GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Iratxe esnaola arribillaga | Informatika ingeniaria

Patenteen gerra

«Greba gogor eta garesti» betean sartuak dira mugikorren sektoreko enpresa handiak patenteen inguruan; alegia, asmakizunaren gainean asmatzaileari ematen zaion eskubide esklusiboaren gainean. Gerra honen muina aztertzen du egileak, baita bere adarrak ere. Ozen kritikatzen du, berrikuntzarako oztopoa delako eta kontsumitzaileak kaltetzen dituelako, baina era berean, soluzio errazik ez duen arazo bat dela aitortzen du, patente batzuk kentzerako beste horrenbeste sortzen direlako. Erabileran ikusten du gakoa eta adibide eredugarria ikusten du Twiter-ek erabili duen eskeman, hots, patenteak langileen defentsarako erabiltzea eta enpresaren eraso estrategiarako debekatzea.

Mugikorren sektoreko enpresa handiak patenteen guda batean sartuak daude. Ez patenteak erregistratzeko soilik, patente horien benetako helburuaren gainean baizik. Apple, Samsung, Google, Motorola, Microsoft, Nokia eta gisako enpresak dira mugikorren patenteen zurrunbilo honen eragile nagusiak. Horietatik, Motorolak ditu «funtsezko patente» gehien. Motorola da mugikor batean oinarrizkoak diren elementu gehienen patenteak dituena. Haatik, Apple eta Samsung dira, zalantzarik gabe, 2012 honetako elkarrekiko patenteen gerra gogor eta garestienaren protagonistak. Baina kaltetuena, kasu honetan ere: azken kontsumitzailea.

Applek eta Samsungek 30 demanda gurutzatu dituzte, 10 herrialde ezberdinetan, 10 auzitegitan eta 3 kontinentetan. Emaitzak ezberdinak dira leku bakoitzean. Hego Korean berdinketa izan zen epaileen sententzia, AEBetan Applek irabazi zuen eta Holandan Samsungek. Eta, noski, epaile askoren erabakia hartzeke dago oraindik.

Baina zer dira patenteak? Patente bat estatu batek asmakizun baten gainean asmatzaileari ematen dion eskubide esklusiboa da. Eskubide horren bitartez, eskubide horren titularrak soilik erabil dezake asmakizuna eta hirugarrengoek erabili nahi izatera, patentearen titularraren baimena beharko dute. Era berean, hirugarrengoak lizentzia ere onartu beharko du, printzipioz, gehiegizkoa ez den prezio batean. Adibidez, mugikor adimentsuetan, dokumentu bateko testua txikia denean, bi aldiz pantaila ukitu eta testua handitzea, patente bat da. iPhone-aren forma eta kolore zuria eta beltza ere patentatuta daude. Baita menuko ikonoak ertz borobilduak dituzten karratuak izatea. Adibide horiekin, ez gintuzke harritu beharko mugikor adimentsu batean 250.000 patentetik gora topa daitezkeela jakiteak. Hori da, hain zuzen, patenteen gerraren dimentsioa neurtzeko adierazle garrantzitsu bat.

Patenteak asmakizunak «norbaitenak» direla erregistratzeko dira eta atzean, noski, jabetza intelektualaren kontzeptua dago. Applek dio 5 urteko ikerketa eta garapena behar izan duela bere lehen iPhonea diseinatu eta garatzeko eta Samsungek bere lehen telefono adimentsua kaleratzeko, Galaxy S deritzana, hiru hilabete soilik behar izan zituela. Appleko abokatuak, hitzez hitz, honakoa esan zuen: «Samsung izan zen iPhonearen fan edo jarraitzaile handiena». Applek iPhonearen diseinu eta funtzionamenduko elementu asko patentatuak ditu, «hau nik asmatu dut eta nire baimena behar duzu erabiltzeko», alegia, eta Samsung-ek baimenik gabe eta ezer ordaindu gabe diseinua eta funtzionamendua kopiatu dituela dio. Samsungek, bere aldetik, onartzen du bien produktuen artean dagoen antzekotasuna. Baina berak patentatuak dituen zenbait teknologia ere Applek erabili dituela defendatu du. Adibidez, 3G sareak, Samsungek patentatua baitu. Honek eta hark elkar salatzen dute. Eta ez nolanahi: AEBetan, Applek 2.750 milioi dolarreko indemnizazioa eskatzen zuen, kopuru hori baitzen, euren estimazioen arabera, Samsungek Applen produktuak kopiatu ez balitu Applek berez irabaziko lukeena. Eta, era berean, Samsungen produktu batzuk merkatutik kentzeko ere eskatzen zuen. Alegia, eta laburbilduz: lehiakide zuzena hondoratzea zen benetako asmoa. Eta zerbait lortu zuen: Samsungek milioi bat dolar inguru ordaindu behar izan zizkion eta zenbait produktu merkatutik kendu.

Patenteen gerra honetan eta dagozkien salaketen oinarrian, beraz, batak besteak asmatu dituen teknologiak kopiatu eta erabiltzen omen dituela dago. Baina Applek ez ditu bere lehiakideak jarraitzen, ala? Jakina da hau: enpresa guztiek aztertzen dute merkatua, besteek zer egiten duten begiratzen dute, joerak analizatzen dituzte eta batzuetan joera horien bidean sartzen dira, etorkizuna aurreikusten badiete. Eta nola azeleratzen da bada berrikuntza teknologikoa? Hutsetik hasi beharra izango bagenu, berrikuntza azeleratu edo gelditu egingo genuke? Baina inor hasten al da bada hutsetik? Ez, noski: esaten dutenaren kontra, patenteen gerra honek ez du zerikusirik berrikuntzarekin. Eta are gutxiago bere azelerazioarekin.

Baina beste eremu batzuetan segurtasunaren izenean jarduten den bezala, patenteen gerra honetan berrikuntzaren izenean gertatzen dira eraso guztiak. Batetik, ezin da ezkutatu Apple dela mundu teknologikoan berrikuntzari garrantzia eta denbora eskaintzen dion enpresa nagusia. Baina egia da ere inork gutxik duela Applek duen gaitasun ekonomikoa berrikuntzan eta ikerkuntzan inbertitzeko.

Alabaina, arazoaren muina ez dago hor. Galderak beste batzuk dira: onargarria al da mugikor adimentsuetan oinarrizkoak diren elementu txiki horiek guztiak patentatzeko aukera izatea? Onargarria al da funtsezko erabilpena bermatzen duten elementu horien gainean eskubide esklusiboak eraikitzea? Eta are gehiago, behin patentatuta, onargarria al da patente horiek lehiakide zuzen baten produktu jakin batzuk merkatutik kentzeko erabiltzea? Onargarria al da patente horiek sektorearen gaineko kontrola mantentzeko erabiltzea, lehiakideak desagerrarazteko tresna juridiko gisa planteatuz? Bide honetan jarraitzen bada eta epaitegiek onartzen badute, mundu teknologikoa patenteen jabe diren enpresa erraldoien oligarkia bilakatuko da, non lehiakideak etengabe blokeatuko dituzten eta non azken kontsumitzailearen aukera askatasuna murriztuko den. Azken kontsumitzailea baita, zalantzarik gabe, patenteen gerra honen kaltetu nagusia. Nola eta nork uste duzue bada ordainduko dituela Samsungek Appleri zor dizkion ia milioi bat dolar horiek? Mugikorren prezioak igoz, besteak beste.

Ez da erraza patenteen arazo honen gainean soluzioak planteatzea. Baina sektore teknologikoan, berrikuntzan eta azken kontsumitzailearen gainean kalte handia sortzen ari den gerra garesti eta arriskutsua da patenteena. Horretan ez dago zalantzarik: patenteak garapenerako eta berrikuntzarako oztopoak besterik ez dira. NBE ere konturatu da, antza, gerra honek markatu duen bidetik arazoak konpondu baino arazo berriak eratorriko direla. Baina patenteak desagerrarazten saiatzea zaila bezain ezinezkoa da: urtean 100.000 patente berri argitaratzen ditu AEBetako patenteen bulegoak. Batzuk kentzerako beste hainbeste sortuko lirateke. Patenteen erabileran dago gakoa, hau da: erregistratzen den patente bat zertarako erabiliko den.

Zentzu horretan, bada adibide on bat: Twitter enpresa. Twitterrek patenteak defentsarako erabiltzea planteatu du bere langileen artean, baina Twitter enpresak erasorako erabiltzeko debekuarekin. Erasorik ez, defentsa soila. Innovators Patent Agreement deritzana kaleratu du, Berritzaileen Patenteen Hitzarmena. Funtsean, patenteak defentsarako erabiliko dira, baina inoiz ez hirugarrengoen berrikuntza blokeatzeko. Eta patentatu den ideia sortu duen langileari azpi-lizentzia bat emango zaio. Azpi-lizentzia horren bitartez, uneren batean Twitterrek erasora joko balu, langile horrek hirugarren enpresari erabilpen-lizentzia eman diezaioke (jada Twitterreko langilea ez bada ere). Zuzen ari da: langileen buruetan sortu baitira gero enpresaren izenean patentatzen diren ideia horiek. Hitzarmen horren arabera funtzionatuko dute Twitter enpresari ematen zaizkion patente guztiek. Ez da, beharbada, behin betiko soluzioa izango. Baina eredugarria da benetan. Ea beste enpresa teknologikoak ere bide berera gerturatzen diren. Twitterren «Berritzaileen Patenteen Hitzarmena» ez baita patenteen gaineko posizionamendu partikular bat: berrikuntzarako testuinguru osasuntsu bat garatzeko denentzako joko-arau batzuk markatzen ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo