GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Arantza Santesteban | Historialaria

Soldatapeko esklabotza

Zorionekoa ni, orain konturatu naiz badaukadala zer esan eta zer idatzi: jadanik badakit zer naizen, soldatapeko esklaboa naiz ni. Soldatapeko esklabo bat, hori dena eta hori baino ez

Azkenaldian barrenak shock egoeran ditudala nabil bizitzan. Hargatik, zerbait esan edo idatzi behar dudalarik, gainezka dagoen armairu baten moduan sentitzen naiz: barruan kaosa da nagusi, eta ateak irekiz gero, bada arriskua barruko guztia modu kaotiko batean hor zehar barreiatzeko. Krisi garai hauetan, soldatapeko lanaldi osoko lana lortu dut nik, eta ironikoa, lotsagabea eta kontraesankorra suertatu badaiteke ere, honek, shock egoeran nauka hasi nintzenetik.

Bai, badakit. Zorionekoa behar nuke sentitu. Goizero, bederatziak direla, nire bulegoan eseri, ordenagailua piztu eta telefonoa eskegitzerakoan hasten baita duintzen eta askatzen nauen jardunaldia. Jendartean txertatzen nauen eguneroko ariketa. Behar oinarrizkoenak asetzeko bide ematen didan zeregina. Pertsona bezala hobetzeko eta bide batez, nire barruak garatzeko. «Kaixo, egun on, Arantza Santesteban nauzu eta...», horrela hasten da arratsaldeko seiak bitarte luzatzen den eguna, astelehenetik ostiralera .

Bai, badakit. Etxetik lanera eta lanetik etxera. Nire gurasoen moduan eta aiton-amonen antzera. Gure ondorengoentzako nahiko genukeena. Zorionekoa ni, garai hauetan, eta nik, hara ze pagotxa. Aprobetxatu behar dut. Ezin dut halako aukera pasatzen utzi. Goizero-goizero, kafea egiten den bitarte horretan, dutxa hartzeko erabiltzen dudan momentu berean, neure buruari etengabean errepikatzen diot honakoa. Lanetik etxera, edo etxetik lanera. Ze askotan kontua galtzen dut eta jadanik ez dakit zein den tokatzen den bidea, joanekoa edo itzulerakoa, astelehenetik ostiralera, edo ostiraletik astelehenera. Eta berriro «Kaixo, egun on, Arantza Santesteban nauzu eta...».

Edo ez, ez dakit. Ez dakit zer esan, eta ez dakit zer pentsatu. Lana daukat, ala lanak nauka? Zer eta, zer naiz ni? Jendeak ez al dauka zalantzarik? Inori galdetu, eta hara ba, ni irakaslea naiz, edo medikua edo... eta zer naiz ni? Egiten dudan hori, hala egiten nauen hura? Eta duden artean, ezbaietan galdurik, bederatziak dira berriz, eta «Kaixo, egun on, Arantza Santesteban nauzu eta...». Egunak hasi, egunak bukatu, asteak joan eta asteak etorri. Alabaina soldata, hilean behin bakarrik.

Eta zer nahi duzu ba? Kolperik jo gabe bizi? Lana egin behar da! Ezin zara ametsetan bizi, zerbait nahi duenak zerbait egin behar du! Baina zer nahi dut nik? Galdetu al dit ba nehork? Galdetu al diot ba neronek neure buruari? Eta bien bitartean? Geroko uzten dugun hori, iristen al da noizbait? Dutxatik irten, kafea hartu eta bederatziak dira berriz, bihar pentsatuko dut zer izan nahi dudan, gaur lana daukat eta.

Egunak hasi, egunak bukatu. Asteak etorri eta asteak joan. Paseoan nindoala irakurri nuen behin Bartzelonako pareta ilun batean hau zioen margo bat: esklabotza ez da bukatu, soldatapean jarri besterik ez dute egin. Zorionekoa ni, orain konturatu naiz badaukadala zer esan eta zer idatzi: jadanik badakit zer naizen, soldatapeko esklaboa naiz ni. Soldatapeko esklabo bat, hori dena eta hori baino ez. Askatzen nauen eta duintzen nauen esklabotza topatu dut behingoz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo