GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Josu Jimenez Maia Idazlea

Anton Abadia ere Baionan izan zen

On Anton Abadia xuberotarra, jaun argi eta euskara zale jakintsua, ez zegoen ziur agertzerik izanen ote zuen urriaren 12ko manifara; egun batzuk lehenago, Aurore Martin xuberotarra atxilo hartu eta guardia zibil espainolen esku utzi izanak akuilaturik, eginkizun zenbait bazter utzirik, Baionara joan zen. Eta han izan zen, euria izanagatik, lagunen eta ezezagunen artean.

Kontu jakina da, Hendaiako haren jauregiko hormetan, hainbat zulo eginarazi zuela Anton Abadiak, Larrungo tontorrari zuzendutako lente baten euskarri gisa; alabaina, esperimentu horrek porrot egin zuen, eta azken-aurreko zuloaren inguruan euskarazko hitz hauek zizelkarazi zituen: Ez ikusi, ez ikasi. Eta berak ikusi eta ikasi nahi zuen bertatik bertara Iparraldean preso eta iheslarien aldeko inoiz egindako deialdirik zabalena nola gauzatzen zen.

Ikusi eta ikasi egin zuen; ikusi zuen jende anitz eta anitza elkartu zela. Izan ere, lagun abertzale askorekin batera, PCFko eta SHARPeko kideen artean ibili baitzen ibilbidearen zati handi batez. Jende anitz, baiki; zubira helduta, Xipri Arbelbide idazleak erran zion: «Berandu heldu zarete, dena amaitu da-eta!». Eta egia zen; Saint Andre plazara heldu zenerako azken irrintziaren oihartzuna baizik ez zuen aditu, baina pozik eta uros gelditu zen; bai, egun zinez ederra, iragan den larunbatekoa.

Diotenez, Anton Abadia gero ibili zen Xilabaren finalean; eta hunkituta aditu zituen Odei Barroso gaztearen bertsoak: «Eta guzion kaltean/ ezin naiz egon bakean/ barnean utzi ditudan hoiek/ atera artean». Orobat, Emil Larrek erran zuelarik egun horretan ikasi zuela ez dela ez Iparralderik, ez Hegoalderik bertsolaritzan, irribarre egin zuen Anton Abadiak, berak ere ikusi eta ikasi duelako preso eta iheslarien aldeko sostenguan ere ez dagoela mugarik.

Anton Abadiaren armarrian «Izana eta ez izena» dago jasota; izena ez da garrantzitsuena, behar den orenean eta behar den tokian izatea da garrantzitsuena; horregatik izenen eta siglen gainetik presoen eta iheslarien eskubideen alde Anton Abadia ere Baionan izan zen.

Bai, Anton Abadia iragan larunbatean Baionan izan zen, eta berak errana dakit urtarrilaren 12ko manifara ere agertzeko asmo osoa duela; ontsalaz, Bilbokoa Baionakoa bezain anitza eta askotarikoa izanen da!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo