«Orain deialdietan ez naiz sartzen, eta hori aldatzeko ahaleginetan ari naiz»
Futbolaria
Gaizka Saizar oiartzuarrak lehen denboraldia du Santanderren. Juan Carlos Unzue entrenatzaileak deituta joan zen Racing taldera, baina klubeko zuzendaritzak duen zurrunbiloan sartuta geratu da. Denboraldia hasi baino lehen entrenatzailea aldatu zuten, eta berriarekin lehen hiru partidak jokatu ondoren, deialdietatik desagertu egin da. Orain, lanean jarraitzea besterik ez zaio geratzen.
Jon LEUNDA
Gaizka Saizar gazterik atera zen etxetik. Antiguoko taldean aritu ostean, Sabadell taldeak eraman zuen, eta Espanyol B, Eibar, Nastic, Levante B, Ciudad de Murcia, Granada 74, Tenerife, Ponferradina eta Girona taldeetan aritu izan zen Racingera joan aurretik.
Apurka-apurka etxerako bidean al zatoz?
Horrelaxe tokatu da aurten. Urte asko daramazkit etxetik aparte, eta aurten asko gerturatu naiz, nahiz eta oraindik etxetik kanpo jarraitzen dudan. Dena dela, Santander gertu dago, eta libre daukadanean saiatzen naiz etxe aldera hurbiltzen.
Nolatan joan zara aurten Racing taldean jokatzera?
Juan Carlos Unzue zen hasiera batean Racingeko entrenatzailea. Berak deitu zidan, bere proiektua aurkeztu zidan, eta ni bertan izatea gustatuko litzaiokeela adierazi zidan. Niri bere proposamena asko gustatu zitzaidan, eta ez nuen joaterako garaian inolako zalantzarik izan. Gero, denboraldia hasi aurretik bota zuten, eta orain Fabri da gure entrenatzailea.
Jokatzen hasi zinen, baina orain deialdietatik ere desagertu egin zara. Zer gertatu da?
Lehen esan bezala, ni Unzuek ekarri ninduen, eta berak ekarritako jokalari gehienon egoera ere tankerakoa da. Hala ere, Fabrirekin jokatzen hasi nintzen, lehen hiru partidak jokatu nituen, eta ez dut uste gaizki egin nuenik, baina ordutik ez naiz deialdietan ere sartu. Orain niri tokatzen zait honi buelta ematea. Horretarako lanean jarraituko dut, entrenatzaileari nirekin ere kontatu dezakeela erakusteko.
Hemendik hilabete batera neguko merkatua zabalduko da. Lekuz aldatzeko asmorik bai?
Ikusiko dut gauzak nola doazen. Azkenean denoi gustatzen zaigu jokatzea, eta ez da inoren gustukoa deialdietatik kanpo geratzea. Oraindik beste hilabete eta erdi geratzen da merkatua zabaltzeko, eta tarte horretan gauzak berdin doazela ikusten baldin badut, orduan hasiko naiz zerbait pentsatzen. Eskaintzaren bat jasotzen baldin badut, eta hemen gauzak berdin jarraitzen baldin badute, aztertuko nuke irteteko aukera.
Instituzioak dituen arazo larri horiek zipriztintzen al zaituzte?
Ez, horrek guri ez digu eragin handiegirik egiten. Badakigu zer gertatzen ari den, egunero agertzen baitira berriak komunikabideetan, baina aldagelan ez dugu horretaz asko hitz egiten, eta guri ez digu asko eragiten. Udakoa bakarrik izan zen guri eragin ziguna, denboraldia hasi baino lehen entrenatzailea aldatzea.
Nola daude jarraitzaileak?
Gustura ez daude, baina hori oso normala da. Iaz Lehen Mailan zeuden, eta ustez aurten igotzeko faboritoetakoa zen, baina badakite talde barruan nolako arazoak izan diren, eta jokalariekin ez dira sartzen. Zuzendaritzarekin sartzen dira partidetan, eta azkenaldian emaitzak ere onegiak ez direnez, entrenatzailearekin ere hasi dira, baina gurekin lasai daude.
Kobratzerako garaian arazorik ba al daukazue?
Ez, alde horretatik oso lasai gaude. Taldea konkurtso legean sartuta dago, eta guk hilero-hilero kobratzen dugu. Alde horretatik lasaitasun handia daukagu.
Atzera begira jarrita, pasa dituzun talde pila kontuan hartuta, zeinekin geratuko zinateke?
Ez da erraza, ze nik ere tarteka atzera begiratzen dut, eta oso urte politak pasa izan ditudalakoan nago. Etxetik irten eta lehen urtea Sabadellen eman nuen, eta han euskal jokalari mordoa batu ginen. Oso denboraldi ona izan zen. Gero Espaynolen bigarren taldera joan nintzen, eta hura ere ederra izan zen, baita Eibarren pasatako biak ere. Orokorren oso gustura egon naiz egon naizen leku guztietan. Leku asko eta jende asko ezagutzeko, eta lagun pila bat egiteko balio izan dit futbolak, eta hori ere garrantzitsua da.
Etxera itzultzeko asmorik bai?
Etxera, futbola utzita ez behintzat. Oraindik ilusioarekin eta gogoarekin nago, eta urtero eskaintzak baditut, beraz oraindik jarraitzeko asmoarekin eta ilusioarekin nago. Etxe inguruko talderen batera joatea litekeena da, baina horretarako eskaintzak ikusi beharko dira, eta orduan erabaki. Urte asko daramatzat etxetik kanpo, eta behin honez gero aukerarik onenak hartzen jarraitu beharko dut. Aukerarik onena etxe inguruko talderen batean jokatzea baldin bada, hura hartuko dut, baina horri ez diot buelta gehiegirik ematen. Begira zenbat leku eta zenbat talde pasatu ditudan, eta gauzak dauden bezala, posible da oraindik leku berriak ere ezagutu behar izatea. Futbolak berak erakutsiko dit hori.