GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Betaurrekoetan idatzia

AEBetako hauteskundeetan batzuetan eskergarria eta besteetan aspergarria egiten den hiperpertsonalizazio horren ifrentzua gertatzen da Txinako Alderdi Komunistaren agintari kontuetan

Obamari beste lau urte geratzen zaizkio ahal duena egiteko, eta hari boza eman dioten hirurogei milioi estatubatuarrei, beste horrenbeste, egin dutenaz berriro damutzeko, dut susmoa. Eta bigarren potentziaz arduratzeko txanda etorri da jarraian, kasualitatezkoa ez dirudien segizioan. Beijingen amaitzear den 18. Kongresuko kideek, beraz, Hu Jintaoren agurreko hitzaldi igargarria entzun baino lehen ere, bazekiten zein izango duten aurrean/ aurka datozen lau urte horietan. Bada zerbait.

Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeetan batzuetan eskergarria eta besteetan aspergarria egiten den hiperpertsonalizazio horren ifrentzua gertatzen da, ordea, Txinako Alderdi Komunistaren agintari kontuetan. Informazioaren eskasiagatik-edo, halakoen artean bereizketak egitea zaila da nonbait, eta haietako bakoitzaren ikuspuntu zehatzak ezagutzea ezinezkoa denez, asmatzaile/azti kasta moduko baten iragarpenetara adi ipini behar izaten dugu jakingura dugunean. Garai bateko kremlinologoen hutsunea betetzen digute egungo sinologoek, titulu bertsuekin.

«Jakituria» iturri horretakoa da egun hauetan Xi Jinping goraltxatuaren profil gehientsuenetan bolo-bolo errepikatu dena: Taizi edo «printze gorrietako» bat dela, Xi Zhongxun bere aita jada alderdiko eta Estatuko arduradun gorenetakoa izan zelako. Ez dakit iritzi berekoa izango ote litzatekeen hura, bizi balitz, Liu Zhidanen biografiaren aferagatik 1962an purgatu zutenez geroztik ez baitzen ondorengo berrogei urteetan lehen mailako erantzukizunetara itzuli.

Korapiloa, halere, areagotu egiten da horrelako taxonomiak analisi «sakonagoen» abiapuntu bihurtzen direnean. Adibidez, Brookings Institutioneko Chen Lik urteak daramatza esanez -eta egun hauetan berresan du, noski- Txinako Alderdi Komunistaren gorenean bi talde elkartzen eta kontrajartzen direla: alde batetik, aipatu taizi-en alderdia, hau da, iraganeko buruzagien oinordekoak, unibertsitate onenetan eta atzerrian heziak, elitistak, kostaldeko probintzia aberatsenetan ardurak eduki dituztenak, erreforma ekonomiko eta politikoen aldekoak... eta, bestetik, tuanpai-ak, hots, Gazteriaren Ligan politikoki heziak, familia apaletatik datozenak, formakuntza arruntagokoak, populistak, barnealdeko probintzia pobreenetan zailduak, kontserbadoreak... 18. Kongresuak, bide batez, bi fakzio horien arteko indar oreka zein izango den jakiteko balioko luke, soilik.

Aintzakotzat hartzeko tesia litzateke... edozein kasu zehatzekin alderatutakoan porrot egingo ez balu. Bo Xilai eraitsiaren kasuan, urrutirago joan gabe: Bosgarren Belaunaldiko izangaietan «printzeena» zatekeen Bo Yiboren semea; baina, aldi berean, haren sen populista eta kontserbadorea ospetsua zen Txina barnean nahiz kanpoan... eta Chengdun zebilen azkenaldian, kostaldeko oparotasunetatik urruti samar. Eta beste askoren kasuan, halatsu. Teoria dotorea eta biribila izan daiteke, baina errealitate gorabeheratsua jasotzeko ez du balio.

Edota txinatarrek esango luketen moduan: betaurrekoetan idatzita daramazuna irakurtzeak nekez lagunduko dizu non zabiltzan asmatzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo