Surflari Ernegatua
Ez dugu ikasten
Negua iritsi da Hawaiira. Itsaski handiek irletako kostaldeak kolpatzearekin batera, olatu ederrak jazo eta mundu osoko surflariak pilatuko dira urautsi ezagunetan. Pipeline, Sunset, Waimea edo Haleiwa, surf txapelketen ohiko agerleku bilakatuko dira, eta ehunka argazkilari zein komunikabideren jomuga izango dira.
Duke Kahanamoku surf modernoaren aitari eskainita hasi ziren Hawaiin, neguko itsaski onenekin “Duke Classic” txapelketak antolatzen. Taula handiekin, hasiera batean lagun giroan, baina denborarekin itzelezko arrakasta hartu eta komunikabide guztiak erakartzen zituen jazoera bilakatu zen.
Aldaketa handiak gertatzen ari ziren surf munduan, eta txapelketak horren isla ziren, baina aldaketa handiena taula motzarekin gertatu zen, Duke hil baino urte bat lehenago.
Randy Rarick-ek, garai hartan lehian zebilen surflari gazteak, oso ongi irudikatu zuen momentua elkarrizketa batean; «1967ko negua izan zen taula luzeen (longboard) azken urtea. North Shoreko lehen surflarien aroa amaitu eta taula motzaren aroa hastear zen, zuzen-zuzenean profesionalismorantz. Nesken gona motzak bezala, surf taulak ere, gero eta motzagoak ziren».
Garrantzitsua da nondik gatozen jakitea. Nire belaunaldiko surflariak taula motzen aroan hasi eta hezi ginen, baina taula handiekin ikasten urteak egiten genituen. Egun, surfean hasten denak taula motza du helburu, ikastea baino gehiago, eta askori lotsa ere ematen dio taula handiarekin ibiltzeak.
Ikuspegi hau okerra da, hasiberriak gozatzeko duen aukera oro zikiratzen duelako. Helburua ez da taula mugitzea; hori oso erraza da. Taula motz bat, bera mugitzen da, bakar-bakarrik. Kontua ongi mugitzen ikastea da, gozatzeko, eta horretarako, taula handi batekin urteak egin behar dira.
Gaur, edonork nahi adina taula ditu. Taula gehien dituzten surflariak, dudarik gabe, maila ertaineko surflariak dira; 25 eta 40 urteko hiritarra, orain urte gutxi surf egiten hasi eta zaletasunak harrapatuta, eguneroko zurrunbilo eta arazoetatik ihes egiteko bitarteko ezin hobe bat aurkitu duen ohiko langile klasekoa. Baina, taula gutxiago edo gehiago, txorakeria, gure artean hedatuegia dago.
Olatu txiki, ertain eta handietarako taula bakar bat nahikoa da. Ez dakit, krisi garai hauetan askok dioten bezala, gure posibilitateen gainetik bizi garen, baina gauza bat garbia da. Benetan behar ez ditugun gauza gehiegitan xahutzen dugula sosa. Eta gainera, behar ez direnak, «beharrezko» ditugula.
Agian, taula handien lurperatzearekin batera etorri zen aldaketa. Orduan hasi ginen publizitate panelek iragartzen zigutena beharrezko genuela sinesten. Olatuari baino, surflariari garrantzia ematen. Eta taula handiak soilik hasiberrientzat direla pentsatzen.
Taula, handia edo txikia, gozatzeko bitarteko bat da. Ez da helburu bat bere baitan. Alegia, ez dugu ikasten.