GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Ion Ansa Analista politikoa

Politika ezkerretik, orain eta hemen

«Politikak ezin badu, zerk ahal du?», galdetzen du iritzi orriotan estreinatzen den egileak egungo eztabaidak eta politikarekiko desilusioa, «alternatibak eta konponbideak» gauzatzeko duen ezina, aztertzerakoan. Ezkerreko ikuspuntutik, hemen Euskal Herrian jardun politikoak dituen erronka eta urgentziei zehaztasunez erreparatu, eta bere «ahalmenak» praktikan demostratzeko esku bete lan dagoela nabarmentzen du.

Instituzioen kudeatzeak higatze politikoa ote dakarren galdetzen ari garen garaiotan, garrantzitsua da jendartea ezkerretik aldatu nahi duten indarrek herri erakundeak zergatik eta zertarako kudeatu nahi dituzten hausnartzea. Krisi ekonomiko eta politiko sakon honetan, ezkerrak proposa dezakeen bideak mundua alda dezake, edo denak bere horretan jarrai dezan utzi. Azken hau gerta ez dadin, garbi izan behar dira zenbait gauza: erakundeak eta instituzioak kudeatzen ez dituen indarrak ez du jendartea eraldatzeko nahikoa ahalmen izango. Bigarrenik: eraldaketa hori errealki gauza dadin, instituzio horiek aldatu behar dira, edo zehazkiago, instituzio horiek politikoki ulertzeko moduak berritu behar dira. Hirugarrenik, baina ordena honetan lehena izan daitekeena, instituzioak ez dira herritarrentzat kudeatu behar, herritarrekin baizik.

«Berak ezin zuen ezer egin, ez zen bere eskumenekoa» dio Koldo Izagirrek Joseba Tapiaren kanta eder batean. Modu ezin zoragarriagoan definitzen du lerro honek politika deitu ohi dugun horren egungo errealitatea. Zein da politikari batek, dena delakoa delarik bere ardura eta dagokion erakundea, «ezin dut» esaten duenean, bere horretan, azalarazten duen errealitatea?

Ez gara egiatik oso urrun ibiliko esaten badugu Obamak ahal duena egin duela AEBetako presidente izan den lau urteotan. Ahal duena egin du munduko politikari indartsuenak eta bere herrialdeko langabezia tasa igo egin da, jaitsi beharrean. Obamak ahal duen hori, beraz, ez da bere herritarrek lana izan dezaten lortzea.

Lionel Jospin-ek, Frantziako lehen ministro zenean, Michelin enpresatik 7.500 langile kaleratu eta gero, Estatuak dena ezin duela egin esan zuen. Eta, berehala, botoa eman behar dioten hiritarrengan sortzen da kezka: Estatuak ezin badu, nork ahal du? Zertarako behar dira estatuak, erakunde publikoak eta instituzioak oro har, ez badira herritarren beharrei erantzuteko gauza? Horratx politikarekiko dagoen desilusio eta urruntzearen gakoetako bat: politikak ez duela balio, hain zuzen ere, balio behar duen horretarako: alternatibak eta konponbideak aurrera eramateko.

Ezkerreko ikuspegi batetik, jardun politikoari zentzua ematen dion ezaugarrietako bat errealitatearen eraldaketarako duen ahalmena da: politikak balio du, edo balio behar du, jendarte hobea egiteko. Liberalismo ekonomikoak eta merkatuaren diktadurak politika bigarren mailara lerratu dute, eta eraldaketaren ekuazioari buelta eman; hau da, politikak, egun, ez du balio errealitatea eraldatzeko, errealitatea bere horretan jarraiarazteko baizik. Greziara begira jarriko gaituzte batzuek, baina konstatazio berbera egin dezakegu etxean, edozein erakundetan.

Ezkerrak emergentziaz heldu behar dio gai honi. Politikaren ezintasunaz ari garenean sistema politiko oso baten, eta ondorioz, jendarte osoaren ezintasunaz ari baikara. Jardun politikoa jendartearen ezintasunak bideratzeko sortua baita, bere osotasunean. Horrek esan nahi du, besteak beste, politikaren lana dela bere burua lehen lerroan jartzea eta dagokion ahalmena aldarrikatu eta bereganatzea. Eta ez hori bakarrik: jendartea antolatzeko zentraltasuna lortzeko bide horretan, bere burua birkokatu behar du, eta politika bera aldatu behar da, goitik behera. Edo, hobe esanda, behetik gora.

