Ana Martin eta Patxi Agirre | Legazpi
Arazoa zaborra da
Azken garaiotan giroa nahasi dabilela-eta, gure ikuspuntua adierazi nahi dugu.
Munduan arazo larria dago sortzen ari garen zaborraren ondorioz, eta berandu baino lehen egoera bideratu beharra dago. Europatik datozen eta etorriko diren aginduak ere bide horretan doaz. Labur esanda, irtenbidea zaborra ez sortzea da, hau da, zero zaborreko egoerara iristea, baina horretara iritsi bitartean, gure esku dauden neurriak hartu beharko ditugu, konpondu ez, baina behintzat problema txikiagoa izan dadin. Arazoa ez da zaborra nola bildu, arazoa hainbeste zabor sortzea da. Eta gure ohiturak errotik aldatzen ez ditugun bitartean, zaborra gaika bereizi, eta berrerabili edo birziklatu beharko dugu, eta bide horretan probatu eta frogatu diren alternatiba eraginkorrenetakoa atez ateko bilketa da, datuek argi eta garbi erakusten dutenez.
Bosgarren edukiontziak ez dakar inolako aurrerapausorik zabor gutxiago sortzeari dagokionez, ez du birziklatzearen aldeko ekarpen esanguratsurik egiten, eta, aldiz, egoera bere horretan mantentzeko beste modu engainagarri bat baino ez da.