GARA > Idatzia > Kultura

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Gaua amonarenean

p052_f02.jpg

Xabier ETXANIZ ERLE

Iratiren amona aspalditik ari zaio galdezka edo eskean bere etxera joateko lotara. «Gaur arrautza frijituak ditut afaltzeko, patata frijitu piiiiillooo batekin» proposamenaren ondoren, Iratik amonaren gonbidapena onartu eta iluntzean platera garbi-garbi utzi du, «harrikoan garbitu beharrik gabe».

Leire Bilbao eta Eider Eibarren artean kontaturiko istorio hau Iratiren gau nahiko magiko horren kontakizuna dugu; amona afaldu bezain pronto lo geratuko da eta Irati ez da logale eta hainbat kontu asmatuko ditu lo hartzeko. Izarekin burua estali, argiak trabarik ez egiteko; ardiak zenbatu, izarrak… azken hauek balkoian; Irati, asperturik, balkoira irten baita Xixtrinekin, amonaren katuarekin alegia, eta balkoian, kaiola batean dagoen kardantxiloaren ondoan izarrei begira dago. Eta horrela, abiapuntu sinple horretatik abiatuta, irakurleak suma dezake hiru lagun horien artean saltsa izango dela, katua eta kardantxiloa ez baitira elkarrekin ongi molda daitezkeen animaliak. Gainera, egoera korapilatzeko balkoiko atea itxi da, haizeak itxi du eta barrutik bakarrik irekitzen denez Irati, kardantxiloa kaiolan bezala, harrapaturik dago.

Kontakizunean zehar Iratiren gogoetak eta ekintzak tartekatzen dira, modu naturalean. Beldur eta ikararik gabe egoerari aurre egiten dion neskatilaren narrazioa dugu honakoa, eta horren ondoan, edo horrekin batera, irudien bidez transmititzen zaigun sentsazioa ere lasaia dugu, larritasunik gabeko egoera batena; testua eta irudia tonu berean, biak elkarren osagarri.

Istorio xume eta atsegina dugu “Gaua balkoian” hau; irakurtzeko eta kontatzeko aproposa, ikusteko egokia; haurrei kontatu ondoren Iratik bezala beraiek ere irudimenari atea irekitzeko, jolasteko, gozatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo