GARA > Idatzia > Kultura

Idazle espetxeratuen nazioarteko egunak bere oihartzuna izango du lehen aldiz Donostian

Euskal PEN Klubak eta Ataramiñek bat egin dute, ostegunean Idazle Espetxeratuen Eguna lehen aldiz Euskal Herrian gogoratzeko. Irakurraldi sinbolikoa eta mahai-inguru bat egingo dira Donostian.

p041_f01_148x96.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Badira hiru hamarkadatik gora PEN Internationalek mundu osoko hiri ezberdinetan Idazle Espetxeratuen Eguna antolatzen duela, eta aurten lehen aldiz, Euskal Herrian ere bat egingo dute egun honekin. Euskal PEN Klubak eta Ataramiñe kultur elkarteak bi ekimen antolatu dituzte azaroaren 15erako, Donostiako Udalaren laguntzarekin.

Adierazpen askatasuna aldarrikatzeko helburuarekin, Bulebarrean «Letrak giltzapetik» deitu duten irakurraldia egingo da. 18.00etan hasita, ziega bat irudikatuko dute eta hogei bat kazetari, politikari eta eragilek barrutik irakurriko dituzte eurek aukeratutako idazle presoen testuak. Horien artean izango dira, besteak beste, Martin Anso («Egin» egunkariko langile ohien izenean), Martxelo Otamendi «Berria»-ko zuzendaria, Gorka Landaburu kazetaria, Eider Rodriguez idazlea, Fito Rodriguez idazle eta EHUko irakaslea, Arantza Zugasti «Noticias de Gipuzkoa»-ko zuzendaria eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea.

Ondoren, 19.30ean, mahai-ingurua izango da San Jeronimo kaleko udal liburutegiko sotoan, «Espetxeaz eta sorkuntzaz bi hitz» izenburupean, Laura Mintegik, Mitxel Sarasketak eta Fermin Munarrizek hartuko dute parte, Urtzi Urrutikoetxea Euskal PEN Klubeko ordezkariak gidatuta.

Donostiako udaletxean egindako aurkezpenean, Izagirrek gertuko kasuak izan zituen gogoan. «`Egin' eta `Egunkaria' itxi zituzten, eta gaur egun, hainbat kazetari kartzelan daude oraindik ere. Euskal PENeko zuzendaritzako Teresa Todak bost urte beteko ditu aurki espetxean, `Egin' egunkariko zuzendaritzan egindako lanagatik. Beste horrenbeste Jabier Salutregik eta `Egin'-eko beste hainbat kazetarik eta langilek», esan zuen.

Urrutikoetxeak ere, ildo beretik hitz egin zuen. Badira zortzi urte Euskal PEN sortu zela eta, europarrak izanik, «mundu zabalera eraman ditugu Euskal Herrian adierazpen askatasunak jasaten dituen erasoak: urte luzez, harrituta begiratu gaituzte Kolonbiatik Japoniara artean egin diren kongresuetan, Europatik joandako talde batek zelan ematen zuen bere herriko egoeraren berri. Hor ikusi ditugu hedabideen itxierak, atentatuak, kazetarien aurkako erasoak, jazarpenak, atxiloketak eta espetxeratzeak».

Ataramiñeko Oier Gonzalezek aurtengoan lau argitalpen egingo dituztela aurreratu zuen eta urteroko bilduman Teresa Todak parte hartu duela adierazi zuen.

Bost kasu adierazgarri

PEN Klubak Mexikon eta Turkian jarriko du aurten fokoa, azken herrialde honetan preso kurduak egiten ari diren gose greba gogorarazi zuen Urrutikoetxeak.

Londresko bulegoak ere, urtero bezala, bost kasu hautatu ditu aurtengo egunerako: Shiva Nazar Ahari (Iran), kazetari, idazle eta giza eskubideen aldeko ekintzalea, lau urteko espetxe zigorra ezarri zioten bere idazlanengatik eta jardunagatik; Ericson Acosta (Filipinak), poeta, kantari eta ekintzailea, epaiketarik gabe preso dago 2011tik, giza eskubideen eta ingurumenaren alde egin dituen idazlanekin lotutako karguekin; Regina Martinez (Mexiko), aldizkari bateko berriemailea, Veracruz estatuan hil zuten aurtengo apirilean, krimen antolatuari eta ustelkeriari buruzko lanengatik; Muharrem Erbey (Turkia), giza eskubideen aldeko abokatu kurdua, idazlea eta Giza Eskubideen Elkarteko (IHD) lehendakariordea, 2009ko abendutik dago preso Terrorismoaren Aurkako Legea dela eta; eta Eskinder Nega (Etiopia), kazetari eta blogaria, hemezortzi urteko espetxe zigorra jaso du, oso zalantzazkoak diren terrorismo salaketengatik, «argi eta garbi zigor gogorra eman nahi izan diote Gobernuak egindako giza eskubideen aurkako urraketen berri emateagatik».

International PENen baitan 130 talde biltzen dira eta azken urtean mundu osoan hil dituzten 30 idazle eta kazetari ere ekarriko dituzte gogora azaroaren 15eko ekimenetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo