GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Olatu erraldoietako surflariak Irlandara doaz

Irlandako Mullaghmore olatu beldurgarrian txapelketa egiteko prest da dena.

 

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Olatu handietako surflariak Irlandara bidean dira. Uretako moto baten laguntzarekin, lehen pentsaezinak ziren olatuak har daitezke, olatu munstroak, eta horietakoa da Irlandan, Sligo konderriko ingurune arrokatsuan, aurkitzen den Mullaghmore urautsia.

Peter Conroy eta Hornos Glyn, 2010ean bigarren postua eskuratu zuen bikote irlandarrak oso ongi deskribatzen du urautsiko ingurunea: «Urautsia inguratzen duen belaze orlegia anfiteatro paregabea da ikusleentzat, baina, itsaski handia dagoen egunetan, beldurra ematen du. Ur andana mugitzen da batera eta bestera, eta hondoko harkaitz zorrotzek euren haginak erakusten dituzte».

Aurtengoa, hirugarren edizioa izango da. Lehena, Benjamin Sanchis eta Eric Rebiere bikote frantsesak irabazi zuen, bost metroko olatuetan.

Iaz, ez zen txapelketa egiteko gutxieneko itsaskirik izan, eta ondorioz, Billabong Tow-in Session 2011 edizioak ez zuen irabazlerik izan.

Aurtengoan, txapelketa egiteko epea azaroaren 1ean ireki zen, eta gehienez martxoaren 1era bitartean luza daiteke itxaronaldia.     

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo