GARA > Idatzia > Euskal Herria

Erabakitzeko eskubideari bultzada eman dio Bilbon jende ezagun ugarik

p016_f02.jpg

Mikel PASTOR | BILBO

«Gazta zati bat» filma aurkeztu zuen atzo Bilbon, lanaren zuzendari Jon Maiak, euskal kultura, politika eta gizarteko aurpegi ezagunek lagunduta; horien artean ziren Javier Vizcaino, Jose Maria Arrate, Tasio Erkizia, Leire Pinedo eta Lutxo Egia, besteren artean. Ikus daitekeenez, gizarteko ordezkari ugariez gain, alderdi ezberdinetako kideak izan ziren, EAJkoak eta ezker abertzalekoak, besteak beste.

Aurkezpenean, Jon Maiak, filmaren zuzendari eta gidoilariak, erabakitze eskubideari buruzko mintzaldia egin zuen. Azaldu zuenez, eskubide hori «naturaltasunez» erabili beharko litzateke edozein herrialdetan, bere esanetan, finean «bakoitzak dagokion etorkizuna erabakitzea baino ariketa demokratiko sakonagorik ez baitago. Bide horretan doa dokumentala, gurean sortu den ilusio olatua erabili nahi du, erabakitze eskubideari buruz inolako trabarik gabe hitz egiteko», nabarmendu zuen Maiak.

Erabakitzeko eskubideari zor zaion errespetu horren eredutzat jarri zuen Eskozia. «Eskozian, guztiz onartuta dago erabakitze eskubidea oinarrizko giza eskubidea dela, eta naturaltasun osoz hitz egiten da hari buruz. Are gehiago, independentziaren kontra dauden alderdiak ere, unionistek, ez dute dudan jartzen Eskoziako herriak bere etorkizuna erabaki behar duela», esan zuen Maiak.

Bide horretan «hemen PSE edo PPko kideak ikusi» nahi lituzkeela esan zuen zuzendariak, baina «oraingoz, zoritxarrez, ezinezkoa da». Jon Maia, hala ere, baikor agertu zen: «Egoera honi laster buelta emango diogula ziur nago. Epe laburrera, alderdiek erabakitzeko eskubidea egon badagoela onartu eta errespetatuko dute, lehenago edo beranduago».

Horretarako, ezinbesteko ikusten du «gizarteak lubaki mentalak alde batera uztea, eta denok batera lan egitea; hau da, iniziatiba hartzea, alderdi politikoetatik haratago, giza mugimendua sortuz».

«Euskal Herrian izan dugun gatazka armatuak lokaztu egin du erabakitze eskubidearen berezko nortasuna. Orain, eskubide hori lokatzetik atera, garbitu eta gizarteratu behar da, naturaltasun osoz», nabarmendu zuten ekitaldian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo