GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskararen oraina eta geroa aztertuko ditu Euskaltzaindiak Baionan

Idoia ERASO | BAIONA

Jagon Jardunaldiaren XVII. edizioa eginen da Baionan, Paueko eta Aturri Aldeko Unibertsitateko campusean, datorren ostiralean, azaroak 16. «Euskararen oraina eta geroa Ipar Euskal Herrian» goiburupean euskalgintzako eragile ezberdinak elkartuko ditu jardunaldiak.

Iragan urtean Araban ireki zen bideari jarraiki, gai bat jorratu beharrean, lurralde baten egoera aztertuko dute jardunaldian. «Euskalgintza bildu dugu eta elkarrekin sortu dugu egitaraua, denei hitza emateko», azaldu du Euskaltzaindiko Baionako arduradun Annie Etcheverryk.

Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko buru Sagrario Alemanek horrela azaldu du egitaraua: «V. Inkesta Soziolinguistikoaren datuen irakurketa egingo dugu. Euskara ez baita testuinguru isolatua, kultura ere landuko dugu. Diagnostikotik abiatuta ze hizkuntz politika beharko litzatekeen pentsatuko dugu ikuspegi ezberdinak bilduz. Arratsaldean bost esperientzia berezi aurkeztuko dituzte eta irakaskuntzaren gaia ere jorratuko dugu».

Jardunaldian bildutako ondorioak hurrengo urteko «Euskara» agerkarian argitaratuko dira. Horretaz gain, Euskaltzaindiaren webgunean ere mahai-inguruen eta hitzaldien laburpenak izanen dira. Bestelako ondorioak ere izatea espero du Alemanek: «Jardunaldian parte hartzen duten euskalgintzako talde hauek gero ere elkarrekin lanean aritzea espero dugu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo