GARA > Idatzia > Kultura

«Oroitzapen mundu desberdin bat du lortutako txapel bakoitzak»

p054_f02.jpg

Amets Arzallus

Bertsolaria, Xilabako hiru edizioetan txapelduna

Bere bizitzaren kokapena aski nahasia da zirkunstantzia askorengatik; hendaiarra sentitzen da errotik, baina kostako bideari estuki lotua da betiere, eta hor Zumaia eta Lekeitio ageri dira. Saran jaso gaitu, han ere baduelako lotura sendo bat, eta «euri egun hau atertu ondotik herri berezi honen kokapena egokia da esnatu eta atzoko eguna digeritzeko».

Jon GARMENDIA | SARA

Hirugarrenez jantzi du Arzalluzek Xilabako txapela. Bertsoari lotua bizi da, baita kazetari gisa egiten dituen artikuluen jiran ere. Artista da bertsotan, artista hizketan.

Hirugarren txapela errenkan... bat gehiago?

Ez dut horrela hartzen, behintzat horretan saiatzen naiz, txapel bat gehiago baino saio bakoitza bereizten dut, egun bakoitza, eta egun horren bizipenean nire buruak emandako bertso bide bakoitza; gainera, oroitzapen mundu desberdin bat du lortutako txapel bakoitzak, bertsotan non asmatu eta non huts egin dudan zehaztetik hasita.

Finaleko lehen zatian erregular, baina guztiz askatu gabe ikusi zintugun, hamarreko tipian goia jo eta hortik goranzko bidean; aldiz, nola ikusi zenuen zuk zeure burua?

Aurreko urteetako finalekin konparatuz nahiko gorputzaldi lasaiarekin hasi nuen saioa; banuen tentsioa, baina lasai aurkitu nuen ene burua. Zortziko handian ez nuen nire bizitzako ariketarik egin, baina bai final bati hasiera emateko oinarri bat jarri, eta erregulartasun horren baitan ene burua askietsi nuen. Zortziko txikian ariketa salbatu nuen sentsazioarekin gelditu banintzen ere, 10eko txikira arte beharbada ez nion nire bertsoen hariari distira berezia aurkitu. Hor etorri hobearekin sentitu nintzen, bertsoak goitik behera egiteko aukerarekin, gaiari ere argia ikusi nion; nahiz eta arantza txiki bat dudan, ordura arte saio polit bat egin zuen Maddirekin ofizio osoago bat egin ez izana. Kartzelakoan biziki gustura aritu nintzen, lehen bi bertsoekin kontent, puntutik puntura eramaten saiatu nintzen, hirugarrenak zerbait narrastu zidan, baina sentimenduen bidea urratzen ahalegindu nintzen. Bestalde, domaia bigarren bertsoa beherean ikusi nuen haur tipi baten negarrarekin josi nahi nuelako, baina bertsoa amaitzerako ez zen negarrez ari eta kontestua galdu zuen.

Buruz burukoan sendo... txapelaren xerka?

Ez nintzen jardun txapelaren xerka; zetorren lan bakoitzean zentratu nintzen, bertso bakoitzean, ondokoarekin eraman beharreko bidea ahal bezain kohesionatua izan zedin saiatzen, ahal bezain joria eta distiratsua. Seiko motzean aski kontent gelditu nintzen adibidez, ariketa hau biziki teknikoa da, ideien pertinentzia bezainbat bilatzen da doinuaren geometrietan egoki samar dantzatzea, eta gustura gelditu nintzen.

Zure saio kideak nola ikusi zenituen?

Egia erran ez da erraza besteek eginiko lana juzkatzea, belarri bakarretik eta anitzetan erdizka entzun bainuen. Nirean kontzentratua ibili nintzen, eta aski lan izaten dut horretan. Maddik lan politak egin zituela sumatu nuen, eta bereziki pozten ninduen, baina ez Maddik bakarrik, Odeik eta Sustraik eginiko lan ona...

Sustrai buruz burukora ez sartzea ezustekoa izan zen anitz bertsozalerentzat...

Garbi dago epaileek ere zalantza izan zutela, bestela ez baitzen puntu erdiko aldea izango. Puntu erdi bat 14 bertsotan topatzea belar meta batean lasto bat bereizten hastea bezala da. Ez da erraza azken hauen lana, eta kasu honetan Odei Barrosoren aldera desorekatu zen erabakia. Hala ere, Odeik urteak daramatza bide onean bertsotan, txikitatik ikusi dugu bere eboluzioa eta anitz hazi da, sentimendua eta kolore berezia jartzen dio bertsoari eta hori nabaritu egiten da, ni bere bertsoaren zalea naiz. Baita Sustrairena ere, hurbilekoa dut, elkarrekin hazi gara, eta plazarik plaza zer den ongi erakusten du urte oro, atzo ere uste dut bere arrastoa utzi zuela. Biak sentitzen ditut hurbileko eta ezin naiz epaiaren balantza hori neurtzen hasi.

Finala Lapurdiko hiriburuan, euskara hain guti entzuten den tokian...

Bai, eta hain egun berezian gainera. Ni finalari beha ibili nintzen, ez bainuen beste aukerarik, baina jakin nuen aitzinetik deitua zen manifestaldiak ukan zuen arrakastaz. Nabaritu zen kezka edo eragin hori ere gure artean. Gero, finala aurretik erran nuen guretzat desafio bat zela Baionan kantatzea, euskarari darion sorkuntzak presentzia sinboliko bat ukaitea hiriburuan; eta uste dut hein batean lortu dela. Baina urak handi dira oraindik, hizkuntzaren kinka ez da erraza, eta ni lege ezagupenak baino gehiago kezkatzen nau hizkuntzaren eguneroko erabilpenaren kontzientziak. Bigarren horretan dugu bidea urratu behar; legeak batzuetan eguneroko errealitate bat aldatzen laguntzen du, eta beste batzuetan, tematuko da berean, baina azkenean legeak ez du errealitateari segitu beste erremediorik izaten. Eta errealitatea aldatzeko tresnak gure eskuetan daude.

