Ezetsi egin dute Pilar Oteizak Oteiza Fundazioaren aurka jarri zuen demanda
Merkataritza-arloko auzitegiak ez du ikusi arrazoirik Oteiza Fundazioaren aurka jotzeko, eta zilegi jo du Oteizaren dokumentazioa eta obrak Interneten zabaltzeko egiten ari den lana. Epaia oraingoz ez da irmoa.
GARA | ALTZUZA
Madrilgo merkataritza-arloko 12. zenbakiko auzitegiak atzera bota du Pilar Oteiza San Jose andreak Jorge Oteiza Fundazio Museoaren kontra aurkeztutako demanda. Eskaera horren helburua zen Fundazioak bertan behera uztea artistak nafar herriari lagatako dokumentuak eta obrak Internet bidez zabaltzeko lana, zabalpen-lan horretarako erabilitako elementu eta euskarri guztiak suntsitzearekin batera.
Horrez gain, demandak eskatzen zuen Pilar Oteizari kalte-ordain bat ematea, artistaren obra zabaltzean eragindako ustezko ondare-kaltearengatik eta kalte moralengatik.
Oteizaren nahia
Epaia 2012ko urriaren 19an atera da argitara, eta berretsi egiten du Fundazioak bete egiten duela artistaren borondate bikoitza: batetik, obrak nafar herriaren esku segituko duela ziurtatuz; eta bestetik, artistaren legatuaren zabalkundea bermatuz, horixe baitzen Fundazioaren sorrerako xedea, Jorge Oteizak berak ere adierazia, hain zuzen honakoa esan zuenean: «Fundazioak zentzurik izango badu eta etorkizuneko arkitekto eta artista belaunaldi gazteentzako pizgarri izango bada, Estetikaren esparrutik ikerkuntza konparatuko lana sustatzen eta biziki bultzatzen duelako izan beharko da».
Ildo horretatik, epaiaren argudioetan azaltzen denaren arabera, «Oteizak onartu egin zuen, eta xedatu, Fundazioak bere literatur obra internet bidez zabaltzea, eta horretaz gain, borondate-adierazpen horren arrazoia eman zuen, azalduz bere iritziz, modalitate hori (internet) zela berak nahi zuen zabalkunde-maila ahalbidetzeko `modu bakarra'; zabalkundeak ez baitzuen nazio esparrura mugatu behar, nazioarte mailara heldu baizik».
Hamaika kontsulta
Beraz, epaiak ezezko erantzuna eman dio Fundazioak Internet bidez Oteizaren dokumentazioa eta obrak zabaltzearen kontra Pilar Oteizak aurkeztutako demandari. Hala ere, epaia oraindik ez da irmoa, auzi-jartzaileak apelatu egin baitezake.
Demanda 2011ko maiatzaren 10ean aurkeztu zuen Pilar Oteizak; hain zuzen ere, 2011ko martxoaren 31tik aurrera Fundazioak 44.000 dokumentu-erregistro inguru plazaratu eta erabiltzaileentzat eskuragarri jarri zituen www.museooteiza.org webgunearen bidez -eta horien artean 9.000 dokumentu original-; webguneak 20.834 kontsulta izan ditu guztira.
«Oteizak onartu egin zuen, eta xedatu, Fundazioak bere literatur obra Internet bidez zabaltzea, bere iritziz, Internet zen berak nahi zuen zabalkunde-maila ahalbidetzeko `modu bakarra'».