GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA | XILABAKO FINALA

Hirugarren aldiz txapelaren jabe, beti txapeldun Amets

Amets Arzallusek eskuratu zuen atzo hirugarren aldiz segidan Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko txapela. Odei Barrosorekin jokatu zuen buruz burukoa. Sustrai Colinak saio ikusgarria egin zuen eta zerbait gehiago merezi izan zuen, hala eskatu zuten behintzat bertsozale anitzek epaia entzun bezain laster. Baionako karrikak euskaraz jantzi ziren egun osoan, manifestazioaren aldarrikapenekin lehenik eta Laugan gero.

p010_f01.jpg

Jon GARMENDIA

Nekez ahantziko da atzoko eguna Baionan. Badira memoriari ihes egiten dioten mementoak, baina baita iltzatuak gelditzen direnak ere, begien erretinetan izoztuak. Atzokoa haietako bat izan zen. Goizetik jende andana hurreratu zen Baionara, euskal preso eta iheslari politikoen aldeko manifestazioa deitua baitzen 15.30erako, eta nehoiz guti ikusi den jendetza bildu zuen ekimenak. Emozioz betetako egun hori bertsolariek ere presente ukan zuten agurretik beretik. Gainera, Lapurdiko hiriburuko karrika bazter guztiak nagusiki euskaraz jantzi ziren atzo. Plazer handia izan zen euskaldunon hizkuntza zaharra ahotik ahora entzutea, eta bertsolarien ahotik emanikoa joskuraren azken erremate ederrena izan zen.

Lau orduan bertso kantari jardun ondoren, azkenean Amets Arzallusek eskuratu zuen aurtengo txapela. Hirugarrena du, errenkan, eta ez dirudi erraz kendu ahal zaionik borobil beltza. Dena den, atzoko finalak zapore gazi- gozoa utzi zuen anitz bertsozalerengan, eta horren ondorio txistukada luze batzuk entzun ziren Sustrai Colina buruz burukotik kanpo gelditu zela jakin zenean. Urruñakoak saio ederra josi zuen, arrazoiz betea eta ikusgarriki kantatua. Berak lortu zuen publikoarengana heltzea errazen eta lerrook idazten dituenak, saio ondotik hainbat bertsozalerekin mintzatu ostean, inpresio hori orokorra zela baiezta dezake. Epaileak, ostera, horretarako daude eta Amets Arzallus eta Odei Barroso hautatu zituzten buruz burukorako.

Atzo Arzallusi txapela janztea Emille Larre apaiz eta euskaltzainari egokitu zitzaion, eta ozen erran zuen: «Ez da Iparralde edo Hegoalderik bertsotan». Hori ikusi zuen berak, herri oso bat festan elkartua, euskararen altzoan bizirik.

Goxoa, bertsoaldi ederrak

Agurren ondotik, zortziko handian ekin zioten saio puntuagarriari bertsolariek. Nabarmentzekoa izan zen ariketa honetan Maddi Sarasuak egin zuen lana. Itsasuar bertsolari gazteak saio ederra egin zuen, bitxia, 16 urte dituelako soilik, baina adina ez zen izan kirioak dantzan ukaiteko motibo. Lasai jardun zuen saio osoan zehar, eta distira handiko bertsoak utzi zituen.

Xumai Muruarekin batera hasi zuen 8ko handia, gaiak honakoa zioen: «Auzokideak zarete. Sukaldeko leihoak parez pare dituzue. Goiz guztiz kafea elkarren parean hartzen duzue». Muruak ireki zuen bidea lehen bertsoa honela bukatuaz: «...baina eguna gaurko hunetan desberdinki zait hasia/ ez ote zaizu zuri iruditzen duenik gustu bitxia?», eta honakoa erantzun zion Maddik: «Da goizeroko koadro polita eta gustatzen zait asko/ hor zure bista goizeko irri bihurtzen da enetako/ baina gustua bai bitxia du ta hola edan beharko/ azkenaldian zuri begira hoztu egiten zaidalako». Muruak elkarrekin hartzea proposatu zion hurrengoan eta Maddiren erantzuna biziki polita izan zen: «Bai elgarrekin goza daiteke hori da zure ustea/eta ez dut nahi proposamena bestaldirako uztea/ zure etxera joanen naiz eta egin dezagun trukea/ azkenean zu izanen zira kafe huntako azukrea».

Sustrai Colinak herrikide duen Odei Barrosorekin egin zuen ariketa hau. Urruñarrak dira biak, aski ezagutuak elkar, baina orain arte ofiziotan elkarrekin kantatu gabeak ziren biak. Lehen aukera hau ederki baliatu zuten, bertsoaldi polita josi baitzuten biek ala biek.

Txapeldunak Eneritz Zabaleta baionarrarekin batera egin zuen lehen ariketa. Ongi aritu zen Amets; ez hainbeste, Eneritz. Aukera zuen atzo etxean jokaturik finala, baina bere ohiko kolpe irringarriak eskaintzeko zailtasuna agertu zuen saioan. Ametsek txukun jardun zuen, tarteka kolpe ederrak eskainiaz, eta bertsoak goitik behera lotzeko duen maisutasuna erakutsiaz. Agian, hau izan du erregular eta seguruen arituz lortu duen txapela, baina jendearekin konektatzeko duen abilidade berezia gehiegitan atera gabe. Baina Ametsi egiten zaion eskaera ere gutiri egiten zaio, eta kontakizun bertsoak nahiz poetikoak elkarri josiaz saio eder bat egin eta horretan ere txapeldun handi bat dela nahinoiz erakutsi zuen.

Hamarreko tipian egin zuen ariketa gogoan hartzeko modukoa da adibidez, ordura arte gehiegi erakutsi ez bazuen ere, hortik gora egin zuen etengabe.

Ariketa honetan Odei Barrosok egin zuen lana ere nabarmentzekoa da. Zabaletarekin kantatu zuen, eta Mikel Laboak kantaturiko «Xinaurria» airea baliatu zuten horretarako, lehen aldiz txapelketa batean. Gaiak honela zioen: «16 urteko neskak zirezte. Odei haurrari bularra emaiten ari zira eta Eneritz begien tindatzen. Biak zirezte berantan lizeora joaiteko». Odeik «... ez da gero erraza nik daukadan lana/ zaila da izaitea ikasle ta ama». Bukatu zuen lehen bertsoa eta «... biok izan nahi dugu zahar eta gazte/neska baino lehenago izan nahi dugu emazte», eta Barrosoren bigarrena biziki ederra izan zen «... ispilura begira zer ote gira gu?/ dakigunan ustean ikasteko dugu».

Kartzelako lanean Sustrai Colinaren hiru bertsoak hautatu ditugu, ikusgarriak izan baitziren eta entzulearekin konexio berezi bat egitea lortu zuelako Colinak. Fresko, indartsu aritu zen, saio osoan gainera, akatsik gabe eta bertso onak anitz kantaturik kantaera berri bat eskaini zuen, baina, antza, ez da puntuz behar beste saritua izan. Gaiak honakoa zioen: «Etorkizuna kartetan irakurtzen duen igarlearengana izan zira. Oraintxe atera zira haren etxetik». «Esan dit, Sustrai, zurea dugu gutxik daukaten grazia / neska laguna izango izango duzu ederra ta ikasia / seme-alabak eta bersotan herri baten extasia/ zure barne poesia/ atxematen zoaz ia/ eta gainera izango duzu/ ehun urteko bizia/ emazte honek ez al dit esan entzun nahi nuen guzia?». Bigarrena: «Izango omen dut etxe handi bat eta kotxe mundiala/ munduan zehar ibiliko naiz ia nomadak bezala/ mundu guztiak inbidi latza edukiko baitit hala/ nere bizi sexuala/ ez da izango makala/ guztia brausta bota ez dit ba kartak erakutsi ahala/ ta okerrena da guzti-guztia/ sinistu egin diodala». Eta azkena: «Kartak mahaira atera dira ni nengoen kezkatuta/ ordea, orain nola ez egon harrotuta ta poztuta/ adio esan ta etxerantza nindoalarik apurka/ bide ertzean asusta/ kristoren basurde puska/ azidentea eduki dut ta kotxea txikitu, puta!/ ta txarrena da joan naizela ehun euro ordainduta».

Buruz burukoa, ordea, Amets Arzallusek eta Odei Barrosok jokatu zuten. Odeik 449 puntu bildu zituen; Colinak, aldiz, 448,5, eta bigarren aldiz jarraian txapelaren lehia jokatzeko aukeratik aldendua izan zen urruñarra.

Buruz burukoan Ametsek gaina hartu zion Barrosori seiko motzean, nahiz eta honek ere lan ederra egin zuen. Punttuka nahiko pareko jardun zuten, eta kartzelakoan, azken lanean Ametsen jarduna bikaina izan zen. Horra lehen biak. Gaia honakoa: «Bakarrik zira etxean, amatxi zenak utzi zuen kutxari so. Badakizu etzuela idekitzea nahi». Horra bere bigarren eta hirugarren bertsoak: «Argazkiño bat eta zapia/ eta zein da arrazoin zein aitzakia/ gure aitatxi nun ibili zen hemen nehork badakia?/ bizitza bat zen gaztearoan gerla batek ebakia/ eta ze adabakia/ Francok hezurrak gorde zituen ta amatxik argazkia» eta «Usain hartu dut bere zapian/ ta lur usain bat gela guztian/ hor zabaldu da ta bidaia bat ja egin dut argazkian/ gure aitatxi ezagutu dut ez hain bide egokian/ zauri bat dut bekokian / baina berriro pausatuko dut/ amatxik zeukan tokian».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo