GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

itsasoa

WCT zirkuitua azken txanpan: Pipelinen erabakiko da 2012ko munduko txapelduna nor den

Santa Cruzen egin berri duten zirkuituko 9. proba Taj Burrow-k irabazi du. Joel Parkinsonek irabazi balu, 2012ko titulua berak lortuko luke, baina ez da horrela gertatu. Orain, WCTko 34 lehiakideak itzuliko azken probarako prestatzen ari dira. Hawaiiko olatu mitiko batean
erabakiko da munduko txapelduna nor den, Pipelinen, eta hiru dira aukera gehien duten lehiakideak; Parkinson, Slater eta Fanning.

p052_f03_235x128.jpg

 

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Aurten, azken urteetan ez bezala, itzuliko azken proban erabakiko da 2012ko munduko surf txapelduna nor den.
Santa Cruzen egin berri duten azken txapelketan ez zituzten oso emaitza onak lortu egun ranking orokorrean lehen postuetan dauden lehiakideek, eta ondorioz, oraindik, munduko titulua airean da.

O’Neill Cold Water

Taj Burrow-k irabazi zuen Kalifornian joan den astean egin zuten itzuliko 9. proba, Santa Cruz O’Neill Cold Water Classic. 34 urteko australiarrak 2012ko itzuliko lehen proba ere irabazi zuen Gold Coasten otsailean, beraz, aurten irabazi duen bigarren txapela da.
Lehiakide gogorrak kanporatu behar izan zituen Burrowk finalera iristeko, Gabriel Medina 18 urteko brasildar gaztea edo Travis Logie surflari hegoafrikarra, kasurako.

Finalean, Matt Wilkinson eta Burrow izan ziren lehian, bi metroko eskuin olatu ederretan. Wilkinson, 24 urteko surflari australiarra, aurtengoan final batean zen lehen aldia zen, beraz, gustura zegoen, dena emateko prest, eta ez zion batere erraz jarri Burrowri, baina ez zuen aurkaria garaitzea lortu.

Wilkinsonek, WCT rankingean 8 postu gora egitea lortu du, eta  beraz, egun, 22. postuan da. ASPko rankingean berriz, 15. postuan dago.

Kontuan hartu behar da, hurrengo urteko WCT rankingean egon nahi badu bi aukera dituela; bata, WCT rankingeko lehen 22 postuetako bat lortzea, eta bestea, ASPko ranking orokorrean lehen hamar postuetako batean kokatzea.

«Dagoeneko erotzen hasia nintzen», esan zuen Wilkinsonek, «ez nuen joan nahi Hawaiira puntuak hemen galduta. Pipeline bertakoak diren lehiakide ugari dago, beraz, han edozer gauza gerta daiteke, ez da txapelketa arrunt bat. Gainera, Hawaiin, ohikoak baino txanda gehiago egiten ditugu egun berean, eta inoiz baino hobeto surf egitera behartuta zaude. Hortaz, oso pozik nago bildu ditudan puntuak lortu izanaz».

Onenak kanporatuak

Aipatzekoa da, Santa Cruzeko txapelketan, egun lehen bost postuetan diren lehiakideetatik Parkinson kenduta gainontzeko guztiak lehen txandan kanporatuak izan zirela. Mick Fanning eta John John Florencen kasua gainera, are eta garratzagoa da, bigarren txandara baino ez baitziren iritsi.

Slater Adriano de Souzak kanporatu zuen bosgarren txandan, eta Joel Parkinson final-laurdenetan kanporatua izan zen.

Aukera desberdinak

Parkinsonek azken txapelketa  irabazi izan balu, 2012ko titulua ere lortuko luke, baina ez zen horrela izan, eta orain, zirkuituko azken txapelketan erabakiko da titulu mundiala nork irabazten duen.

Matematikoki begiratuta, aukera desberdinak daude titulua lehiakide batek edo besteak eskuratzeko, baina probabilitateak kontuan izanda, aukera gehien dituzten surflariak, egun ranking orokorreko lehen hiru postuetan daudenak dira, alegia, Joel Parkinson, Kelly Slater eta Mick Fanning.

Itzuliko hamargarren eta azken proba, Billabong Pipe Masters txapelketa, Joel Parkinsonek edo Kelly Slaterrek irabaziz gero, munduko titulua ere horrek irabaziko du. Alabaina, gauza asko gerta daitezke. Hona hemen gerta daitezkeen hiru aukerak.

Batetik, Joel Parkinsonek Pipelinen bosgarren postua edo emaitza okerrago bat lortuko balu, Slaterrek bosgarren postua edo postu hobe bat beharko luke 2012ko titulua eskuratzeko. Kasu horretan, Mick Fanningek irabaziko balu ordea, bera izango litzateke aurtengo irabazlea.

Bestetik, Parkinsonek Pipelinen hirugarren postua eskuratuko balu, Slaterrek txapelketa irabazi beharko luke titulua eskuratzeko, eta Mick Fanningek berriz, soilik Pipelineko txapelketa irabaziz gero erdietsiko luke munduko titulua.

Eta hirugarren aukera. Parkinsonek Pipelinen bigarren postua eskuratuko balu, Kellyk aurreneko postua beharko luke titulu mundiala hamabigarrenez eskuratzeko. Eta noski, kasu horretan, Mick Fanningek ez luke irabazteko inongo aukerarik izango.

Lehiakide guztiak Hawaiira begira dira. Titulu mundiala erabakiko den itzuliko azken proba abenduaren 8 eta 20 artean izango da Pipelinen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo