GARA > Idatzia > Euskal Herria

Askapenak Altsasun 25. urteurrena ospatzera gonbidatu ditu herritarrak

p019_f02.jpg

Maider IANTZI |

Larunbatean Baionan izanen den presoen eskubideen aldeko manifestazioari babesa ematearekin batera, Askapenak bertze hitzordu baterako deialdia egin du egun horretarako. «Borroka internazionalista gauzatzeko tresna» sortu zenetik mende laurdena bete dela ospatu nahi du eta kontzertu eta jolasez betetako egunaz gozatzera gonbidatu ditu herritarrak. Jaiaz gain, hausnarketa ere eginen dute Altsasun antolatu duten ekimenean. Eguerdirako «ezustez betetako» ekitaldia prestatu dute.

11.00etan hasiko da egitaraua ongietorriarekin eta Irrien Lagunekin. Bazkaria, Rojo Cancionero eta «Herriak Gora» martxa izanen dira, eta Obrint Pas, Vendetta, Los Zopilotes eta Txirriaos taldeen emanaldiak.

Hau guztia aurkezteko, hainbat eragile elkartu ziren atzo Donostiako Koldo Mitxelenan: Bilgune Feminista, Alternatiba, Elkartzen, Euskal Herrian Euskaraz, Etxerat, Herrira, Ikasle Abertzaleak, gazte mugimendua, ezker abertzalea, LAB, Bai Euskal Herriari eta Ahaztuak. Denen izenean, Itsaso Lekuona Askapenako kideak testu bat irakurri zuen, oraingo egoerari, iragandakoari eta egiteko dagoen lanari erreparatzen ziona.

«Euskal Herriaren eraikuntza nazional eta soziala internazionalismotik elikatzen jarraitzeko» lehen adina arrazoi dituztela azaldu zuen Lekuonak, herritarrek hainbat hamarkadatan lortutako eskubideak «sistematikoki deuseztatzen» ari direlako. Baina honi erantzunez, herriak borrokan ari direla eta Euskal Herrian ere askapen prozesua aro berri batean kokatzen dela ikusten dute, eta Askapenaren izaera eta egitekoak definitu dituzte, «joan-etorriko elkartasuna bilatu eta gauzatzeko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo