GARA > Idatzia > Mundua

Legez kanpoko deus ere ez duela egin esan du Dirceuk, kartzela zigorra jaso ostean

Legez kanpoko deus ere ez duela egin adierazi zuen Jose Dirceuk, Luiz Inacio Lula da Silvaren Presidentetza ministro ohiak. Auzitegi Gorenak ia hamaika urteko kartzela zigorra ezarri dio ustelkeriagatik.
p025_f01_148x092.jpg

GARA| SAO PAULO

Brasilgo Auzitegi Gorenak hamar urte eta hamaika hilabeteko kartzela zigorra eta 350.000 dolarreko isuna ezarri dio Jose Dirceuri, ustelkeriagatik. 66 urteko abokatu eta gerrillari ohia, Luiz Inacio Lula da Silvaren lehen gobernuan Presidentetza ministroa izan zen 2003tik 2005era. Langileen Alderdia (PT) sortu zuen Lularekin batera.

«PTn eta Gobernuan zituen karguez baliatu zen. Bere ardura izugarri handia da», adierazi zuen Joaquim Barbosa epaileak. Dirceuz gain, PTren presidente ohi Jose Genoino ere zigortu dute. Sei urteko kartzela zigorra eta 234.000 dolarreko isuna jarri diote legebiltzarkideen botoen erosketan parte hartzeagatik.

Dirceuk bere aurkako kargu guztiak ukatzen ditu bere blogean «Epai bidegabea» izenburuarekin argitaraturiko gutunean.

«Sekula ez dut legez kanpoko deus ere egin, ez PTko zuzendari gisa, ezta Estatuko ministro bezala ere. Errugabea naiz. Diputatuen Ganberak kargugabetu ninduen eta orain frogarik gabe zigortu naute», plazaratzen du. Prozesua hedabideen «presiopean» egin dela salatzen du. Beraren hitzetan, epaiketa apropos egin zuten udal hauteskundeekin batera «PTren emaitzak kaltetzeko asmoarekin».

«Ez naiz isilduko eta ez naiz konforme geldituko ezarri didaten epai bidegabearekin. Borrokatzen jarraituko dut zigorra betetzen dudanean ere. Nire bizitza osoa Brasilen, demokraziaren eta PTren alde lanean eman dut», nabarmentzen du.

Denera, 37 pertsona epaitu zituzten. Horietatik, 25 erruduntzat jo ditu Gorenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo