Julen MURGOITIO
Hipokrisia, krisia baino
Nire ohiko egunkarietako ekonomia orriak gero eta gehiago erabiltzen ditut, aitor dut. Burtsako indizeen apologia lizuna diren orriei komunean ematen diet erabilera, goizean goiz, birziklatu ezinezko papera denez. Gaurko ekonomiaren erraiak ulertzeko argibidea ematen duten orriak, ostera, bururako noranzkoan ipintzen ditut, hausnartzeko gai, batzuetan komunean ere bai. Hortaz, banuen gogoan bankuei buruz gogoetaren bat egiteko. Izan ere, ikusgarria da azken urte hauetan bankuek tamainaz handitzeko duten sukarra. Handiak behar, handiagoak, gero eta gehiago, mugarik ez duen handitzea. Tamaina kontua omen! Euren merkatuko bide luzeak sexu-azokak hartuko balituzte bezala, handi badaezpada ere. Esperma-bankua pasatu zait burutik halako batean. Odol-bankua ere, burutik pasatu, are gehiago lagun horrena gogoan. Une honetan arrisku benetakoa zoruaren prezioan ez, baizik eta etxebizitza bateko leihoaren ertzean den seinale. «Kanpora begiratzeko leihoak», oraingoak. Hurrengo zinemaldian ikusteko aukera ote?, administrazio kontseiluren baten esku egongo ote? Bestean bezala fikziorik ez; hezur-haragizko protagonistak, eta eszena batzuetan heriotza benetakoa, estrarik ez. Gorria, benetan gorri. Alegiazko irudirik ez, hortaz. Gogorra. Adierazgarria oso. Hipokrisiaren leihoak zabal, parez pare. Ezintasuna ahalezko bihurtu behar, ezinbestean, ikusle hunkitu hutsa ez geratzeko. Ahalmena garatu, ahazmena nagusitu ez dadin.
«Etxebizitza» esaten da, erraz gainera ahora ekarri. «Bizitetxea» ere bai, hiztegian, pareko bailiran. Dudan nago ni, etxea ala bizitza, funtsa zein den eta zein beharko. Edozelan ere, gaur gaurkoz, etxebizitza heriotza-etxe izan daiteke, izana da. Hiztegiak honelaxe agertzen du etxea zer den, «gizakia bizitzeko prestatzen den eraikina». Esaten ez duena da zeinek eta zein baldintzatan prestatzen duen etxea, hots, maileguan utzi. Nork-nori-zor. Bankuak etxejabe dira, besteak etxegabe utzita. Hortaz, etxekalte dira bankuak, edo bank-ak, eta bankariak. Jaun eta jabe, oraingoz. Kreditua dute banketxean kredo, gurutzea besteen lepo utzita. Horien argazkiak beharko aireportuetako horma-irudietan ikusgai, eta handi, oso handi, gero eta handiago: finantza-trafikatzaileen kartela. Eta leihoen ertzetan jarri, ez argazkiak, lurrikara jatorren esku.