Emakume idazleen Donostiako topaketak 25 urte beteko ditu hil honetan
GARA | DONOSTIA
Emakume Idazleen XXV. Topaketak izango dira Donostian azaroaren 14an eta 15ean, eta Naiara Sampedro Donostiako Udaleko Berdintasun zinegotziak eta Luisa Etxenike topaketen koordinatzaileak aurkeztu zuten atzo urte honi begira antolatutako egitaraua.
Aurreneko egunean hitzaldiak eskainiko dituzte Annette Pehnt idazle eta kritikari alemanak eta Latifa Labsir idazle eta ikerlari marokoarrak; aurrenekoa 18.00etatik aurrera izango da, eta bigarrena 19.30ean, San Jeronimo kaleko kriptan.
Halaber, ospakizun festa egingo dute ekimenaren 25. urteurrena ospatzeko. Hortaz, donostiar guztiak gonbidatuta daude azaroaren 15ean, arratsaldeko 19.00etatik aurrera, Udalbatzan egingo den ekitaldira. Bertan, hainbat lekukoren adierazpenen bidez topaketen laburpena egiten duen bideoa ikusi ahal izango da. Naiara Sampedrok nabarmendu zuen aurtengo edizioa berezia dela: «Azken 25 urte hauetan asko eta asko izan dira gure hiritik pasa diren emakume idazleak, eta euren hitzen eta hausnarketen bidez literaturaz eta oro har munduaz dugun ikuspegia aberastu dute».