ERREPORTAJEA Gomazko paleta
Euskal pilota egokitua ezagutzeko aukera ona Usurbilen
Jaialdia antolatu dute, Mikel eta Fernando Goñi tartean, gurpildun aulkiak erosi ahal izateko.
Asier AIESTARAN
Jendartean saskibaloi egokitua edota atletismo egokitua askoz ezagunagoak diren arren, euskal pilotan ere badabil jo eta ke hainbat ezintasun fisikori aurre egin eta pilotan aritzea posible dela erakutsi nahi duenik. Zehazki, Usurbilgo Pagazpe pilota elkartea da lan horretan buru-belarri dabilena eta datorren larunbaterako jaialdi bat antolatu dute, horren garestiak diren gurpildun aulkiak -3.500 euro inguru balio du bakoitzak- erosi ahal izateko sos batzuk ateratze aldera.
Ez da edonolako jaialdia izango, gomazko paletaz aritzen diren gurpildun aulkiko bikoteen arteko neurketez gain, desafio berezi bat ere antolatu baitute. Mikel Goñi pilotari ezaguna bakarka neurtuko da, eskuz, paletaz arituko den gurpildun aulkiko bikote baten aurka. Jaialdia 18.00etan hasiko da, sarrerak 5 euro soilik balioko du, eta eskuz binaka jokatuko den azken partidan Fernando Goñi atzelariak ere hartuko du parte.
«Mikel eta Fernando Goñiren parte hartzearen zergatia Zubietan sortu zen. Erakustaldi bat egitera joan ginen bertara eta ondoren beraiek jokatzen zuten. Gure pilotariek galdetu zieten ea prest egongo liratekeen Usurbil aldera inguratu eta beraiekin jokatzeko. Haiek baietz erantzun zuten eta hortxe hasi zen dena. Helburua bikoitza da, gure lana ezagutzera ematea batetik, nahiz eta Usurbilgo herritar gehienek ezagutzen gaituzten, eta sos batzuk ateratzea, jadanik zortzi pilotari ditugulako eta denentzat gurpildun aulkiak ez dauzkagulako. Espero dugu jendeak ongi erantzutea, ziur gaudelako ikuskizuna gustatuko zaiela», azaldu digu jaialdiari buruz Oidui Usabiagak, Usurbilgo pilota elkarteko kideak.
Zazpi urteko ibilbidea
Euskal pilota egokitua orain dela zazpi urte hasi zen lehen urratsak egiten Usurbilen, bi pilotari eta entrenatzaile batekin, baina gaur egun hamar bat kirolari badabiltza ekinean. «Ezagun bat etorri zitzaidan esanez bere senide bat gurpildun aulkian geratu zela eta ea pilotan jokatzeko moduren bat ba ote zegoen. Nik banuen beste lagun bat gurpildun aulkian zebilena, eta pixkanaka hasi ginen aukerak aztertzen. Prozesua oso geldoa izan da, pixkanaka joan gara probak egiten, gehiago ikasten, arauak egokitzen beraien sentsazioen arabera, materiala ere egokitzen, pilotak, palak... Denetik probatu dugu. Eta egokitzen joan garen moduan, taldea ere egonkortzen joan da», kontatu du Usabiagak.
Egokitzapen prozesuan, bi aldaketa dira garrantzitsuenak, bi bote onartzen dituen araua -tenis egokituan erabiltzen dena- eta materialaren aukeraketa -pilotarien beharretara egokitzen dena-. «Guk erabiltzen dugun pilota gomazkoa da, frontenisekoaren antzekoa, baina `pintxatua' esaten dena, hau da, aire presio gutxiago duena eta, beraz, bote txikiagoa».
Usabiagaren hitzetan, ordea, ez da erraza izaten materialarekin asmatzea. «Egokitzapen hori kostatzen ari zaigu oraindik ere. Pilota horia edo txuria, gaur egungo pilotalekuetan ongi ikusiko dena eta beraientzako egokia dena, ez da erraza aurkitzen. Oso zaila da. Baina guk tenisa hartu genuen erreferentzia modura, tenisean ere bi boteko araua erabiltzen delako, eta hortik jo genuen. Eta gurpil-aulkiei dagokienez, saskibaloikoen antzekoak dira, baina ez daukate `parachoque' hori, eta orduan arinagoak dira. Norabide aldaketak egiteko berdin-berdin balio dute. Esperientzia bezala zerotik hasi gara euskal pilotan, baina beste kiroletako erreferentziak lagungarri izan dira».
Lehen txapelketa ere bai
Hala ere, eta pausoz pauso bidea eginez, iazko denboraldian aurreneko aldiz Gipuzkoako Txapelketa antolatzea ere lortu zuten. «Esperientzia oso polita izan zen. Inoiz egin gabe geunden, pilotariak herri ezberdinetakoak dira, mobilizatzea eta instalakuntza egoki bat aurkitzea ez zen erraza. Baina pilotarien jaioterriak erreferentziatzat hartu eta saiatu ginen partidak bertan antolatzen. Txapelketa polita izan zen, hori bai, hiru bikoterekin eta poliki-poliki. Errotazio sistema bat erabili genuen, hiru aurrelari eta hiru atzelari jarri eta beraien artean konbinatzen joan. Denek denekin jokatu zuten eta lehiaketa aurrera atera zen lehenengo aldiz», gogoratu du harro Oidui Usabiagak.
Ibilbide horretan oso garrantzitsua izan omen da Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioaren laguntza. «Denean lagundu digute, gurpildun aulkiak lortzetik eta uztetik, bestelako sentsibilizazio kanpaina asko antolatzeraino. Horrela lortu dugu gero eta jende gehiago erakartzea, ezintasun ezberdinak dituztenak: hanka bat moztua dutenetatik hasi eta medulan zein gorputzeko beste atalen batean arazoak tarteko ezintasun larriagoaren bat duten pertsonetaraino».
Beraz, dei egiten diete ezintasunen bat duten pertsona guztiei pilota proba dezaten: «Gurekin dabiltzan pertsona gehienak beste kirolen bat egiten dute, alde horretatik oso konbinagarriak dira. Eta beste zenbaitek pentsatzen du ez dela gai izango pilotan aritzeko, baina entrenamendu saio batera joatea nahikoa dute gai direla ikusteko». Zalantzan dagoenak larunbatean du aukera paregabea.