Nola egiten duzu hain errazki egokitzeko ahoskera, hiztegia, iparraldeko euskalkia...

Erantzuna honakoa litzateke: asko kostata. Nagoen inguru horretara egokitzeko beharrean sentitzen naiz bertsotan ari behar dudan bakoitzean; bertsoa komunikazioa da azken finean, zure soziologia intuitibo horrek egiten duen ariketa konstante bat da, zure ideiak eta hizkuntza entzuten dagoen jendearen arabera egokitu eta tolesten saiatzen zara. Noski, muga bat du horrek, zure sinesgarritasuna eta zure naturaltasuna ezin duzu galdu.

EITBk zuzenean eman zuen saioa, baina zure azken kartzelakoak kantatu aitzin saioa eten zuen... nola ikusten duzu hau?

Ulertzen dut albisteek ukaiten duten garrantzia, pieza zentrala dira hedabideetan, eta baita jendearen interesaren aldetik ere, ulertzen dut ere bertsoak entzuten ari denak erran dezakeena; baina ez naiz moztearen kontua kritikatzera sartuko, gehiago kritikatuko nuke albistegiaren ordutegia saskibaloi edo futbol partidu bategatik aldatzen dutenekoa. Gainera, eta beste alor anitzekin egiten ez duten bezala, uste dut aldi honetan gure bertsolari txapelketak tratamendu egokia izan duela EITBren aldetik, hastapenetik izan da hala. Eta badira miseria anitz telebista publikoari buruz kontatzeko, baina nik behintzat eskertzen dut gure bertsoaren hedapen aldetik aurtengoan egindako lana.

Bertsoa nola ikusten duzu Ipar Euskal Herrian?

Pixkanaka-pixkanaka indar hartzen ari da, orain nagusiki bertso eskoletan egiten ari den lanari esker. Finalean kantatu ere egin nuen ia 200 haur ari direla hemengo bertso eskoletan. Batzuk heldu dira txapelketan eta plazetan kantatzera, Maddi Sarasua izan da horien isla, baina badira gehiago. Urteetan egiten ari den lan on baten bidean ikusten dut nik bertsolaritza.

BAIONA

«Finalaren aurretik esan nuen guretzat desafio bat zela Baionan kantatzea, euskarari darion sorkuntzak presentzia sinbolikoa ukaitea hiriburuan»

10eko txikia

«8ko txikian ariketa salbatu nuen sentsazioarekin gelditu banintzen ere, 10eko txikira arte ez nion nire bertsoen hariari distira berezia aurkitu»

BERTSOA

«Bertsoa komunikazioa da, zure soziologia intuitibo hori entzuten dagoen jendearen arabera egokitu behar duzu»

IPAR EUSKAL HERRIA

«Mentalki hemengo soziologian kokatzen saiatu naiz, hemengo hizkuntzaren kolorean eta musikalitatean, zor nuen horrela kantatzea»

«Aurore Martin preso hartzea garaiotako albiste tristeenetakoa da»

Ipar Euskal Herrian azken asteotan aktualitate izan direnei buruzko galdera motzak:

Lurralde Elkargoa.

Garai interesgarri bat pizten ari da Ipar Euskal Herriko politikagintzarentzat, eta bai oro har Euskal Herrikoarentzat ere. Lurraldetasunak eta marrazki geografikoek badute beren garrantzia komunitate baten zentzua ematen diotelako jendeari; gure kasuan, Bearnokoarekin partekatzeak desitxuratu egiten ditu guri naturalagoak zaizkigun harremanak ukaitea, berezko euskal lurrekin. Lehentasunezkoa iruditzen zait lurralde elkargo berezi bat lortzea, eta horretan hemengo hautetsiek egin duten lana eta lortu duten ahobatezko iritzia biziki interesgarria iruditzen zait.

Aurore Martin.

Hitza erabiltzeagatik sartu dute preso, azken garaiotako albisterik tristeenetako bat dela iruditzen zait. Ez da oso ulergarria gaur egun Euskal Herria sartua dagoen bake prozesuan garai bateko erreflexuekin funtzionatzen dutenen ekinbideak ikustea, atxilotze anakroniko bat da, eta guztiz salatzen dut, agian zerbait ongi egiten ari garen seinale ere bada. Nik, dagoen lekura, ene elkartasuna helarazten diot.

Euskal Herriko gatazkaren konponbidea sustatzeko Baionan eginen den konferentzia.

Aietekoa mugarri izan zen, eta hau ere hala izatea espero dut; badira han zuzenki aipatuak ziren bi subjektu ez entzunarena eginez bizi direnak, ea bigarren oihartzunaldian erreakzionatzen duten. Horretarako eta Iparraldean bake prozesua sozializatzeko balioko du.

Baionan amaituko da Korrika.

Plazer bat da, lapurtar bezala, etxetik gertu... atzo bizi izan zuen bezala, beste egun eder bat biziko du Baionak. Oroitzen dut orain dela 10 urte baino gehiago han bukatu zena, Ferminen «Big Beñat» kantua... Korrika gure herri ekimenen irudimenetik atera den asmakuntza politenetakoa da, eskuz esku doan lekuko hori, gure hizkuntzaren mapa marrazten duen zeharkaldi hori. Euskara ikasten ari den jende horri eskerrak emateko modu bat ere izaten da Korrika bakoitza, eta polita da aurtengoaren leloa, «eman euskara elkarri».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo