GARA > Idatzia > Ekonomia

Nazioartean diharduten enpresei hizkuntza planak garatzen laguntzen die Elhuyarrek

p032_f02.jpg

Iraia OIARZABAL | DONOSTIA

«Erosi edozein hizkuntzatan egin daiteke, baina saldu eroslearen hizkuntzan egin behar da». Andoni Sagarnaren aipu honekin ireki zuten atzo Donostian «Enpresak eta nazioarteratzea: nola kudeatu hizkuntza-aniztasuna» jardunaldia. Bertan, nazioartean lan egiten duten enpresetan hizkuntza aniztasuna bermatu beharraren garrantzia nabarmendu zuten eta bi enpresak, Tecnaliak eta Elay-k, arlo horretan duten esperientzia azaldu zuten.

Elhuyar taldeak, Tecnaliak eta Elay enpresak osatutako mahai-inguruan, Hizkuna proiektuaren nondik norakoen berri eman zuten. Enpresan kanpo eta barne harremanak sendotzeko egitasmoa da eta hizkuntza aniztasunaren kudeaketa du ardatz. Horretarako, Elhuyar taldearen aholkularitza jasotzen dute.

Idoia Aldekoa Elhuyarreko tenikariak azaldutakoaren arabera, nazioartean lan egiten duen enpresa batean testuinguruak berak eskatzen du hizkuntza aniztasuna.

Tecnaliarena adibide argia da, ia 1.500 langilerekin eta munduan barrena sakabanatutako 4.000 bezerorekin, ezinbestekoa du hizkuntza ugari menperatzea. Garapen Korporatiboko arduradun Ciara O'Higgingsek azaldu zuenez, zortzi talde korporatibotan eta herrialde ezberdinetan banatuta dago Tecnalia, beraz, barne harremanetan ere hizkuntza aniztasuna bermatu behar dute.

Elayk Antzuolan dauka egoitza nagusia, baina beste herrialde batzuetan dituen lantegiekin harremanak izateko hizkuntza gehiago ezagutzeko beharra ikusi zuen eta Elhuyarren Hizkuna proiektura jo zuen.

Bi enpresek emandako pausoaren garrantziaz ohartarazi zuten eta negozioa eraginkorrago egiteko beharrezkotzat jo zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo