipatu zuen Dolosorek. Horrenbestez, France 3 telebista kateko buruek dirua aurreztu beharraren aitzakia eman dute, berriak euskaraz eta frantsesez ematen dituen lekuko telebista katearen etenaldiak argudiatzeko. «`Dirua aurrezteko beharra' diote, baina, txikienak kentzen dituzte, ez da murrizketarik izan Parisen», salatu zuen Dolosorek.

Hautetsien mehatxua

Etchegarayk, bestalde, France 3 Euskal Herri berri saioarekin gertatzen dena azken garaiotan Ipar Euskal Herria ukitzen duten gaiei gehitu behar zaiola nabarmendu zuen. Hautetsiak gai horrekin berriz ere Parisengandik jasandako «mespretxua» salatu zuen.

«Udaletan bozkatu diren mozioak Kultur eta Komunikazio ministroari helarazi dizkiogu, eta ez dugu inongo erantzunik izan. Euskal Herriarekiko errespetu handiagoa espero genuen», esan zuen. Eta, bukatu zuen: «Kasu eman diezaiotela gure hautetsiek mobilizatzeko duten gaitasunari. Hautetsiak bururaino joango dira gai horrekin».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo