GARA > Idatzia > Kultura

Euskadi Literatura Sariak, sortzen jarraitzeko pultsua

Euskadi Literatura Sarien zortzi kategorietako bederatzi aukeratuek atzo jaso zuten saria Bilboko Bizkaia aretoan egindako ekitaldian. Esker onez gain, garai zailetan kultura eta literatura aintzat hartzeko eskariak izan ziren, baita «gu geure istorioen jabe izateko» deialdiak ere. Kultura Sailaren lana azpimarratu zuen Blanca Urgellek, agur kutsuko hitzekin.

p047_f01_250x139.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Azken urteetan ez bezala, ikusmin handiegirik gabe banatu zituen atzo Bilbon Lakuako Gobernuak aurtengo Euskadi Literatura Sariak. Despedida kutsua izan zuten Blanca Urgellen azken hitzek. Bera buru izanda, Kultura Sailak egindako lana aldarrikatu zuen, «sortzaileak lagunduz eta sormen lana bultzatuz», esan zuen. «Artista berriak aintzakotzat hartuz eta daudenak errekonozituz, euren DNAri edo jatorriari begiratu gabe, euren lanean soilik oinarrituz», gaineratu zuen. Gogoratu behar da, ordea, iazkoan Joseba Sarrionandiari emandako sariarekin sortutako polemika liburuan ez, baizik eta idazlearekin zituzten desadostasunetan oinarritu zela. «Adiorik ez», esanez amaitu zituen bere hitzak.

Zortzi izan dira aurten saritu diren modalitateak eta irabazle guztiek Jose Ibarrolak egindako «Liburu nabigagarria» eskultura bana jaso zuten. Euskarazko literatura sailean, Harkaitz Canok (Lasarte, 1975) jaso zuen saria «Twist» (Susa) nobelarengatik. «Herri txiki batean bizitzeak baditu bere desabantailak, adibidez, nagiak kentzen hasterako mapatik ateratzen zarela. Herri txiki batek bestalde, baditu bere abantailak ere, adibidez, nagiak kentzen hasterako mapatik ateratzen zarela», esanez hasi zen bigarrenez jasotzen zuen saria eskertzen -2005ean ere eskuratu zuen-.

«Ikastolan erakutsi ziguten inken garaian, enperadore bakoitzak aurrekoaren kronista guztiak hil egiten zituela historia aldiro zerotik hasteko. Eta ikastolan erakutsi ziguten baita ere, `Historia' hitza, h-z idazten dela eta letra larriz, eta `istorio' hitza, berriz, h-rik gabe eta larriegi. Historiaren eta istorioaren arteko aldea, agerikoa da beraz. O bat bezain biribila eta H bat bezain mutua. Nork kontatzen gaitu gu ordea? Kontatzen du hark gurekin? Litekeena da, istorioa kontatzen duenak gurekin ez kontatzea. Horregatik, badaezpada, gure istorioen kargu egin beharko genuke, haiek istorio horiek biribilegi ez kontatzeko eta ezta mutuegi ere», kontatu zuen.

Euskarazko haur eta gazte literaturako saria Iban Zalduak (Donostia, 1966) jaso zuen «Azken garaipena» (Euskal Herriko Ikastolak) komiki lanarengatik. Julen Ribas marrazkilariari eskertu zion, bere laguntzarik gabe, «gidoia bera ez zelako berdina izango». Komikiek piztu omen zioten irakurzaletasuna: «Gurasoak konbentzitu nituen iluntasunak beldurra ematen zidala eta atetik pasiloko argi zirrikitu bat uzten zuten sartzen. Nik orduan manta azpitik komikiak ateratzen nituen, gero liburuak (...). Hori da literatura, pasilotik sartzen den argi izpi estu bat. To metafora!», bota zuen eta, gaztelerara pasatuz, bihar bere sindikatuak bat egin ez badu ere, greba egingo duela iragarri zuen.

Euskarazko literatura itzulpenaren saria Xabier Olarra (Tolosa, 1953) eta Arantzazu Royorentzat (Hernani, 1967) izan zen, Alaa Al Aswani egiptoarraren «Jakobian eraikina» (Igela) lanarengatik. Royok EIZIE elkartea eskertu zuen eta bezperan bertan egileak bidalitako hitzak irakurri zituen. Idazlearen saria dirua edo ospea ote den hausnartzen zuen: «Nire ustez saria da jendeak zure ideiak jasotzen dituela, zuk idatzitakoa irakurri eta ulertzen duela hainbat hizkuntzatan, eta zuk idatzi duzun horrek beharbada, jendearen pentsaera eta mundu ikuskera alda ditzakeela. Beraz, nire lanen itzulpenak sari handiak dira niretzat. 33 hizkuntzatara itzuli dira nire obrak eta poza hartu nuen euskara 34.a dela jakitean». Olarrak azaldu zuenez, berak askoz gehiago ikasi zuen Egiptori buruz liburu hau itzultzen, bertara egindako bidaietan baino.

Euskarazko saiakerari dagokionez, Inazio Mujikak (Donostia, 1963) jaso zuen «Xabier Lete (auto)biografia» (Alberdania) lanagatik, «beste batzuen lanaren gainean» egindako liburua, Mujikaren hitzetan, hainbat komunikabidetan Leteri egindako elkarrizketak hartu baititu oinarri. Hil aurretik esan omen zuen hark: «Amets bat badut, nahi nuke euskal gizarte ez dakit bateratu bat baina hurbilago bat, elkar errespetu handiagoarekin tratatuko duena. Euskal Herria eraikitzea». Mujikak honela esan zion: «Konplitu gabe joan zinen Xabier, gure esku dago ametsa betetzea. Xori kantazale ederra, non ote haiz kantatzen?».

Indefinitutako liburua

Gaztelerazko lanei dagokienez, narratibako atalean «Tangram» (Salto de página) lanak jaso zuen saria, Juan Carlos Marquez egileak esan zuenagatik, «indefinizioaren garaipenaren» erakusle. «Argitaratu genuenean, erreakzioek nolabaiteko hondoratzea eragin ziguten, batez ere editoreari. Jendeak ez zekien nola definitu, kontakizun bilduma moduan, nobela bezala...», esan zuen autoreak, bere baterako eta besterako bizitzaren isla idatzi duela ondorioztatuz.

Iban Barrenetxeak (Elgoibar, 1973), iaz ilustrazioaren modalitatean irabazi zuenak, sariak lanean jarraitzeko gogo eta aukera handiak ematen dizkiola esan zuen. «El cuento del Carpintero» (A buen paso) album ilustratuak arotz langile baten eta guztia txikitzen duen beste baten istorioa kontatzen du. «Bigarrenen tankerako asko ezagutu ditut eta eskerrak eman behar dizkiet liburuak idazteko materiala eskaintzeagatik, baina gehiago izan dira lehenengoaren antzekoak», esan zuen Barrenetxeak.

«La democracia del conocimiento» (Paidos) lana saritu zuten saiakera arloan. Daniel Innerarity (Bilbo, 1959) autoreak garrantzi berezia eman zion zalantzazko garai hauetan saiakerak idatzi eta irakurtzeari. «Filtro pertsonala egotea guztiz beharrezkoa da. Ea saiakera irakurle gehiago ditugun Euskadin, horrela hazi egingo baita iritzi ondu bat interesatzen zaien pertsona kopurua, epaitu aurretik irakurri nahi dutenak eta euren arduren jakitun direnak».

Bukatzeko, ilustrazio lan onena Sara Moranterentzat (Torrelavega, 1976) izan zen «La flor roja» (Nevsky Prospects) lanagatik. «Ilustrazioa konpartsa sinple modura kontsideratua izan da sarri edo liburu baten apaingarri bezala. Zenbaitek uste dugu ez dela horrela, liburuaren biriketako bat izan daitekeela eta horregatik da hain aberasgarria ilustrazioa horrelako sari batean errekonozitua izatea».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo