GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Une politiko berezia

Erreakzio kate ezin sinetsia, Ipar Euskal Herriko gizarte osoak parte hartu baitu Baionako manifestaldian, gizarte osoak frantses estatuaren politika salatu du! Joera guztietako ordezkariak, gotzaina barne!

Azaroaren hamarra egun inportantea zen Xilaba bertsolari txapelketa baitzen Baionan. Beste hitzordu bat lotu zen preso eta iheslarien eskubideen aldeko manifestaldiaren deiarekin. Manifestaldia aspalditik prestatzen zen une garrantzitsu bezala, preso eta iheslarien egoera aktualitate politikoan kokatzeko eta frantses estatuari gogoratzeko euskal gatazkan oso aktiboa dela eta ez dugula bakean utziko, hau aitortzen ez duen bitartean eta horri amaiera ematen ez dion bitartean.

Bide politikoa, ezagutzen duguna. Haatik, Auroreren atxiloketaren ondotik gertatutakoa benetako bihurgune bilakatu da, erreakzio kate izugarria izan da. Bat-batean, euskal gatazka ikusgarri bihurtu da estatu frantseseko prentsa guztian, arduradun politiko guztiek Auroren Espainiaratzeari buruz salatze iritzia plazaratu dute, hain ongi ikusia zen Valls ministroaren euskal gatazkari buruzko ukapena agerian gelditu da, PPko diputatu edo arduradun arrunt baten mailan kokatu da. PPko politikarekin lerrokatu da eta hori ez zaio onartu. Erreakzio kate ezin sinetsia, Ipar Euskal Herriko gizarte osoak parte hartu baitu Baionako manifestaldian, gizarte osoak frantses estatuaren politika salatu du! Joera guztietako ordezkariak, gotzaina barne!

Zerbait gertatu da, marra gorria gainditu dute eta sozialistek berek ezin dute hemen gertatutakoa asumitu, badakite nori esker heldu diren ardura tokietara. Horrela, urrats bat gehiago egin dute preso eta iheslarien egoeraren konponketa eskatuz. Baina, ez da aski izanen, ez baita aski eskatzea, ja ekintzak eta lorpenak behar ditugu, sozialistek Parisetik aldaketa, aldaketa politiko bat ekarri behar digute. Bestenaz ondorio politikoak etorri beharko dira ondoko hauteskundeetan...

Eskuinarentzat, frantses gobernuaren salatzeko aukera bada, baina gure ondoan manifestaldian ibiltzen badira horrek erran nahi du jende ona bihurtu garela, gurekin lan egitea onartzen dutela ere... Haiek ere galdutako aulkien berreskuratzeko lanean jarriak...

Azken egunetako izenpetze metaketa gozamena da gehiago lortzea nahiko zaila litzateke, gertatzen denaren sinestea nahiko lan ematen baitu eskuin muturretik ezkerreko muturreraino denek deitu baitute kolore guztietako abertzaleak barne. Gobernu batek arazo politiko baten aurrean ukapena baizik hobesten ez duelarik eta parean gizarte osoak aldarrikapen bakarra oihukatzen duelarik, politikak zerbaitendako balio badu, derrigorrez elkarrizketa batera heltzea posible izango da, zerbaiten adosteko aukera izango da!

Baionako manifestaldia gozamena izan da, horrenbeste jende ikustea karriketan preso eta iheslarien eskubideak aldarrikatzen une politiko berezia izan da, ahantziko ez duguna, horrelako mobilizazioek presoen askatasuna ekarriko baitute. Ez da inoiz horrenbeste jenderik bildu Baionan preso eta iheslarien alde. Gure gizartean daukaten garrantziaren froga, gure ibilbide politikoan preso eta iheslariak lerro nagusia direla erraten digu.

Burujabetzaren bidean lan asko daukagu, larunbatekoa elkartasun une gozoa izan da, hats berri bat segitzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo