GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

Geure ipurdi biluziak

Bizitza amaitzear denean, ordura arte bizitakoak begien aurretik pasatzen omen dira film baten antzera. Ohean etzan eta iluntasunaren nora ezari begira hilik irudikatu nuen neure burua halako batean. Isiltasunaren menpe, zuzendari lanetan jardun nuen, oroimenak oraindik traiziorik egin ez didan momentu horien aukeraketa zehatza egiten. Nire film propioa egiten saiatu nintzen, autokontsumorako proiekzio intimoan. Hiltzeko ordua ez zitzaidan oraino iritsi, ordea, eta goizaldean loak hartu ninduen, filmik gabe, proiekziorik gabe. Zorionekoa ni.

Gosaldu nituen goizero bezala kafesnea eta gailetak, mugikorretik Twitterra eta egunkarietako edizio digitalak begiztatzen nituen bitartean. Patxi Lopezen argazkiari begira eman nion kafeari azken tragoa. Amaia Egañaren suizidioak sortu zion saminaz hitz egiten zuen halako batek, jendearen bizitzekin era horretan jolasterik ez zegoela ere azpimarratzen zuen, lagun handia zela, eta mina zerien hitzek laburbiltzen zuten albistea.

Mina zerien ziur asko ere Amaia Egañaren azken fotogramei. Hark, gordin samarra badirudi ere, amaiera posibleak irudikatu zituen azken ebazpenaren aurretik. Egoerak bultzatuta erabaki zuen bere buruaz beste egitea. Egoeren menpe hartzen ditugu guk geuk ere, edonork, hartu beharreko erabakiak. Inor ez da libre egunotan.

Baina suizidioaz harago, inguruak ematen du gehiago gogoetarako aukera. Lopezek berak urtean 50.000 euroko bizi osorako soldata izango du lau urtez lehendakari izan delako eta Madrilen erabakitzen dira, boterez botere jauzika dabiltzanen artean, desjabetzeen inguruko neurriek zenbateraino salbatuko dituzten geure ipurdi biluziak. Erantzukizunak edo errudunak bilatu baino gehiago, etorkizuna ekonomikoki arriskutik kanpo daukaten horien gogoetara heldu nahi nuke. Azken batean, zurrunbilo berean gira eta buelta gabiltzan taldea gara, nahiz eta batzuek paraxutarekin lur hartzeko aukera izango duten, egunen batean airerik gabe geratzen badira. Baina horiena ekoiztetxe handien kasua da, izar handiena, izartuta jaio zirenena. Gu, oraindik ere, zinema alternatibokoak gara. [@arianekamio]

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo