Aitziber Pz. KARKAMO Kazetaria
Demagun Said edo Hassan; lagun bat finean
Bortizki eraman zaituzte. «Bahiketa Gasteizen» izenburua jarri zion lagun batek jazotakoari eta ezin hobeto laburbildu. Zer egin ez dakitela geratu dira lagunak. Ezin zurekin hitz egin eta ezin gutunik igorri, zauden tokiak ez baitauka helbiderik.
Mapan kokatu daitekeen lekua izanik ere, hutsune bat ageri da koordenada horietan. Mahmud Darwish poetarekin gogoratu naiz. «Erbestean bizi naizenean nire lurra daramat nirekin. Aberrian bizi naizenean erbestea sentitzen dut nirekin. Justizia eza da erbestea».
Kontatu didate zurekin hitz egin zuten azken aldian ez zizutela ahots tristerik sumatu, amorru tonua baizik. Hori jakiteak lasaitu gaituela esango nuke. Ezintasun sentipena ekidinezina izanik, amorruari neurria hartua diozu eta aspaldi ikasi zenuen zuhurtziaz jokatzen. Boxeolaria zara eta hortaz, badakizu sentipenak nola bideratu.
Gogoan dut «Million Dollar Baby» ikustera joan gineneko gauean zer pentsatu eman zizutela filmeko zenbait pasartek. «Boxeoa errespetuan datza, zure errespetua bereganatzea eta kontrarioari kentzea». Egokitu zaizun ring honetan, baina, ez darabilte boxeo araurik eta errespetuaz ezer gutxi dakiten uniformedunak oldartu zaizkizu oharkabean. Gasteizko ring berde honetan, beltza lekuz kanpo dago eta xenofobia instituzionalaren araudiari jarraitzen zaio, Atzerritarren Legearen babesarekin.
«Boxeoa naturaren kontrakoa da», zioen filmak. «Eskuinerantz egiteko ezkerreko oina erabiltzen da eta ezkerrera jotzeko, eskuinekoa. Boxeoan dena aldrebes doa».