Aizkora Euskal Herriko Lehen Mailako finala
Otaegi: «Nazabal beste guztion gainetik dago»
Zizurkilgo aizkolariak pasa den urrian Gipuzkoako txapela jantzi zuen, eta igandeko final handirako ere faboritoen artean agertzen da, nahiz eta berak ez duen inondik inora ere bere burua horrela ikusten.
Jon LEUNDA
Joseba Otaegi izango da igandean Arbizun jokatuko den Euskal Herriko finala irabazteko faboritoetako bat. Gipuzkoako txapela jantzi zuen urrian, eta Euskal Herriko kanporaketan hirugarrena izan zen. «Sentsazio onak ditut, eta eguna iristeko gogoz nago», dio. Hori bai, ez du bere burua irabazteko faborito ikusten. «Nik uste dut bigarren postutik atzera borroka handia izango dela. Posible da bigarren geratzea, eta posible da azkena geratzea».
Izan ere, Floren Nazabal jotzen dute denek faboritotzat. «Nik garbi daukat koska bat edo bi gure gainetik dagoela. Ez dakit inoiz orain bezala ikusi dudan. Fresko dago, kolpe handia dauka, bizi dago, nerbioarekin, dena dauka. Kanporaketan alde handia kendu zigun, eta orain lana ezberdina izango den arren, nik garbi daukat bera dela faborito; eta ezer gertatu ezean, oso zaila izango da bera mendean hartzea», agertu du Otaegik.
Txapelketa hau hasi aurretik ere ez zeukala finalean sartu beste helbururik esaten du: «Nire lehen helburua finalean sartzea zen. Maila handia ikusten nuen, eta kanpoan geratzeko aukerak ere ikusten nituen. Beraz, asmoa horixe zen, eta azkenean lehen urratsa egin dut». Beraz, podiumean sartu gabe geratuko balitz ere, ez omen litzateke berarentzat inongo nahigaberik egongo. «Lehen esan bezala, finalean sartzeko asmoarekin atera nintzen, eta hori lortu dut. Orain finalean ahalik eta lanik onena egin nahi dut, nirea eman. Hori lortzen baldin badut, konforme geratuko naiz», nabarmendu du gipuzkoarrak.
Izan ere, lortu berri duen txapelak ilusio handia egin dio: «Sekulakoa. Han txapeldun handiak zeuden, Olasagasti edo Azurmendi, esaterako, eta hori lortzea handia izan zen, baita aurrera begira lanean jarraitzeko ere. Gainera, finalera nolako maila nuen ongi jakin gabe joan nintzen, udan ez ditudalako bakarkako erakustaldi asko egin, eta erreferentzi hori gabe joan nintzen, baina gauzak ongi atera ziren».
Gaur egungo aizkolariek lehengoek bezalako markak egiten ez dituztela esaten dutenak ere isilik egon beharrean direla uste du zizurkildarrak. «Beti esaten da orain egiten diren markak lehengoen aldean eskasak direla, baina ez dut uste horrela denik. Egia da hor izan direla urte batzuk ikaragarrizko maila zuten aizkolariak egon direna, baina hemen markak egiterako garaian egur onak ere beharrezkoak dira, eta azkenaldian egiten ari garen markak onak direla uste dut. Bai Euskal Herriko kanporaketan, Gipuzkoako finalean edo Euskal Herriko Bigarren Mailan egindako denborak oso onak direlakoan nago. Askok esaten zuten lehengo aizkolarien eta oraingoen artean lan berean ordu laurdeneko aldea bazegoela, baina ikusi da hori ez dela horrela», segurtatu du.
Otaegik, gainera, garbi dauka maila hori hobetzen ari dela, eta hemendik aurrera Euskal Herriko maila nagusian bertan egotea eta finaletan sartzea, balentria handia izango dela. «Lehen, kanporaketa baten aurretik bagenekien zein lau edo bost aizkolari sartuko ziren, alde handia kentzen zieten gainerakoei, baina orain ez dago horrelakorik. Tankerakoak garen gazte mordoa gabiltza, eta hemendik aurrera ez da erraza izango finaletan sartzea, ezta mailari eustea ere. Bigarren Mailatik ere bi gazte on etorri dira, eta bai Irazuk eta bai Erasunek, datorren urtean lanak emango dizkigute; eta oso berri ona da hori», dio.
Zizurkildarrak oso zaila ikusten du Nazabali txapela kentzea, eta gainerako aizkolarien artean, berriz, berdintasun handia iragartzen du.
Otaegi bezalaxe, gazte jendea indarrean dator, eta berak garbi ikusten du hemendik aurrera Lehen Mailan bertan egotea ere ez dela batere erraza izango.