GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aurore Martinen kartzelatzearekin lotu dute hedabide frantsesek Baionako manifestazioa

Estatu frantseseko hedabideek arreta jarri dute Herrira mugimenduak deituta Baionan egindako manifestazioan, nahiz eta kasurik gehienetan Aurore Martin Batasunako kidearen atxiloketa eta kartzelatzearekin lotu duten mobilizazioa. Estatu espainoleko egunkarietan, aldiz, EH Bilduren ordezkarien hitzei erreparatu diete nagusiki.

p014_f04_69575.jpg

GARA | BAIONA

Herenegun Baionan egin zen manifestazio jendetsuak -GARAren zenbaketaren arabera 14.800 pertsona elkartu ziren Baionako kaleetan- oihartzun zabala izan du Estatu frantseseko hedabideetan. Euskal preso eta errefuxiatuen eskubideen aldeko manifestazioa, baina, Aurore Martin militante abertzalearen atxiloketaren aurkako protesta gisa ikusi zuten gehienek. «Le Figaro» egunkari eskuindarrak «Euskal presoei elkartasuna» titularrarekin abiatu zuen albistea, eta mobilizazioa Aurore Martinen atxiloketak Ipar Euskal Herrian sortu duen «hunkipenaren» testuinguruarekin lotu du.

«Le Nouvel Observateur» astekariaren webguneak testuinguru berari egin zion erreferentzia. «Euskal presoen aldeko elkartasun manifestazioa Baionan» izenburupean, hedabideak Baionako manifestazio jendetsuari oihartzuna egin zion, eta Aurore Martinen atxiloketa gertatu eta hamar egunera egin dela nabarmendu zuen.

Hedabide honek sakondu egin zuen, Batasunako kidearen atxiloketa eta kartzelatzea «aurrekaririk ez duen» erabakia dela nabarmenduta. Egunkariak Aurore Martinen ahizpa Emilie Martinen hitzak jaso zituen mobilizazioaren garrantzia nabarmenduz. Halaber, Estatu frantsesean preso dauden pertsonei heldu, eta batez beste euren etxeetatik 808 kilometrora daudela preso ohartarazi zuen, eta Estatu espainolean, aldiz, batez besteko distantzia hori 632 kilometrokoa dela.

«Le Parisien» egunkari paristarrak testu zabalean Ipar Euskal Herrian azken urteetan egin den manifestaziorik jendetsuena izan zela gogora ekarri zuen eta bertan parte hartu zuten ordezkari politikoei egiten zien erreferentzia.

Zifra dantza handirik ez

Zenbaki dantza handirik ez da izan egunkarietan, gehienek antolatzaileek emandako zifrari heldu diotelako. «La Croix» egunkari katolikoak, baina, Baionako kaleetan elkartutako manifestari kopurua 3.000 lagunekoa izan zela zioen

Estatu espainoleko egunkarietan, izenburuak oso bestelakoak izan dira. «El Mundo» egunkari eskuindarraren titularra, honakoa: «España eta Frantzia `Aieteko bide orriaren zerbitzura'».

Testuan Laura Mintegi EH Bilduko ordezkariaren hitzei egiten zien erreferentzia batez ere, eta gaixo dauden presoen kaleratzea eta «Parot doktrinaren» eta dispertsioaren amaiera eskatu zituela nabarmendu. Zifretan sartuta, antolatzaileek emandako datuak Polizia frantsesarenekin konparatu eta horien arabera 10.000 lagun bildu zirela gogorarazi du.

«El País» egunkariak ildo berean jo, eta «EH Bilduk presoen dispertsioaren amaiera eskatu du Baionan» titularra jarri zion Baionako manifestazioaren gaineko testuari. Kasu honetan ere, Aurore Martinen atxiloketari erreferentzia egin zioten, eta manifestazioa haren atxiloketaren ondotik indartu dela nabarmendu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo