Patti Smithek Guggenheim Museoan joko du «Women's nights» zikloaren barruan
GARA | BILBO
Patti Smith abeslariak gaur joko du Bilboko Guggenheim Museoan. «Women's nights» izeneko kontzertu zikloaren barruan eskainiko du emanaldia estatubatuarrak. Museoak bere 15. urteurrena ospatzeko jarri du ziklo hau martxan eta hainbat emakume musikari handi igoko ditu taula gainera, ikusle gutxi batzuen aurrean jo dezaten.
Smithentzat, ordea, estatu espainolean emango duen biraren lehenengo kontzertua izango da. Honen atzetik Madrilen, Cartagenan, Valentzian eta Bartzelonan joko du, baina Bizkaiko hiriburua izango da «Banga» album berriko kantak zuzenean entzutzen lehena.
Kritikariek diote disko berri hau «Horses» bildumaz geroztik kantariak egin duen lanik borobilena dela. Grabaketan bere ohiko musikarien (Tony Shanahan baxu-jotzailea, Jay Dee Daugherty bateria eta Lenny Kaye gitarrista), eta Tom Verlaine eta Jack Petruzzelli musikarien laguntza izan du, baita bere seme Jackson eta Jesse Parisena ere.