Pello Zubiria 2012/11/5
Aurore Martinen prezioa
argia
Zuberoan flipaturik egon behar dute, Maulen hedexuriek kontrolean harrapatu eta Bidasoan Guardia Civilari entregatu. (...)
Telesforo Monzon, Txillardegi eta beste askok Parisi Petainen Frantzia colabo hura oroitarazten zioten Hegoaldeko iheslariak Madrili oparitzen hasi zenean. Vichy zikinok. Aldiz, denborak erakutsi zuen Giscard d'Estaingek bezala François Mitterrandek espainiarrei oparitu ez baina ondo kobratuta entregatzen zizkietela, tren batzuk oraingoan, ziento erdi bat tanke hor, hartu'idazu dozena bat abioi eta mintzatuko gara...
1985ean Pakito Lujanbioren hezur gosegrebatuz pagatu zieten. Hexagonoko jendeen haserreari PSek pixa egitea ez zitzaion merke aterako Felipe Gonzalezi, Parisko egunkari handien hemeroteketan gorderik behar dute orduko erreakzio, protesta eta istiluek. Pakitoren trukean erositako makinak honez gero herdoilduak izango zaizkie espainiarrei, baina Hernanikoak Herrera de la Manchan segitzen du.
Aurore Martinen kiloa proportzioan 1985eko Lujanbiorena bezain edo garestiago pagatu beharko zion Rajoyk Zuberoako pastoralen hain maitale den Hollanderi. Flakiak jotako bankuren bat oso-osorik? Abiadura handiko trenaren ibilbidean moldaketa? Espainiako militarrek atzeratuta dauzkaten zorren batzuk kitatzea?