GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Iñaki Goirizelaia UPV/EHUko errektorerako hautagaia

Euskal Herriko Unibertsitatea: oraina gure geroa da

Beharbada baten batek pentsa lezake astiro egiten dugula aurrera, baina, egiaz, gurea bezalako erakunde zabal eta konplexu bati dagozkion erritmoen arabera mugitzen gara

Orain lau urte UPV/ EHUren lidergoa hartu nuen nire gain; harro, grinaz eta uste osoz hartu nuen erantzukizuna, erabat sinetsita bainago gure unibertsitatea, goi-mailako prestakuntzarako eta ikerketarako erakundea izateaz gainera, letra larriz idazten den Herri baten proiektua dela: egunero, orainalditik, gure herriaren etorkizuna eraikitzeko eta sendotzeko ekarpen handiena egiten duten euskal erakundeetako bat da.

Proiektu honetan sinesten dut nire barne-uste sendoenetik, eta erabat sinetsita nago sentimenduak eta balioak garrantzizkoak direla proiektu hau gauzatzeko. Proiektu baten arrakasta ez da soilik giza kapitalaren indarrean oinarritzen, edo soilik behar adina baliabide eskura izatean, baizik eta, gainera, eta bereziki, pertsonen atxikimenduan eta haien konfiantzan, ziur izanik aurrera eramateko gai izango garela.

Guztion artean unibertsitate-proiektu bat eraiki dugu. Gizarteak unibertsitate publikoan jartzen du bere konfiantza; prestakuntza, ikerketa, transferentzia eta gizarte-erantzukizuneko eginkizunak agintzen dizkigu, eta prest dago bere balia- bide publikoen zati bat guri uzteko, urriak betiere, noski, gaur egun egiten ditugun jarduerek bihar errentagarritasun sozial eta ekonomikoa izan dezaten. Baliabide horiek erabili ondoren, gizarteak ebaluatu egiten gaitu, aztertu egiten gaitu, eta egia da, orain arte, emaitzek baieztatu egin dutela Euskal Herriko Unibertsitateak egin duen lanaren balioa.

Unibertsitatearen eta gure herriaren etorkizunerako funtsezkoa den une batean gaude. Unibertsitatearen autonomiak ez digu gizarteari bizkar emanda jokatzeko baimenik ematen, ez eta herri-erakundeak arautzen dituzten kontrol-eskakizunetatik salbuesten ere, baina horri esker, jakina, barne-autonomiaz jokatzen dugu, eskatu zaigun eginkizuna ahalik eta modu eraginkorrenean egiteko eta, horrela, gizartearen beharrei erantzuteko. Ezinbestekoa baita balia- bide publikoak erabiltzeagatik kontuak ematea eta, aldi berean, egoera zehatzetara egokitzeko beharrezko autonomia izatea. Zentzu horretan, ezin gara aurrez finkatutako errezeten muga hertsietara egokitu: unibertsitate guztiak ez dira berdinak, denek ez dute ibilbide berbera, denak ez daude toki berean. Kudeaketa-ereduek, beraz, originalak izan behar dute, irudimentsuak eta gizarte-errealitatera egokituak.

UPV/EHUn lankidetzan dihardugu, talde-lanean oinarritzen gara. Ezin da prestakuntzan eta ikerketan aritzen den erakunde bat ulertu lankidetzarik gabe. Horregatik, garrantzitsua da akordio zabaletatik lan egitea, eta helburu komunak dituzten proiektuak lantzea; unibertsitate-kidego guztiak bere sentitzen dituen proiektuak, hain zuzen. Barnean, baliabideak jasotzean erabili diren joko-arau berberak erabiltzen ditugu baliabide horiek banatzeko: helburuak ezarri eta emaitzen kontuak eman. Azken urteetan, normaltasun akademikoa nagusitu da: prestatu, ikertu, transferitu eta baliabideak kudeatu, ahalik eta adostasun zabalenaren eta gizarte-errendimendu ahalik eta handienaren arteko oreka zail hori mantenduz. Hori da gure egunerokotasuna. Uste sendoa dut akordioaren balioak etorkizuneko interes handienak sortzen dituela beti. Unibertsitate baten aurrerabidea, zeinahi erakunderena bezala, proiektu komunarekiko kide guztiek duten uste osoan eta atxikimenduan oinarrituz eraikitzen da. Unibertsitate-kidego osoaren lanari esker, gaur egun unibertsitate modernoa, ikertzailea gara, eta normaltasun akademikoak gure egunerokotasuna kutsatzen du, kudeaketa garden eta zorrotz batekin.

Beharbada baten batek pentsa lezake astiro egiten dugula aurrera, baina, egiaz, gurea bezalako erakunde zabal eta konplexu bati dagozkion erritmoen arabera mugitzen gara. Izan ere, unibertsitatea, barruan eta kanpoan sendotu den erakundea da, eta harro dago duela 75 urte, une larrietan, Universidad Vasca-Euzko Irakastola Nagusia sortu zutenen ametsa egia bihurtu delako, gaur egun unibertsitate-proiektu haren oinordeko sentitzen baikara, gurea ere, hura bezala, bere lurrean sustraituta dagoen unibertsitatea delako, mundura irekia eta onenen artean egoteko lehian jarduten duena.

Horregatik, gaur egun, bestelako testuinguru batean, baina berriz ere egoera larri batean, gure posizio akademikoa defenditzen dugu, politika partzialen eta uniformeen aurrean, lortzea horrenbeste kostatu zaiguna denbora laburrean suntsi baitezakete. Urte asko behar izaten dira harizti batez gozatzeko, baina oso denbora laburra aski da hura suntsitzeko.

Irmo jokatu behar dugu datozen urteetan Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomikoan dugun eginkizun erabakigarria gure gain hartzeko. Baina, gainera, aurrea hartu behar diogu. Prestakuntzak, ikerketak, berrikuntzak eta transferentziak etorkizunean izango dituzten beharrez pentsatzeko unea da orain, gaur hasi behar baitugu gerokoetarako gertatzen.

UPV/EHU unibertsitate publikoa baita: geurea da, zeurea da, zure ikaslea da, zure alaba da, zure irakaslea da, zure lurraldea da, zure jendea da. Azken batean, geroa da. Eta unibertsitatea geroa da, edo ez da. Uste sendo horretatik abiatuta, funtsezko une batean gaudela uste dugulako, ausardiaz eta irudimenez jokatu behar dugu, orainaldi gorabeheratsu batean, geroa begien bistatik galdu gabe; eta, horregatik, unibertsitate-kidegoari proposatzen diot, eta, haren eskutik, euskal gizarte osoari, proiektu honekin jarrai dezagun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo