GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aurrekontuaren erdia gizarte arloko gastuetara bideratuko du Gipuzkoak

Gipuzkoako Aldundiak atzo aurkeztu zuen hurrengo urteko ia 4 mila milioi euroko aurrekontu proiektua, iaz baino %1,67 txikiagoa. Departamentuetako aurrekontu propioa, berriz, 616 milioi eurokoa izango da, eta erdia politika sozialetara bideratzea da asmoa. Zorpetze maila mantendu egingo da.

p014_f01.jpg

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA

Datorren urteko aurrekontuen proiektua aurkeztu zuen atzo Gipuzkoako Aldundiak Donostian. Xehetasunez mintzatu aurretik, badira aintzat hartu beharreko pare bat datu orokor. Batetik, aurrekontu osoa, 3.987 milioi eurokoa izango dena, alegia, aurtengoa baino %1,67 txikiagoa. Bestetik, Departamentuetako aurrekontu propioari dagokiona. Aldundiak egin duen proposamena 616 milioi eurokoa da, hau da, aurten baino %2,67 gutxiago. Martin Garitano ahaldun nagusiak azpimarratu zuenez, kopuru honen ia erdia, zehazki %48,1, gizarte politikak garatzeko inbertituko da. Hala ere, ostiral honetan bertan departamentuz departamentu diputatu bakoitzak azalduko ditu bere sailarentzat aurreikusitako diru kopuruaren nondik norakoak.

Aurrekontuen diru sarreretan arreta jarri dutela argitu zuen Garitanok, eta hauek bi aldagairen arabera zehazten direla erantsi zuen. Lehenik eta behin, ekonomiak berak sortzen duen aberastasunak zerga bilketa baldintzatzen duela esan zuen, eta gaur egungo testuingurua aintzat hartuta, zerga bilketa ere gutxitu egiten dela ohartarazi zuen.

Bestetik, Aldunditik bultzatutako zerga erreformak jarri zituen mahai gainean, eta aurreikuspenen arabera, zuzeneko zergen pisua ia puntu bat igo dela adierazi zuen, zeharkako zergen kalterako. Bi aldagai horiek kontuan hartuta, Gipuzkoan %4,37 gehiago bilduko da.

Diru sarreren beste aldean kokatzen dira gastuak. Hauen inguruan, Garitanok «ezinbestekotzat» jo zuen zorpetzearen kontrola. Aurrekontu proposamenaren arabera, 58, 35 milioi euroko zorpetze berri batera joko da, eta 58,53 milioi euroko zorra amortizatuko da. Ildo horretan, «gutxiago eta hobeto» gastatzearen filosofian oinarrituko direla aurreratu zuen Helena Franco Ogasun eta Finantza diputatuak. Dagoeneko hartutako erabakietan, besteak beste, gastu politikoaren jaitsiera aipatu zuten; esaterako, ekintza ofizialetan eta protokoloan %50 murriztu da.

Gizarte politika eta errepideak

Arestian aipatu bezala, politika sozialetara bideratuko da diru kopururik handiena. Horren harira, bikoiztu egin dira pobreziaren aurkako laguntzak -2,4 milioi euro-, eta 10 milioi euro bideratuko dira Mendekotasun Legearen gainean Madrilgo Gobernuak ezarritako murrizketek ahalik eta kalterik txikiena eragiteko.

Departamentuen aurrekontuetan Mugikortasun eta Bide Azpiegiturak izango dira bigarren inbertsio puntu nagusia, aurrekontuaren %17,8rekin, alegia, 117,8 milioi eurorekin. Horietatik 39 errepide berriak eraikitzeko baliatuko dira, horien artean GI-636 errepideko (Beasain-Durango) azken zatia, Deskargari dagokiona.

Aurrekontuen proposamena azalduta, Aldundiak urtea amaitu aurretik onartua izatea espero du, eta horretarako kolaboraziorako dei egin zien gainerako alderdiei. Garitanok adierazi zuenez, bere gobernuak jarrera irekia du eta hitz egiteko eta entzuteko prest dago.

Batzarretan PPko bozeramaile den Juan Carlos Canok atzo bertan kritikatu zituen aurrekontuak eta Garitanori leporatu zion «bultzada eman beharrean gatibutasunaren alde» egin izana.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo