Mikel Zubimendi | Kazetaria
Historikoa, memoria, aldaketa... entsaladilla
Amak prestatutako entsaladilla errusiarrarekin gertatzen zitzaidana gertatzen zait hitz batzuekin. Amorratua naiz entsaladillarako, hain amorratu ze Eguberriko afarietan-eta, arrain-zoparako edo arkumerako, edo postrerako, lepo beteta, zeharo enpalagatua bukatzen dudan. Hitz batzuek, entsaladilla bezala, oso ederrak dirudite, aitzakiarik gabekoak, erraz jangarri eta aise digeritzekoak. Baina erabiltzen hasten direnean, enpalagatu ez ezik, bere kontrako esanahia bilakatu daitezke. «N'importe quoi» esateko komenientziazko erretolika prefabrikatuan.
«Historikoa» da hitz horietako bat. Hauteskunde emaitza historikoa, holako-halako manifestazio historikoa, ETAren erabaki historikoa, Euskal Herriaren Historian egun historikoa... gehiegikeria bat ene irudikoz. Historikoa hitzarekin entsaladillarena egiteak eguneroko ohikeriara kondenatzen ditu gertaerak. Denari garrantzi historikoa emateak garrantzitsua ezer ere ez izatera eramaten baitu.
«Memoria» hitzarekin ere ber gauza gertatzen zait. Ulertzen dut talde memorialisten ugaltze esponentziala, ulertu inposatu nahi duten aldebakarreko kontakizunaren aurrean memoria osoa aldarrikatzea, egia guztia, benetako egia beritablea. Baina memoria txarra ere ez ote da beharrezkoa? Bizitzan pilatu ditugun min, kolpe eta azpijoko guztien inbentariuma egitea eta den-dena tripetara sartu eta bihotzaren geruzetan betikotzea ez dakit ba, ez dakit hori ote dugun bidea. Esan nahi baitut, «tuboeskapeak» ere behar dituela herri batek, ebakuazioa eta aireztatzea ezinbestekoa dela bizitza bera oxigenatzeko. Eta are, pertsonak bezala Euskal Herria ere inoiz zoriontsua izango bada, bi osagai ezinbesteko behar-beharrezko izango dituela: osasun ona eta memoria txarra.
Azkenik, «aldaketa» hitzarekin ere entsaladilla dabil. Aldaketarako baldintza objektiboak, aldaketarako denborak direla hauek, aldaketaren alde egiten duela gizartearen gehiengo batek... bai, ulertzen dut, baina... eta jendeak aldaketa nahi baina aldatu nahi ez badu? Aldaketa nahia eta aldatu nahi izatea ez dira gauza bera, bereziki krisi garaiotan.