Baionako gotzaina buru, 70 kristauk larunbateko manifestaziora deitu dute
Herrirak preso eta iheslarien eskubideen alde deitutako manifestazioa jasotzen ari den atxikimendu zaparradari Baionako apezpikuarena eta beste 70 kristaurena gehitu zaizkio. Hegoaldetik datozen «pertsonen joan-etorri askea» errespetatuko dela espero dute antolatzaileek.
Arantxa MANTEROLA |
Atxik Berrituz giristinoen kolektiboak «Euskal Herrian bakea lortzearen alde» izenburua duen agiria kaleratu zuen atzo. Horren bidez azaroaren 10eko manifestaziora deitzen dute. Marc Aillet Baionako apezpikuak berak zabaltzen du 70 izenpetzaileen zerrenda.
Beste pertsona ezagun batzuen izenak ere agertzen dira, horien artean dira, Jacques Gaillot gotzaina, Jean Haritschelhar euskaltzaina, Xipri Arbelbide kazetari eta idazlea, Monique Larran-Lange Baionako zinegotzia, Peio Ospital abeslaria eta Mixel Oronos Euskal Konfederazioko lehendakaria. Fededunak, Herriarekin apez taldeak eta Herria 2000 Elizak ere sinatu dute agiria.
Euskal Herrian «bakearen alde diharduen ororen eta nazioarteko komunitatearen ahalegina» nabarmenduta, «herritar guztiena ere» beharrezkoa dela deritzote. «Fededun» diren aldetik, «erlijio ezberdinek herri honetan bakea egiteko lagundu» dezaketen uste osoa azaltzen dute idatzian, «sinestunen konpromisoa premiazkoa» dela adierazi aitzin. Horren haritik, «erlijio orotako fededunak, baita gure arduradun erlijiosoak ere bakearen alde engaiatzera» dei egiten dute.
«Presoen, iheslarien eta beren familien, eta gatazkaren ondorioz izandako biktima guztien (izan ETA, IK, talde parapolizialak edota Estatu terrorismoa deitu beharko litzatekeenak eragindakoak) estutasuna» aitortuta, «berreraikuntza humanoari» ekitera gonbidatzen ditu ardura politikoak dituztenak ere. Ildo horretatik, ideia horiekin bat datorren orori larunbateko manifestazioan parte hartzera dei egiten diote.
Marra gorria
Herrira mugimenduak, bestalde, mobilizazioa «arrakastatsua» izango dela uste du, besteren artean, «egungo testuinguru politikoagatik», joera askotariko ordezkari eta hautetsien aldetik, baita erakunde eta gizarte-taldeetatik jasotako ehunka atxikimenduengatik eta, nola ez, «euskal jendartea gatazkaren ondorioak lehenbailehen konpon daitezen mobilizatzen ari delako».
Gainera, Manuel Valls Barne ministroaren azken adierazpenek eta Aurore Martinen Espainiaratzeak «Euskal Herriak bizi duen defizit demokratikoa» agerian utzi dutela irizten diote.
Hala, «larunbatean aukera paregabea dugu Parisko jaunttoei marra gorria gainditu dutela eta bakerantz joan nahi dugula erakusteko» adierazi zuten atzo Baionan Gabi Mouesca eta Emilie Martin Herrirako ordezkariek, mobilizazioaren gorabehera tekniko batzuk azaldu aitzin.
Kezka «mugagatik»
Hego Euskal Herritik 60 bat autobus eta ibilgailu andana espero dituzte. Alabaina, Herrirako bozeramaileak kezkaturik agertu ziren haien joan-etorri askearen eskubidea errespetatua izango ote den zalantza dutelako: «Beldur gara `muga' pasatzeko jar ditzaketen trabengatik. Horregatik eskatzen diegu agintari frantsesei libre ibiltzeko eskubidea errespetatzeko». Eskubide hori urratua ez dela egiaztatzeko, begiraleak jarriko dituzte pasabideetan.
Bestalde, antolatzaileek ohar garrantzitsu bat nabarmendu zuten bereziki: «Nabarmendu nahi dugu manifestazioa 15.30ean puntu-puntuan hasiko dela Euskaldunen plazatik, San Andres plazan amaitzeko. 17.30tik goiti Xilaba bertsolari txapelketako finala izango denez, jendeari bertara joateko aukera ez trabatzeko egiten dugu Baionara tenorez iristeko dei hori».
Manifestaldia presoen senideek irekiko dute, iheslarien kolektiboko kideak atzetik dituztela. Ondotik, Ipar Euskal Herriko gizarte-mugimenduetako eta kulturako hainbat pertsona ezagunek eutsitako pankarta bakarra joango da.
Manifestazioa amaitu eta berehala Xilaba bertso txapelketako finala hasiko denez, garaiz iristeko deia egin dute espresuki: «Manifestazioa 15.30ean puntu-puntuan hasiko da Euskaldunen plazatik».
Estatu frantseseko Giza Eskubideen Ligak (LDH) eta Giza Eskubideen Ligen Nazioarteko Federazioak (FIDH) gutuna igorri diote François Hollande presidenteari Aurore Martinen estradizioaren harira.
«Legearen indar faltsuaren» erakustalditzat jota, Estatu frantsesean legezko diren jarduerengatik Espainiaratu izana «eskubide-estatuaren inkoherentzia» dela salatzen dute bertan. Alde juridikotik harago, euskal militantearen estradizioa «egungo egoeran» gertatu izana are «ulergaitzagoa» egiten zaiela diote, «Gobernu espainola eragile guztiekin, baita alde frantsesekoak ere, elkarrizketa politikoa has dezala eskatzera» deitu aitzin.
Bestalde, herenegun gauean Valls ministroak Asanblea Nazionalean «polemika gelditzeko» eskatu zuen bitartean, atzo, Parisen, Christiane Taubira Justizia ministroak ez zuen adierazpenik egin nahi izan kazetari batek Martini buruz galdetu zionean. «Aurrerago izango dut hitz egiteko aukera», esan zuen.
Colette Capdevielle PSko diputatuak, berriz, Kanpo Aferetako ministro Laurent Fabius interpelatu duela iragarri zuen, «justizia espainolak auzitegi frantsesen erabakiak ez errespetatzeagatik». A.M.