GARA > Idatzia > Kultura

Joxemari Carrere Ipuin kontalaria

Printze urdina

Behin printze urdinaren bila aritu nintzen ipuin tradizional klasikoetan. Klasikoak esaten denean Grimm anaiek eta Perrault-ek bildutakoak izan ohi dira. Hauek bildutako mordoaren artean bospasei baino ez dira aipatzen normalean, alegia, Marierrauskin, Edurne Zuri, Loti Ederra eta horiek.

Agian ez nuen behar den moduan begiratu, baina printze urdinaren arrastorik ez nuen topatu; bai printzeena jakina, ez ordea kolore horrez beztiturik. Ikusi izan dut bai, hainbat ilustrazioetan eta, noski, Disney faktoriaren marrazki bizidunetan. Beraz, nire buruari galdetu nion ipuin horiek kritikatzen direnean, eta soka luzatuz herri ipuin guztiak, ezagutzatik edo topikoetatik egiten ote den.

Ipuin tradizionalak egile ezagunik gabeko sormenak dira, denborarekin eboluzionatzen dutenak eta batez ere, kontatzailearen ahoan garatzen direnak. Ez dago munduan ipuinik kontatzen ez duen kulturarik. Kontalariak, agian hitza bera sortu zenetik, mundu ikuskera baten ezaugarriak narrazioen bitartez eskaintzen ari dira. Kontatzerakoan bizi duen jendartearen sinbologiak eta imajinarioaren parte izango da, bere baitan garatzen den mundu horrekiko ikuskera azalduz.

Ipuin tradizionala biziko da kontalariaren ahoan, eta jendeari eskaintzen dionean, esateko duena ipuinaren bitartez azalduko dio. Entzulearekiko joan-etorri horretan nolabaiteko dialektika fantastikoa eraikiko da. Ipuina harreman horretan tresna baino ez da izango. Ipuinak garaiekin garatzen joango dira kontalariaren baitan. Loti ederra kontalariaren ahoan esnatuko da. Printzea urdinez jantziko duen edo ortzadarraren koloreekin, bere erabakia izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo