GARA > Idatzia > Ekonomia

«Zergak igo, soldatak jaitsi, langabezia... aldatu ezean, hori da etorkizunean ikusten dudana»

p022_f03.jpg

Julio Figueiras
Kale-saltzailea

Langabeziari aurre egiteko jarri zuen gaztaina postua Julio Figueirasek. Hala ere, uste baino makalago doakio negozioa. Udalak ezarritako baldintzak gogortzat jotzen ditu saltzaileak, are gehiago ekonomiaren moteltzeari gehituta. Kalean gertatzen dena behatzeko talaia da bere lanpostua. Handik krisiaren ondorioak bertatik bertara bizi eta ikusten ditu.

Bizitza osoan han-hemenka ibili den arren, duela bi urte galdu zuen Julio Figueirasek (Porto, 1965) bere «ganorazko» azken lana.  Aurtengoa gaztainak saltzen emango duen bigarren negua izango da. «Kalean saltzea lan zaila da, jendeak diru gutxi baitauka poltsikoan». Portugalgo iparraldeko hiri handi eta turistikoa da Porto, eta bizimodua bisitariei esker ateratzen duela dio saltzaileak. «Horiek ere, gero eta gutxiago dira, batez ere espainiarrak». Arratseko sei eta erdiak dira, eta Portoko kaleetan barrena jende asko dabil gora eta behera; hala ere, Figueirasek ez du arazo handirik tartetxo bat hartu, eta solasalditxoa egiteko. «Oso bezero gutxi dabil».

Giro hotza dago eta gaztaina sasoia hasi berria da. Hala ere, bezero gutxi duzu postuan.

Bai, oso gutxi. Kalean saltzea lan zaila da, jendeak diru gutxi baitauka poltsikoan. Une txarrean hartu nuen postua. Hain zuzen ere, hau bigarren urtea da.

Portugal pairatzen ari den egoera ekonomikoa ikusita, zergatik erabaki zenuen postua jartzea?

Duela bi urte galdu nuen izan dudan azkeneko ganorazko lana. Lantegi batean egiten nuen lan, baina salmentak jaisten ari zirela-eta, langileon erdia kaleratu gintuzten. Handik gutxira itxi zuten fabrika. Ni beti ibili naiz han-hemenka. Lan bat utzi eta beste batean hasi. Horren ondoren, ordea, ez nuen ezer aurkitzen eta gaztaina-erre negozioa uztekoa zen gizon bati erosi nion.

Ondo al doakizu?

Oso zaila izaten ari da; bezero gutxi, eta polizia denbora osoan gainean dugu. Salmenta baimenen kontura datozkigu. Oso garai gogorra bizitzen ari gara, baina Udalak ez digu batere erraztasunik ematen, eta lizentziak eskuratzeko asko ordaindu behar dugu. Dagoen egoerarekin errazago jarri beharko lukete, ni bezala, gure lanpostua mantentzen saiatzen ari garenontzat.

Zure gaztaina postutik kaleko giroa ikus dezakezu.

Bai, eta herria 30 aldiz okerrago dago 2008an krisia hasi zenean baino. Eta ez da nik ikusten dudana bakarrik. Bezeroekin hitz egiten dut, horretarako denbora ere izaten dudalako, eta denak bat gatoz, bizitza gogorragoa da lehen baino.

Zertan ikusten duzu hori?

Gauza askotan, esaterako, etorkinak. Aurreko urteetan asko etorri ziren, eta asko ibiltzen ziren kalean. Ez dira denak joan, ezta gutxiago ere, baina asko itzuli dira beraien herrialdeetara. Orain, berriz, asko dira kanpora joaten ari diren portugaldarrak. Horrela jarraituz gero, Portugal hutsik geldituko da. Kaleetan nabaritzen da Gobernuak ere diru gutxiago duela, besteak beste, errepide eta espaloietan dauden zuloak konpontzen askoz gehiago tardatzen dute. Eta noski, postuarena dago, nik postua hartu nuen beti ikusi dudalako horrelakoek ondo funtzionatzen zutela, baina oso makal dabil orain. Oso jende gutxi gelditzen da eta erosten ditu gaztainak. Askok gutiziatzat hartzen dituzte. Kontua ez da dirurik ez izatea, baizik eta daukanak ere ez duela gastatu nahi. Jendea lana galtzearen beldur da, eta ez du gaztainarik erosten, ezta beste gauza asko ere. Turistek erosten dizkidate gaztainak, baina horiek ere gero eta gutxiago dira, batez ere espainiarrak.

Datorren asteazkenerako greba orokorra deitua dago.

Ni, egunero bezala, kalera irtengo naiz; baina egun horretan, gaztainarik gabe. Nik ere greba egingo dut, eta espero dut jende askok egitea. Denok gelditu beharko dugu, herria gelditu beharko dugu. Nik ez dakit zer, langile soila bainaiz, baina zerbait egin behar da. Bestela, herria suntsituko dute.

Nola ikusten duzu, bada, etorkizuna?

Beltza, oso beltza. Zerbait egiten ez badugu, oso gaizki pasatuko dugu, are okerrago. Zergak igo, soldatak jaitsi, langabezia... aldatu ezean hori da etorkizunean ikusten dudana. Mikel GOÑI