Josebe Egia
Tarteka, justizia
Abdulla taldeak, hala ezaguna emakumezko langileen zerrendako lehenbizikoaren abizena zela eta, guztira 174 ziren, azkenean irabazi egin zuen. Lortu zuen Britainia Handiko Justiziak emakume horiek arrazoi zutela ebaztea; Birmingham hiriko Udalak ordaindu egin beharko dizkie, haietariko bakoitzari, urtetan beren gizonezko lankideek jaso eta eurei ukatutako aparteko ordainsariak.
Epaitegietan borrokatu ondoren, garaile atera dira. Emakume horietako bakoitzarentzako garaipenaz gain, areago, soldaten berdinketaren aldeko mugarria ezarri dute herrialde hartan. Epaitegi Gorenak, eurei arrazoi emanda, aurrekaria ezarri du, alegia, bidea ireki die etor daitezkeen antzeko eskakizunei. Eta etorri etorriko dira, ziur. Izan ere, sexuaren araberako soldata arraila errealitate hutsa da, han eta hemen, eta ia leku guztietan. Beraz, Erresuma Batuan, epai horretatik aurrera, diskriminazio mota hori jasaten duten emakumeek badute borroka irabaz dezaketelako dezenteko ziurtasuna.
Tarteka, justizia hitzari bere esanahiaren distira ikusi ahal diogu. Tarteka, epaitegi eta auzitegietatik berri onak ateratzen dira, gehienetan bidean utzitako ahalegina eta dirua gehiegizkoak izanda ere, hala ere, justizia egitate ukigarri bihurtzen da, urrun baino urrunagoko kontzeptu zanpatu izateari utzita.
Horra, esaterako, Espainiako Auzitegi Konstituzionalarena. Azkenean, zazpi urte ondoren -justizia motel jaio baitzen, antza-, homosexualen arteko ezkontza babestu du, PPren helegiteari esker bikote asko eta asko hari batetik zintzilik izan dituen auziari amaiera emanda. Asko ospatu eta txalotu da epaia, jendartearen gehiengoak, hain zuzen; ospatu eta txalotu dugu normalizazioak eta legeak ezinbestean bat egin behar dutela uste dugunok; sinesten dugunok homosexualek eta ez homosexualek eskubide berak ditugula, pertsonak eta ez besterik garen heinean; jendartea askotariko pertsonok osatzen dugula eta legeak denok babestu behar gaituela defendatzen dugunok, ahotan horrenbeste ibiltzen den Konstituzioko arraza, sexu, erlijio... arrazoiagatiko diskriminaziorik barik izan behar duela ulertzen dugunok. Tarteka, justizia egiten da, bai, eta ondorio onak ekartzen ditu, aurrerantzean, gauzak betiko aldatuta.
Elizari, ordea, ez zaio gustatu Auzitegiak jendarteak aspaldi naturaltasunez eta normaltasunez onartuta duena aitortzea, Espainiako estatuko milioika pertsonari nahi duenarekin ezkontzeko eskubidea onartzea. Elizaren iritziz, horren homofoboa, horren itxi eta itsua, homosexualen arteko ezkontzak hondamendia dira, aita eta amez osaturiko familiaz beteriko mundu idiliko baten amaiera. Munillak, urrunago joan barik, Konstituzionala ez zaiola fidel izan Konstituzioari bota du, hitzez hitzeko testuari lotu barik Espainiako jendartearen mentalitatea aldatu egin dela interpretatuta. Bai jauna, halaxe da eta, zorionez. Zoriona den moduan krisiaren itzal luzepean eskuina ezartzen saiatzen ari den kontserbadorismoari epai honek emandako zaplaztekoa. Hedatuko ahal da munduaren gainerakora!