Zer da, baina, politikak eta jardun politikoak egin behar duena, egin ahal duena? Nago, birdefinizio fase zehatz honetan, politikak duen erronka nagusia berau gauzatzen den formetan dagoela. Politikak, nolabait, aurkitu behar du modua, jendartearen eraldaketarako tresna izan nahi badu, hiritarren arazoei konponbidea modu berrietan planteatzeko espazio politikoak sortzeko. Une honetan herri erakundeetan egiten den lana birpentsatu beharra dago, formalki, politikak jendartea antolatzeko eta eraldatzeko ahalmena izan dezan. Politikaren dimentsio iraultzailea, orain eta hemen, politika egiteko modua aldatzean datza.

Bai orain eta bai hemen: ez da erretolika hutsa. Antonio Alvarez Solisek Euskal Herria «laborategi» gisa definitu zuen. Zer esan nahi zuen jakiteko gogoz geratu nintzen, baina uste dut mezua honela ulertu genuela: erakunde publikoetan ardurak hartzen ari diren indar eraldatzaileek duten erantzukizuna, une honetan, ikaragarria da. Euskal Herritik kanpora, ez dira gutxi hona begira dauden indar iraultzaileak jakiteko zer egiten ari garen hemen, nola ari garen «aro berria» kudeatzen. Aro berria, politika egiteko modu berrien aroa, alegia.

Eta, esango nuke, indar ezkertiarren ekarpena, bide onetik abiatu bada ere, oraindik murritza izaten ari dela. Murritza, emaitza zenbakarriei dagokienez, baina sakona, politika egiteko moduen inguruan egiten ari diren hausnarketei erreparatzen badiegu. Udaletan, prozesu parte hartzaileak han-hemen ari dira abiatzen. Eta parte hartzea mahaigaineratzen den aldi oro, politikan eta jendartea eta politika elkarrekin harremanetan jartzen diren moduan sakoneko zerbait ukitzen da.

Hori bai, parte hartzea ez da erabaki ahalmen hutsera mugatu behar. Galdeketek muga handiak dituzte, eta lehena eta handiena, egunerokotasunean ez digutela politika, eta ondorioz jendartea, eraldatzeko balio. Parte hartzearen «iraultzailetasuna» ez dago papertxo batean gai zehatz bati buruz «bai» edo «ez» erantzutean. Politika egiteko modu horrek, ekar dezakeen hobekuntzarekin ere, funtsean, ez du orain arte dagoena aldatzen. Parte hartzea deitzen dugun hori, bere gauzatze praktikoan, askoz ere harago iritsi behar den ekimena da. Sakonean, botere guneak desplazatzea da, eliteen kudeaketatik kudeaketa partekatu batera.

Horregatik eta horretarako sortu behar dira politika gauzatzeko eta egiteko espazio berriak. Gune horietan oinarrizkoa izan behar da herritarren parte hartze aktiboa. Hiritarrak izaki politiko gisa jardun behar du, politikaren gauzatze prozesu osoan. Eta halaxe egiten du Udaleko aurrekontuak egiten parte hartzen duenean, edo bere auzoko arazoak konpontzeko inplikatzen denean. Espazio horiek erakunde publikoen eguneroko jardunean txertatu behar dira, era iraunkorrean, eta gero eta gehiago. Adibidez, hiriko espazioak herritarren erabilerarako berreskuratzeko, auzolanen bitartez; edo plan estrategikoak egiteko, batzar irekien bidez; edo ekonomia soziala berpizteko, teknologia berrien alfabetatzea bultzatzeko, kulturaren ekoizpen prozesuak sozializatzeko... Hortxe baitatza, politikaren behetik gorako eraldaketan, une jakin honetan eta hemen egin behar dugun iraultza.

Herritar baten ahalduntzeak, hau da, bere eta jendartearen errealitatean eragiteko duen ahalmena garatzeak, ekarpen handiagoa egiten dio eraldaketari, edozein kontsigna eta deklarazio politiko potolok baino. Ezkerraren erronka, beraz, hiritarraren ahalduntzea ardatz izango duen kultura politiko berri bat sortzea da. Konplexurik gabe ulertuta eta ulertarazita instituzio politikoak, definizioz, beharrezkoak direla, eta ahaztu gabe instituzio horiek birdefinitu behar direla kultura politiko berri horren baitan berezko duten ahalmen eraldatzailea gauza dezaten.

Parte hartzeak heldutasun politikoa eskatzen du, herriaren errealitatea politikoki ikusteko ahalmena, eta erantzukizuna eta konpromisoa. Parte hartzeak politika denon eskuetan dagoela esan nahi du, ez elite gutxi batzuen zerbitzura, «ezin dut» dioten politikarien jardunak adierazten digunez. Ezkerrak badu esku bete lan «ahal da» esplikatzen. Eta esplikatzeko modu onena, praktikan ahal dela demostratzea da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo