GARA > Idatzia > Ekonomia

Portugalen etorkizunaren beldur dira, troikaren neurrien aurrean

Portugalen Troikak ezarriko dituen neurrien beldur dira. Datorren urtean, errenta zergaren igoera eta pribatizazioan areagotzea iragarri dituzte. Alta, dagoeneko soldaten jaitsierak eta ongizate estatuaren zerbitzuen murrizketek dezente kaltetu dute portugaldar arrunten bizimodua, eta pobrezia nabarmen hazi da. Lanpostua dutenak aurrezten saiatzen dira eta langabe asko gosea pasatzen ari da.

p022_f02.jpg

Mikel GOÑI | LISBOA

Portugesez «erreskate» hitza resgate esaten da, eta ekonomia alorrean ere erabiltzen dute. Hala ere, ez da maiz entzuten den hitza. Ohikoagoak dira troika, desemprego (langabezia), corte (murrizketa) eta antzekoak. Horiek erakusten dute portugaldarrak zerk kezkatzen dituen: pobreziak, lanak eta etorkizunak. Horien aurrean, ordea, Gobernuak datorren urteko aurrekontuan barneratu ditu, besteak beste, gastu sozialaren gutxitzea, hezkuntzaren garestitzea eta zergen igoera.

Portugalgo gizarte ekintzaileek, datu berriagoen faltan, 2006ko datuak erabiltzen dituzte beraien azalpenetan. Horien arabera, portugaldarren %18 pobrezian bizi dira; hala ere, gehiago direla argi uzten dute. Eskola irakaslea eta Sindicato dos Profesores do Norte-ko kide da Abel Macedo. Berak dioenez, pobreziak gora egin du ikaragarri azken urteetan. «Egunean hirutan jaten ez duen jendea dago; krisiaren gorriena azken bi urteetan gertatzen ari da, eta datorrena horrelakoa izango dela aurreikusten dugu».

Horren aurrean jendea beldur handiz ari da jokatzen. «Zerbait duena aurrezten saiatzen ari da, kontsumoa arrazionalizatzen saiatzen ari dira; baina, langabe asko gosea pasatzen ari da». Krisia orokorra da, enpresa handiek zein herritar arruntek pairatzen dute. Hala ere, ñabardura egiten du sindikalistak. «Enpresek, gutxiago bada ere, irabazten jarraitzen dute, baina langabeek eta prekarietatean lanean ari direnak oso gaizki pasatzen ari dira».

Soldata jaitsierak, zergen igoerak eta ongizate estatuaren zerbitzuen murrizteak portugaldar arrunten bizimodua aldatu dute. Besteak beste, asko dira unibertsitate ikasketak utzi behar izan dituzten ikasleak. Minhoko Unibertsitateko ikasleen elkarteko lehendakariordea da, eta kezkatuta azaldu da egitate horregatik. «Datu zehatzik ez dago, baina diru faltagatik ikasketak uzten dituen ikasle asko dago, eta, horrez gain, beste askok ikasketak lanen batekin uztartzen hasi behar izan dute eta horrek emaitza akademikoetan eragina izango du».

Krisiak irakaskuntzan izango duen eragina harago doa; izan ere, goi mailako ikasketa zentro publikoei Lisboako Gobernuak emango dien diru kopurua ere murriztuko da.

Pedro Passos Coelhok gidatzen duen Gobernuak joan den astean egin zuen bere aurrekontuaren aurkezpena. Dokumentu horrek unibertsitateei egindako diru ekarpena, batez beste, %9,4 gutxituko duela dio. Errektoreen batzarrak, lehen aldiz, aho batez hitz egin du honen inguruan, eta egitasmoa salatu du. «Gogoratu beharra dago 2005 eta 2012 artean gure aurrekontuetan 144 milioi murriztu direla, eta 2013an murrizketa 200 milioira irits daitekeela».

Horren guztiaren arriskua nabarmendu zuen Antonio Cunha Bragako Minhoko Unibertsitateko errektoreak ikasle, irakasle eta langileen aurrean egindako agerraldian. «Portugalen etorkizuna arriskuan dago, hezkuntza eta prestakuntza suntsitzen ari dira aurrekontu horrekin».

Horiek, ordea, ez dira datorren urterako Passos Coelhoren Gobernuak iragarri dituen neurri bakarrak. Portugaldar guztiek nabarituko duten errentaren gaineko zergaren igoera urtarrilean sartuko da indarrean. Izan ere, orain arte batez bestekoa %9,8koa bazen ere, 2013an %13,2 ordaindu beharko dute. Macedo sindikalistak dioenez, «hori eromena da, horrek kontsumoaren moteltzea areagotuko du». Horren aurrekaria ekarri du gogora. «BEZaren igoerarekin okerra egin zuten, eta gutxiago biltzen ari dira; baina, ez hori bakarrik, horrez gain, ostalaritza suntsitu zuten BEZa %13tik %23ra igo zutenean».

Troikaren errezeta

Orduko igoerak bi erantzule ditu; batetik, Lisboako Gobernua, eta bestetik, troika deritzotena. Nazioarteko Diru Funtsak, Europar Batasunak eta Europako Banku Zentralak osatzen duten hirukoak 2010ean onartu zuen 78.000 milioi euroko laguntza ematea Portugali. Erreskatearen truke, dirua bueltan emateaz gain, erakunde horiek agindutako neurri ekonomikoak ezarri behar ditu Gobernuak. Datorren urterako, errenta zergaren igoeraz gain, defizit publikoa murriztea lortzeko Estatuarenak diren hainbat enpresa saldu beharko dituzte. Pribatizazio prozesu horretan egongo dira, besteak beste, orain arte kudeaketa eredugarria izan duten Portugalgo aireportuak, bai eta trenbideak ere.

Hain zuzen ere, ostiralero erabiltzen ditu Pedro Marquesek Porto eta Braga arteko trenak. Lana dela-eta, emaztea eta bera bananduta bizi dira astean zehar. Marquesek ingeniaritza ikasi zuen, eta bukatutakoan asko kostatu zitzaion lana aurkitzea. Bere alorrean aurkitu ez, eta familiaren bidez topaturiko jardunean hasi behar izan zuen gasolindegi batean. Bere emaztearengandik 60 kilometrora bizi da autorik ez duelako eta bere ordutegiengatik Porton gelditu beharra duelako. «Ez naiz autoa erosten ausartzen, auskalo zenbait denbora iraungo didan lanak. Etorkizunak beldurra ematen dit».

Minhoko Unibertsitatean Ekonomia Publikoko irakaslea da Francisco Carballo galiziarra. Portugalgo krisiaren gordina eta Espainiakoa alderatzen ditu, eta alde nabarmenak ikusten ditu. «Portugalgo familiek kreditu asko eskatu zituzten; familien zor nagusia kontsumoarekin lotua dago; hori dela eta, hemen ez da horrenbeste etxe-kaleratze gertatzen ari». Bere ustez, Portugalgo ekonomiak berregituratze handia behar du, eta 2013 hori planteatzeko urtea izango dela dio. Hausnarketa horretarako, ordea, Gobernuak mahai gainean badauka plan zehatz bat. Troikak proposaturikoa: defizita murriztea eta Estatuaren erreforma.

Bi horiek, ordea, Gobernuak egiten duen gastu sozialaren gutxitzea ekarriko dute, krisiaren aurkako borrokaren izenean. Aurreko guztia dela-eta, Marquesek zera dio: «Krisia? Ze krisi? Beraiek krisia zer den ez dakite, langabezian egotea, krisia mahaian jatekorik ez izatea da, eta hori konpontzeko biderik ez dute».

Carballo ekonomialariak azaldutakoaren arabera, Portugalek daukan arazo ekonomiko larrienetakoa produktibitate falta da, batez ere industria alorrean. «Gobernuak ikusi du nazioarteko krisi honi hobekien aurre egin dioten eremuak industrian oinarria dutenak direla.

Hor dago, esaterako, Euskal Herriaren adibidea. Hori dela eta, horri ekiten ari zaie, eta hobekuntza batzuk ikusten ari dira». Nuno Costa ehungintzako langile ohia, berriz, ez dago horrekin ados. «Nik kontrolatzaile postua nuen, eta soldata ona, lasai bizitzekoa. Nire adineko jendea botatzen ari dira, eta gure ordez jende oso gaztea eta oso soldata kaskarrekin sartzen ari dira; horrela ari dira produktibitatea areagotzen».

Langabezia

«Egunean hirutan jaten ez duen jendea dago; krisiaren gorriena azken bi urteetan gertatzen ari da, eta datorrena horrelakoa izango dela aurreikusten dugu», nabarmendu du Macedok

144 milioi gutxiago

Passos Coelhoren esanetan, «gogoratu beharra dago 2005 eta 2012 artean Portugalgo aurrekontuetan 144 milioi murriztu direla, eta 2013an murrizketa 200 milioira irits daitekeela»

PRODUKTIBITATE FALTA

Portugalek daukan arazo ekonomiko larrienetakoa produktibitate falta da, batez ere industria alorrean. «Gobernuak ikusi du nazioarteko krisi honi hobekien aurre egin dioten eremuak industrian oinarria dutenak direla», adierazi du Francisco Carballo ekonomialariak

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo