Kontrol telematikoa euskal kulturaren gunean
Olaso Dorrea, Telesforo Monzonen sortetxea, Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiaren behin betiko egoitza da. Horren berri emateko egin zuten prentsaurrekoan euskal kultura sustatu eta euskara suspertzeko konpromisoa duen erakunde horren presidente Jesus M. Ugalde, Akademiako ohorezko presidente Pedro Miguel Etxenike, Kutxako Gizarte Ekintzako zuzendari Carlos Ruiz eta Olaso Dorreko Fundazioko presidente Jose Luis Elkoro zeuden. Prentsaurrekoa normaltasunez gertatu zen. Olaso Dorreko Fundazioari eskerrak eman zizkioten, baita Kutxari eta Gipuzkoako Aldundiari beren laguntzagatik... Hala ere, normaltasun horretan bazegoen askok erreparatu ez zioten anormaltasun bat. Prentsaurrekoan parte hartu zuten lagunetako baten orkatila kontrol telematiko batek besarkatzen zuen. Izan ere, prentsaurreko hartan 77 urteko preso politiko bat zegoen, Jose Luis Elkoro, gaixotasun larria duena. Ordubeteren buruan etxera itzuli behar zuen, ezarrita dituen kontrol neurri zorrotzak direla eta. Euskal kulturak bildutako lagun haien artean zegoen eskuturreko telematikoa adierazgarria da, herri honetan horrelako anormaltasunak, zoritxarrez, ohikoak diren arren. Nolanahi ere, Madrilen begietan hain arriskutsua den gizon hori ondo ezaguna da Euskal Herrian, eta ez arriskugarria delako, hain zuzen, Madrilen kontrolpetik askatzeko egin duen lan eskergagatik baizik.