Iñaki Petxarroman 2012/11/6
Oxigenoa
berria
Salbazioa, oxigenoa da abiadura handiko trena eraikuntza enpresentzat. Horixe adierazi du Josu Benaito Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendariak Legorretako obretara egindako bisitan. AHTa ekonomiarentzat eta enpleguarentzat ezinbestekoa dela ere berretsi dute Jaurlaritzako ordezkariek, eta orain arte bezain sendo jarraituko dutela lanekin.
Oxigenoa ematen die eraikuntza enpresei erakunde publikoen zorpetzeak. Gogoratu besterik ez dago Adifek dagoeneko 9.000 milioi euroko zorra duela kitatzeko. Mekanismo borobila da. Denon ondare den natura euskarri moduan hartuta, erakunde publikoek amildegiaren ertzean jartzen dute euren burua, eraikuntzaren lobby-aren interesei erantzuteko.
Eta Ferrovial, FCC, ACS, Acciona eta beste hainbat enpresa oxigenoz betetzen diren heinean, ospitaletako bonbonak husten ari dira betetzeko dirurik ez dagoelako. Agintariek argi dute bidea. Baina herritarrek zeinentzat nahi dute oxigeno apurra, ospitaleko gaixoentzat edo enpresa erraldoientzat?